Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak hilaren 11rako deituriko mobilizazioak giharra hartzen ari dira. Emakumeen Mundu Martxarekin eta Gune Ekosozialistarekin batera manifestaziora deitu dute Bilbon (Jesusen Bihotza, 17:00) eta Iruñean (Gaztelu Plaza, 12:00). Alternatiba ekosozial justu bat eskatuko dute kalean, eta hirurogei elkartek bat egin dute deialdiarekin.
Erlazionatuta
Bat egin duten elkarteen zerrenda luzea da. Bertan ageri dira, besteak beste, ELA, LAB, ESK, HIRU eta Steilas sindikatuak. Logikoa denez, hainbat erakunde ekologistaren babesa ere lortu dute: Greenpeace, Ekologistak Martxan, Fridays for Future, Jauzi Ekologista... Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek, Bilgune Feministak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak ere atxikimendua eman dute.
Ekainaren 11n, manifestazioez gain, «borrokak partekatzeko topaguneak» antolatuko dituzte deitzaileek. Hainbat kolektibok erakusmahai eta azokak muntatuko dituzte. Irratsaio irekiak ere antolatu dituzte erakundeek beren lanaren berri eman dezaten. Bilbon Areatzatik jardungo dute zuzenean (12:00), eta Iruñean Gazteluko plazatik (10:00).
Manifestazioak iraileko Su Txikien Itsasoa topaketetako hausnarketen ondorio dira. Bertan, zazpi lan ardatz adostu zituzten: pertsona guztientzat bizitzeko moduko planeta bat, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat eta ez gutxi batzuen onurak lehenesten dituenak, lanaren banaketa eta aitortza (batez ere funtsezkoak, zaintza lanak...), subiranotasunen sustapena (elikadura, energetikoa, telekomunikazioetakoak...), pertsona guztientzako eskubideak (Atzerritarren Legea indargabetzea), gerrari eta gastu militarraren igoerari uko egitea, eta plangintza eta parte hartze demokratikoa.