50.000 afiliaturen langa igarota heldu da LAB 50. urtemugara

«Aldaketa soziopolitikoa» lortzeko eragile aktibo izango dela nabarmendu du urteurrena ospatzeko ekitaldian, eta langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eramango dituela.

LABen ekitaldira joandakoak, ukabila altxatuta abesten. Erdian, Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
LABen ekitaldira joandakoak, ukabila altxatuta abesten. Erdian, Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko apirilaren 8a
16:30
Entzun

LAB sindikatuak indar erakustaldia egin du 50. urteurreneko ospakizunean. Historian aurrenekoz 50.000 afiliaturen langa igaro du, eta sindikatua osasuntsu eta indar betean dagoela aldarrikatu dute Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrek. Militantziari esker lorturiko marka dela esan dute, «oztopoen» eta «bazterketa sindikalen» gainetik lortua. Etorkizunera begira jarrita, Euskal Herrira aldaketa garaiak datozela iragarri dute, eta bide horretan LAB aldaketa soziopolitikoa lortzeko «eragile aktibo» izango dela.

LAB inoizko afiliatu gehienekin iritsi da 50. urteurrenera. Bilbon egin du efemeridea ospatzeko ekitaldia, Euskalduna jauregian, eta Arroyok azaldu du iragan asteartean eman zuela izena 50.000 afiliatuak. Halaber, gaineratu du «hazten» ari den sindikatu bat dela, eta afiliazio datuek hori berresten dute. 2022. urtearen amaieran, 47.740 kide zituen; iazko urtea 49.476 afiliaturekin amaitu zuen, eta azken lau hilabeteetan beste 500 gehitu ditu.

2022. urtearen amaieran 47.740 kide zituen LABek; iazko urtea 49.476 afiliaturekin amaitu zuen, eta azken lau hilabeteetan beste 500 gehitu ditu.

Ospakizuna aitortza ekitaldi bat ere izan da. Amaieran, ibilbide luzeko hainbat afiliatu igo dituzte agertokira, baina haien aurretik omenaldi xumea jaso dute sindikatuko lehenengo bi idazkari nagusiek, Rafa Diezek (1992-2008) eta Ainhoa Etxaidek (2008-2017). Biei eskatu diete LABen ibilbidea hiru hitzetan laburbiltzeko. Etxaidek «krisia, anbizioa eta kolektiboa» aukeratu ditu: «Egoerak aldatzeko anbizioa da. Gurea egoerak aldatu nahi dituen sindikatu bat delako. Ez gara inoiz konformatu».

Eraldaketa, ziklo berria....

Diezek «harrotasuna, uztarketa eta eraldaketa» hautatu ditu. Uztarketa aipatzean, lan sindikalaren eta soziopolitikoaren arteko lotura aipatu du, eta azken horri atxiki dio eraldaketarako grina: «Ziklo politiko berri bat hastear gaude erakundeetan. LAB gakoa izan daiteke beste eszenatoki batera heltzeko». Eraldaketa horretan emakumeek izan duten pisua goraipatu du, eta gogoratu 1980ko hamarkadan sindikatuko zuzendaritza organoan emakume bakarra zegoela eta 2004an lortu zela parekidea izatea.

Ainhoa Etxaide eta Rafa Diez
Ainhoa Etxaide eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak omendu dituzte. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aldaketa, eraldaketa, ziklo berria... ekitaldian behin baino gehiagotan errepikatu diren kontzeptuak izan dira. «Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatus juridiko-politiko berriak sustatzeko tenorea da», esan du Aranburuk, eta LAB «eragile aktiboa» izango dela horiek lortzeko: «Lan eta bizi baldintzei dagokienez, erabakitzeko ahalmen osoa eskuratzea da LABek estatus berri horiei eskatuko diena».

Koordinatzaile orokorren zuhaitz baten hazkundearen metafora erabili dute sindikatuaren bilakaera azaltzeko: «Duela 50 urte jarritako hazia ernaldu egin zen, eta hazi horrek sustraiak bota zituen. Sustraiei sendo eutsita, adarrak zabaltzen ari gara orain, gure egitasmoa aberasten, zabaltzen ari gara». Haritik tiraka, eta etorkizunera begira, zuhaitz horren hazi berriak aipatu dituzte; «Nazio kontzientziaren hazia», «Klase kontzientziaren hazia» eta «feminismoaren hazia».

BESTE SINDIKATUETAKO ORDEZKARIAK, EUSKALDUNAN

LABek Hego Euskal Herriko beste sindikatu nagusietako idazkari nagusiak gonbidatu ditu ekitaldira, eta hirurek onartu dute. Euskaldunan izan dira, besteak beste, Mitxel Lakuntza ELAkoa, Loli Garcia CCOOkoa eta Raul Arza UGT-Euskadikoa. Steilasen izenean Nagore Iturriotz joan da. Alderdi politikoei dagokienez, ezker abertzaleko ordezkariak bertaratu dira: Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. Hainbat gizarte eragiletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte: Gure Esku, Bilgune Feminista eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Ekitaldiaren amaieran, LABen historiari buruzko dokumental bat ikusi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.