57 milioi euroren isunak jarri dizkiote Glovori

Espainiako Gizarte Segurantzaren Lan Ikuskaritzak jarri dizkio isunak, autonomo faltsuak enplegatzeagatik eta atzerritarren lan irregularragatik.

Glovo enpresako banatzaile bat, Donostiako Kanpandegi kalean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko urtarrilaren 24a
16:22
Entzun

Janari eta erosketa banaketako Glovo enpresari beste isun batzuk jarri dizkiote Madrilen, 57 milioi eurorenak oraingoan, SER katearen arabera. Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzak, lehenik eta behin, 32,9 milioi euroko isuna jarri dio, 7.022 langileri Gizarte Segurantzan alta ez emateagatik. Hori dela eta, langile horien kotizazio falta ere kobratu diote, beste 19 milioi euro. Horri bigarren isuna gehitu behar zaio, atzerritarrak lan baimenik gabe enplegatzeagatik –813 pertsona, zehazki–. 5,2 milioi euroko isuna jarri diote horregatik.

Espainian guztira 205,3 milioi euroren isunak izan ditu Glovok azken urteetan. Glovok adierazi du helegitea jarriko diela azken bi isun proposamen horiei, Efe albiste agentziak jakin duenez. Enpresaren ustez, isunak rider-en legearen aurreko egoerak zigortzen ditu —lege hori 2021eko abuztuan sartu zen indarrean—.

Espainiako Lan Ministerioak ere hitz egin du isun eskaerari buruz, eta adierazi du ez duela baztertu enpresaren aurka bide penala irekitzea. Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak gogorarazi du Zigor Kodeak sei urtera arteko kartzela zigorrak jasotzen dituela langileei kontratazio bidez legez kanpoko lan baldintzak ezartzeagatik.

Galera urteak Glovorentzat

Azken urteetan galera handiak izan ditu Glovo enpresak. 2021ean, esaterako, 496 milioi euro galdu zituen. Hala ere, urte horretako azken egunean Alemaniako Delivery Hero taldeak Glovo erosi zuen, 2.300 milioi euroren truke. Hala ere, handik hilabete gutxira salmentaren zenbatekoa nabarmen apaldu zuten, bai Glovoren galerengatik, baita Delivery Hero enpresaren akzioen jaitsieragatik ere —%64ko galera izan zuten—.

Ikusi gehiago:Glovoren galerak, salmenta eta akzioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.