Jack Ma-k hitz egiten duenean, denek jartzen dute arreta. Alibabaren sortzaileak inperio oso bat sortu du Txinako merkataritza elektronikoaren munduan, eta, herrikide dituengehienenek ez bezala, haren hitzek ez dute iagrotzen zuzentasun politikoaren galbaherik. Horregatik, Mak hitzaldi bat ematen duen aldiro, aretoak mukuru egoten dira, eta, mahai inguru batean parte hartzen duenean, ikusleek ez diete beste hizlariei erreparatzen, eta Mari egiten dizkiete galdera guztiak. Eta, noski, haren erantzun zintzoek bezain gordinek eztabaida handiak eragiten dituzte.
Sekulakoa izan da azkena. «Gaztea zarenean ez baduzu 996 lan egiten [goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara lan egitea, astean sei egunez], noiz egingo duzu? Uste al duzu harro egoteko modukoa dela inoiz 996 lan egin ez izana?», galdetu zuen enpresaburuak. Bilera pribatu batean egin zuen, baina jendaurrean zabaldu zuen Alibabak berak, WeChateko bere kontuan—Txinako Whatsapp—.
«996 ordutegia bedeinkapena da, nahiz eta enpresa eta langile asko ez diren ohartzen», jarraitu zuen Mak, eta argi utzi zuen zer espero duen Alibabako langileengandik. «Hemen lanean hasten bazara, prest izan behar duzu hamabi orduko lanaldietarako. Ez bazaude, zertarako zatoz Alibabara? Ez ditugu nahi zortzi orduko lanaldi eroso horien bila dabiltzanak».
Mak gidatzen duen enpresak agian pentsatu zuen hitzaldi horrekin indarra emango ziela bere langileei, baina, egiazki, eztabaida interesgarri bat sortu du Txinako lan baldintzei buruz. Lehenik eta behin, Mak txalotzen duen eredua Txinako legediaren aurka baitoa: zortzi ordu egunean, astean bost egunez. Hortik gorakoa aparteko ordu gisa zenbatu behar litzateke, eta %150 ordaindu aste barruko egunetan, %200 asteburuetan eta %300 beste jaiegunetan. Gainera, legeak dio egunean gehienez aparteko hiru ordu egin daitezkeela, eta hilean gehienez 36 ordu.
Ezohiko ñabardurak
Kritika oldearen ondoren, Mak ezohiko ñabardura batzuk egin behar izan zizkien bere hitzei. «Inork ez du gustuko enpresa batek 996 lan egitera derrigortzea. Ez da gizatiarra, ez da osasungarria, eta, epe luzera, ez da jasangarria. Gainera, ez du legeen, familiaren eta langileen oniritzia», idatzi zuen Mak Weiboren bere kontuan —Txinako Twitter—. «Baina zoratzen zaituen lan bat baduzu, 996 inoiz ez da arazo bat», nabarmendu zuen.
Baina askok argi utzi dute ez daudela beren borondatez halako lanaldi luzeekin, batez ere sektore teknologikoetan. Horrela, kodeak garatzeko GitHub plataforma kexuak biltzeko gune bilakatu da azken asteetan. Erabiltzaile asko hasi dira bere esperientziak han idazten, eta ehundik gora enpresa izendatu dituzte legeak finkatzen duena baino aparteko ordu gehiago egitera behartzeagatik eta egoki ez ordaintzeagatik —batzuetan, ez dituzte ordaindu ere egiten—. Besteak beste, noski, Alibaba.
Sektoreko langileen artean hainbesteko babesa jaso du GitHubek, ezen gida bat argitaratu baitu legea bete dadin. 996.icu du izena; ICU zainketa intentsiboetako unitatearen ingelesezko laburdura da (euskaraz, ZIU), han buka dezaketelako lanaldi luzeak egiten dituztenak. Gainera, 996aren aurkako zigilu bat sortu du, haren programak ezin erabil ditzaten lan legedia betetzen ez duten konpainiek. Oraingoz, gutxik esan dezakete harrotasunez legea zintzo betetzen dutela.
GitHuben softwarea erabili ezingo dutenetako bat da ZTE telekomunikazio eta sakelako telefonoen konpainia, Txinako handienetan bigarrena. GitHuben zerrenda beltzean ageri da, eta arrazoi guztiarekin. «Teorian, nik 08:30-17:30 ordutegia daukat, baina praktikan beti gauez ateratzen naiz lanetik. Eta asteburu askotan ere lan egin behar izaten dut», esan du izena gorde nahi duen langile batek. «Batzuetan bai ordaintzen dituzte aparteko orduak, baina arazoa da ia ez dugula denborarik bizitza pertsonalerako, badirelako hilabeteak aparteko ehun ordu egiten ditugunak». Antzeko istorioak dituzte sektore teknologikoko beste enpresa batzuetako langileek, baina inork ez du izenik eman nahi, zigorren beldur direlako.
Silicon Valley kopiatzen
«Europarroi kosta egiten zaigu gogor lan egitea. Txinan, badira asteburuetan edo ordu txikietan egin behar diren egunak. Ez da derrigorrezkoa, baina espero den zerbait da, eta, azkenean, lehentasuna enpresak izaten du, eta ez bizitza pribatuak». Horrela dioDavid Sanmartinek, OnePlus sakelako telefono egileko Europarako arduradunak. «Nik urtean sei eguneko oporraldia baizik ez dut. Start-up batean bezala egiten dugu lan, eta, enplegatu gehienak gazteak eta markaren jarraitzaileak direnez, lan asko egiten dugu», gaineratu du Eduardo Garinek. Iruindarra da, eta Xiaomiren produktuak homologatzen ditu nazioarteko merkatuetarako.
Edonola ere, Sanmartin eta Garin ados daude lanaldi luzeak ez direla berez Txinaren ezaugarriak, sektore teknologikoarenak baizik. Eta uste dute ez direla Asian sortu, Ozeano Barearen beste aldean baizik, Silicon Valleyn. Izatez, Txinako agintariek 996aren kontrako norabidean joan nahi dute. Lan kontziliazioa ahalbidetzen duen lanaldia eta, batez ere, aisialdian gastu gehiago egitea baimentzen duena bilatzen ari da Txinako Gobernua. Izan ere, hiru hamarkada eskasetan, bilakaera oso sakona izan du Txinak: batez ere nekazaritzatik bizi zen herrialde bat zen hura herrialde industrializatu bihurtu da, zerbitzuek BPGaren %50etik gora duen lurraldea izateraino. Eta horrek funtziona dezan, herritarrek astia behar dute denbora librerako.
Industrian, lehen ohikoak ziren aparteko orduak praktikoki desagertu egin dira. Hazkunde ekonomikoaren motelaldiari batu zaio AEBekiko merkataritza gerra, eta horrek lan karga txikitu du. Jakinda langile askok aparteko orduak behar dituztela bizimodu duin bat irabazteko, Txinako eskualdeetako agintariak gutxieneko soldata asko igo dute azkenaldian. «Helburua jada ez da langile merkeak izatea esportaziorako produktuak egiteko, baizik eta klase ertain indartsu bat sortzea, barne kontsumoari tira egin ahal izateko. Hori ekonomiarentzat ona da, baina baita Alderdi Komunistarentzat ere, legitimotasuna ematen baitu lemari eutsi ahal izateko», azaldu du Xu Binek, CEIBS China Europe International Business School-eko irakasleak.
Lanaldi amaigabeei oso zorrotz lotutako beste kontu bat da produktibitatearena. Sare sozialetan internauta batzuek nabarmendu dutenez, lanpostuan egotea eta langile ona izatea ez dira gauza bera. «Hemen, Japonian bezala gertatzen da. Jendeari beldurra ematen dio bulegotik nagusia baino lehen ateratzea. Goizago joateak enpresarekiko konpromiso txikiagoa erakusten duela dirudi, nahiz eta egokiena den atseden hartzea eta bizitzaz gozatzea, bai langilearentzat, baita ordaintzen dionarentzat ere», azaldu zuen GitHuben idatzi zutenetako batek.
Datuek arrazoi ematen diote. McKenzie aholkularitza enpresak 2017an kaleratutako txosten batek dioenez, Txinako langileen produktibitatea OCDEren batezbestekoaren %15 eta %30 artean dago. Hau da, gutxienez hiru langile txinatar behar dira gehien garaturiko herrialde batean lana egiteko. The Conference Board erakundeak, berriz, kalkulatu zuen Txinako langile batek AEBetako baten %19 bakarrik ekoizten duela. Iritzi horrekin bat egiten dute Txinan lan egiten duten euskal enpresaburuek ere. «Txinan, ingeniariek Euskadin bezainbeste kobratzen dute. Hala ere, Arrasaten batek egiten duena egiteko bi ingeniari behar ditut hemen», ziurtatu du autogintzako enpresa bateko kudeatzaileak —ez du izena eman nahi—.
Lo kuluxkak, lanean
Txinako enpresa batzuk badakite arazo bat dutela, eta lanaldia luzatu gabe produktibitatea handitzeko programa batzuk abian jartzen ari dira. Horien artean dago DeepBlue, adimen artifizialean aritzen den enpresa bat. Bere bulegoetan gelak atondu ditu langileek lo kuluxka egin dezaten, eta fitxaketa sistema biometrikoak jarri ditu langileek ez ditzaten behar baino lan ordu gehiago egin. «Ez ditugu langile nekatuak nahi, horrek azkenean etsipenera eramaten baititu, eta haien lanaren kalitatea txikitzen baitu. Talentuari eusteko modurik onena, soldata duina eskaintzeaz gain, lan baldintzak hobetzea da», ziurtatu du Chen Haibo DeepBlueko kontseilari ordezkariak.
Edonola ere, Chenek onartu du enpresa asko baliatzen ari direla ekonomiaren moteltzea beren langileak are gehiago estutzeko, eta lantaldeak ez handitzeko. Ezaguna da errezeta. «Lehen, langile mugimendu handia zegoen. Gazte askok sistema hori erabiltzen zuten beren lan baldintzak hobetzeko. Baina, gaur egu n, enpresaz enpresa ibiltzea gero eta zailagoa da, kontratazioak amildu egin baitira, eta kaleratzeak atezuan baitaude enpresa askotan», gehitu du Jeriel Tanek, Deep Blueko langileak. «Lehen aldiz, lepo zuriko langileak beren lanpostuak galtzeko beldurrezdaude, eta edozer gauza irensteko prest».
996, PIZTIAREN ZENBAKI BERRIA
Alibaba denda digitalaren sortzaile Jack Ma-k sareei su eman die azken asteetan, 996 kultura goretsi baitu: bederatzietatik bederatzietara lan egitea, asteko sei egunetan. Txinako Gobernuak, ordea, kontrako bidean joan nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu