600 milioi euroko funtsa eskatu du Confebaskek barne eskaera pizteko

2013an EAEk izango duen atzeraldia leunduko luke neurri horrek: %1,3tik %0,1era jaitsiko litzateke, patronalaren ustezMerkatuetan konfiantza sortzeko «estatu akordio zabala» eskatu du Lujuak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Zerbait ezberdina egiten ez baldin badugu, hurrengo urtean egoera berean jarraituko dugu». Horrela mintzatu da Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentea patronalak egin dituen proposamenak arrazoitzeko garaian. «Ezinbestekoa da euskal barne eskaera suspertzea, hemengo enpresen motor nagusiak atzeraldian daudelako: Europa eta Espainia». Horregatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren barne eskaera haztea ezinbestekotzat jo du. Eta hori bideratzeko proposamen jakim bat egin du patronalak: 600 milioi euroko «ezohiko» funts bat sortzea.

Funts hori sortuko balitz, 2013.urterako Confebaskek egin duen atzeraldi iragarpena leuntzea lortuko litzateke. Izan ere, atzo aurkeztu zuen txosten ekonomikoaren arabera, datorren urtean %1,3 txikituko da EAEko ekonomia; funtsa sortuz gero, berriz, %0,1 egingo luke atzera, «Europarako aurreikusitako mailan».

Baina arazoa da nondik lortu «indarberritze» funts horretarako dirua, Eusko Jaurlaritzak aurten baino 1.400 milioi euro gutxiago izango baditu 2013ko aurrekontuetan. Confebaskek ekaine- an proposatu zuenaren haritik, pertsona fisikoen eta enpresen borondatezko ekarpenetatik eta BGAEren moduko pentsio osagarrietatik lor liteke diru kopuru hori. Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta finantza erakundeek osatuko lukete funts hori, eta, Lujuaren esanetan, «berehala» jarri beharko litzateke martxan. «Sei hilabetean gai honen nondik norakoak argituta egon beharko luke».

Funts hori sortzea «zaila eta bideraezina» izan daitekeela onartu du enpresaburuen presidenteak, baina aukera hori azter dezatela eskatu die eragileei: «Ez dut beste biderik ikusten 600 milioi euroak lortzeko; horregatik, aukera horri muzin egin aurretik eztabaidatu dezatela eskatzen dut». Diru kopuru horrekin barne eskaera suspertzea lortuko litzateke, BPGaren atzeraldia leunduz. Baina bestelako alde positiboak ere zenbatu ditu Confebaskek. Funtsari esker, 2013an1.700 enpresek saretak jaistea saihestuko litzateke, eta horrek berarekin 11.000 lanpostu bermatzea ekarriko luke. Ondorioz, langabezia tasa ez litzateke aldatuko —%12,1rekin amaituko da urtea, eta, funtsa indarrean jarriko ez balitz, %13,9ra igoko litzateke, Confebasken arabera—, eta PFEZ eta BEZ zergen bidezko diru sarrerak ere bermatuko lirateke.

Hiru urterako akordioa

Lujuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak hartu behar du gidaritza funts hori aurrera ateratzeko. Horrez gain, adostasun politiko eta sozial bat lortzeko «estatu akordio zabalak» egiteko eskatu du. Mahai horretan, instituzioak, alderdi politikoek, sindikatuek eta patronalak parte hartu beharko luketela esan du, merkatuetan «konfiantza sortzeko». Hiru urterako akordioa izango zela zehaztu du, «aurrezkiak inbertsio bihurtzeko», eta lana sustatzeko inbertsio publikoak bideratzeko. «Adostasuna lortu beharko dugu, egoerak horrela eskatzen duelako», esan du sindikatuei erreferentzia eginez.

Ekonomia berpizteko gomendio gehiago egin ditu patronalak. Funtsean, kontsumoa areagotzeko neurriak proposatu ditu. Izan ere, 2012ari gainbegiratua egin dio Confebaskek, eta, azpimarratu duenez, EAEko ekonomia errealak 7.749 milioi euroko finantzazaketa behar du. Kontsumoa sustatzeko, hainbat estrategia martxan jartzeko eskatu dute enpresaburuek. Besteak beste, Renove planak, inbertsio publikoa sustatzeko erakunde arteko plan bat, eta kultura edo turismo bonuak martxan jartzea. «Gisa honetako proposamenak martxan jarrita soilik lortuko dugu krisialditik irtetea», esan du Lujuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.