52 urteko behargin bat hil da istripuz, Arbizun

Etxe bat berregokitzeko lanetan ari zela, gainera erori zaio eraikuntza materiala.

Larrialdi zerbitzuak, lan istripua izan den tokian. FORUZAINGOA
Larrialdi zerbitzuak, lan istripua izan den tokian. FORUZAINGOA
Kerman Garralda
2025eko urtarrilaren 30a
13:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Eraikuntzako materiala kamioi batetik deskargatzen ari zela, gainera erori zaio behargin bati, eta bertan hil da, gaur goizean, Arbizun (Nafarroa). Altsasukoa zen, 52 urteko gizonezko bat.

09:15 aldera jaso du abisua SOS Nafarroak. Arbizuko erdialdeko etxe batean egiten ari diren lanetarako eraikuntzako materiala kamioi batetik deskargatzen ari zirela, karga gainera etorri zaio beharginari. Altsasuko suhiltzaileak, poliziak, osasun langileak eta anbulantzia medikalizatu bat joan dira istripu lekura, baina ezin izan dute ezer egin gizonezkoari bizia salbatzeko.

Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko. Foruzaingoaren Iruñeko polizia etxeko Argiketen Brigadako kideek ikertuko dituzte ezbeharraren nondik norakoak.

LABen zenbaketaren arabera, aurten beste hiru langile hil dira. Horietatik bi, Nafarroan, in itinere. Hirugarrena Gasteizen hil zen, Salburua auzoan, urtarrilaren 7an: 51 urteko langile bat zen, eta hondeamakina baten palak jota hil zen.

Halaber, urtarrilaren 2an sindikatuek jakinarazi zuten abenduaren bukaeran beste langile bat hil zela, Zornotzan (Bizkaia). Hura zenbatuta, 63 izan ziren 2024an lanean hildakoak, duela bi urte baino lau gehiago.

LABen analisia

LABek enpresak egin ditu lan heriotzen erantzule, eta salatu du instituzioen kolaborazioarekin jarduten dutela: «Patronalari oso merke ateratzen zaio araudia ez betetzea, eta langileok gure osasunarekin eta, azkenik, geure bizitzarekin ordaintzen dugu», adierazi du ohar bidez.

Gaineratu dute patronalak absentismoaren inguruan sustatutako «diskurtso faltsuak» arreta desbideratzen duela, eta hizpide izan beharreko gaiak itzalean gelditzen direla. «Istripu hauek araudia ez betetzeak eragin ditu. Enpresen arau hausteek, hain zuzen». Gogoratu dute araudiaren arabera galarazita dagoela inor eskegitako kargen azpian ibiltzea.

Azpikontratazioen aurka ere egin dute. LABen ustez, prebentziorik ez da izaten halakoetan, segurtasun neurri eskasak ezartzen dira, eta baliabideak eta koordinazioa falta izaten dira.

LAB, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.