82 kaleratuak berriz kontrata ditzala eskatu diote Aernnovari

Sindikatuek uste dute Embraerren bi fabrika erosi izana enpresaren egoera ekonomiko onaren adierazle dela. Zuzendaritzari egotzi diote izurria baliatu izana «deslokalizatzeko»

Aernnovak kaleraturiko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Andre Maria Zuriaren plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urtebete da Arabako Aernnova Aeroestructurasek enplegu erregulazioa abiatu zuenetik. Enpresak 82 langile kaleratu zituen Berantevillan duen lantegian (Araba), «arrazoi produktibo estrukturalak» zituela argudiatuta. ELA, LAB eta USO sindikatuek zuzendaritzari eskatu diote, ordea, atzera egin eta langile horiek «berehala» berriz hartzeko, enpresak ez duelako «arazo ekonomikorik».

Langileek eta sindikatuetako ordezkariek protesta egin dute Gasteizen. Izan ere, zain daude langileak, Espainiako Auzitegi Gorenak zer erabakiko. EAEko Auzitegi Nagusiak iazko apirilean ebatzi zuen kaleratzeak legezkoak zirela, baina langileek uste dute ez direla justifikatuak. Horregatik, helegitearen aldeko epaia espero dute. «Ekoizpena berreskuratu dugu, eta horrek argi eta garbi erakusten du krisia erabat koiunturala zela. Egoera horretan ezin da enplegu erregulazio bat egin langileak kaleratzeko», esan du Juan Carlos Gomez langile batzordeko ordezkariak (ELA). Madrilgo epaiketa hilaren 16an zen egitekoa, eta sindikatuek atzo jakin zuten hilabetez atzeratu dela.

Aernnovako langile batzordeak behin baino gehiagotan azaldu du enpresaren osasun ekonomikoa ona dela, eta uste dute gaur egungo egoerak hori bera berresten duela. «Denborak arrazoia eman digu», adierazi dute. Enpresak azken hilabeteetan harturiko bi erabaki erabili dituzte uste hori argudiatzeko: batetik, gogorarazi dute ITP Aero erosteko enkantean parte hartu zuela Aernnovak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin; eta, bestetik, 150 milioi euro ordaindu dituela berriki Embraerri Portugalen bi fabrika erosteko.

Langileen hitzetan, gertakari horiek erakusten dute enpresak ez duela arazo ekonomikorik, «ez orain, ez kaleratzeak egin zituenean». Eta zuzendaritzari egotzi diote pandemia baliatu nahi izatea enplegua «suntsitu, deslokalizatu eta prekarizatzeko». Izan ere, salatu dute azken urteetan ehunka lanpostu suntsitu dituela nola Arabako lantegian, hala Espainiako fabriketan, eta «baldintza okerragoak» dituzten beste fabrika batzuetara eraman dituztela haiek jaso ohi zituzten eskaerak. «Euskal Herrian eta Espainian bostehun lanpostu inguru suntsitu zituzten, justu orain Portugalen eskuratu dituztenak beste. Hori ezin da onartu», adierazi du Gomezek.

Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta gainerako erakunde publikoei ere deia egin diete; eskatu diete auzian «esku hartzeko», Araban aeronautika desagertu ez dadin. «Ezin dute jokatu ezer gertatuko ez balitz bezala». Izan ere, nabarmendu dute Aernnova hainbat erakunderen kapital publikoz sortu zela, eta azken urteetan diru laguntza ugari jaso dituela.

Gainera, langileek eta sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dute aeronautikaren sektoreak baduela etorkizuna. Nabarmendu dute krisiaren ostean osatzen ari dela aeronautika, eta hala berretsi dutela Aernnovak eta Airbusek ere. Frantziako aeronautika enpresa erraldoia da Aernnovaren bezero nagusia. Fuselajea muntatzen du, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.