7.500 euroko kalte ordaina ITPko langileei
ITP Aero PCBko langileak kalte moralengatik enpresari jarritako salaketa indibidualak irabazten ari dira. Langile batzordeak sare sozialen bitartez jakitera eman duenez, iragan astean lau langilek jaso zituzten epaiak, eta enpresak 7.500 euro ordaindu beharko dizkio bakoitzari. Guztira 70 dira salaketak, enpresak kaleratu asmo zituen ia langile guztiek eskatu baitituzte kalte moralak —83 ziren guztira—. 2020ko azaroan ITP Aerok lan erregulazio bat jarri zuen abian Sestaoko eta Barakaldoko fundizioetan (Bizkaia). EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, kaleratzeak baliogabeak zirela ebatzi zuen, eta, ondoren, Gorenak epai hori berretsi zuen aurtengo otsailean. Bi ebazpenen artean, 83 langileak etxean egon ziren soldata osoa kobratzen baina lanera joan gabe, zuzendaritzak sartzea debekatu zielako. Hilabeteak dira 83ak lanera itzuli zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu