62 pertsona hil ziren iaz lanean ari zirela, 2023an baino hiru gehiago

LABen zenbaketaren arabera, errepideak hamasei langileren heriotza eragin zuen 2024an. ELAk 64 hildako zenbatu ditu, horietako azkena Bilboko portuan hildako marinel bat.

 LAB, ESK, CGT, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen protesta bat lan istripuen aurka, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
LAB, ESK, CGT, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen protesta bat lan istripuen aurka, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 1a
15:00
Entzun

Bere txarrenean, egonkor jarraitzen du lanean hildakoen kopuruak. LAB sindikatuak bere webgunean egiten duen zenbaketaren arabera, 2024an 62 lagun hil ziren lanean ari zirela. 2023an baino hiru gehiago dira, baina 2022an baino zazpi gutxiago. ELAren arabera, berriz, 64 dira hildakoak, eta horietatik azkena, marinel bat, abenduaren 21ean zendu zen Bilbon, modu ez-traumatiko batean.

LABena zerrenda xehatua da, eta 2007an abiatzen da. Urte askoz gogorragoa izan zen hura lan osasunarentzat, sindikatu horrek lanean hildako 125 langile zenbatu zituelako. 2008an, berriz, 112 izan ziren. Eraikuntza bete-betean ari zen urte haietan, eta jakina da sektore horrek biltzen dituela istripu gehien, berez duen arriskuari batu izan zaiolako segurtasun arauak ez errespetatu izana.

Baina eraikuntza apaltzeak eta krisi ekonomikoak laneko istripuen jaitsiera handia ekarri zuen, eta 2013an eta 2014an jo zuen behea, 35 hildakorekin. Krisia arindu eta jarduera ekonomikoa suspertu zenean, berriro gora egin zuten istripuek, eta 2018ko (44) eta 2019ko (78) salbuespenak alde batera utzita (44), 50-70 artean egonkortu dira.

Eraikuntza eta garraioa dira berriro ere sektore larrienak laneko osasunari erreparatuz gero. 2023an sei garraiolari hil ziren, eta iaz 11 izan ziren, horiei batuz gero lan kontuengatik errepidean zirenak. Gainera, bost langile in itinere zendu dira, hau da, lanerako bidean edo lanetik etxerako bidean.

Errepidean gertatu diren istripuen artean ageri da irailaren 26an gertatutakoa, N-134 eta NA-123 errepideak elkartzen diren tokian, Lodosako lurretan (Nafarroa). Bi kamioik elkar jo zuten, eta, horren ondorioz, garraiolarietako bat hil egin zen; 54 urte zituen, eta gipuzkoarra zen, Errenteriakoa.

Lan osasuna
ELAren manifestazioa lan osasunaren nazioarteko egunean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

11 izan ziren, berriz, toki garai batetik erorita hildakoak. Horietatik gehienak eraikuntzan ari ziren, edo etxeen konponketa eta garbiketa lanetan ari ziren, baina izan ziren fabrika batean ari zirela jausitakoak ere.

Laneko heriotzen beste eragile handi bat kolpeak dira, makinek emandakoak edo eroritako materialak. LABen zenbaketaren arabera, hamabi zendu ziren iaz modu horretara, horietatik bi kamioiak kargatzen edo deskargatzen ari zirela.

Itsasoak hiru hildako utzi zituen 2023an —Lapurdin hondoratutako itsasontzi batean bi, eta beste bat Ondarroan—, eta beste bat iaz. Ezbeharra, berez, Kantabriako uretan gertatu zen (Espainia), baina hildakoa lapurtarra zen, Hunekin aski itsasontziko 56 urteko arrantzale bat.

Edonola ere, laneko heriotzen eragile nagusia ez dira istripuak, baizik eta ez-traumatikoak deitutakoak, hau da, bihotzeko baten, iktus baten eta halakoen ondorioz gertatutako heriotzak. 2022an hogei izan ziren, eta iaz gutxienez hamazazpi zenbatu zituen LABek. Oso litekeena da gehiago izatea, zerrenda horretan sindikatuari jakinarazitakoak soilik agertzen baitira. 50 urtetik gorakoak dira LABen zerrendan agertzen diren guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.