5.000 langileren langa gainditu du Gureak taldeak

2016an, %12 handitu zituen salmentak, eta %84ko autofinantzaketa lortu du. Lehen aldiz, patente bat egin du industria adarrak

Gureak taldeak kudeatzen duen Eroskiren supermerkatu bat, Azpeitian, artxiboko irudian. JUAN HERRERO / EFE.
Iker Aranburu.
Donostia
2017ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Urrats garrantzitsuak egin zituenGureak taldeak 2016. urtean. Batetik, 423 enplegu gehiago sortu ondoren, lehen aldiz 5.000 langileren langa gainditu du Gipuzkoan urritasunak dituzten pertsonak laneratzeko helburua duen taldeak. Gainera, bere industria adarra gai izan da lehen patente bat egiteko, autogintzarako. Zerbitzuetan ere lanerako esparruak zabaldu ditu desgaitasunak dituzten langileentzat, Donostiako bi hoteletan gela garbiketa eta ostalaritza zerbitzuak egiten hasi baita. Kontratu berrien eskutik, Gureak taldeak %12 handitu ditu salmentak, eta inoizko autofinantzaketa handiena lortu du: diru sarreren %84 dira hark fakturatakoak.

2016. urtearen amaieran, Gureak taldeak 5.137 langile zituen. Horietatik 4.236k zuten desgaitasunen bat. Hainbeste lagun enplegatzeko «berrikuntza eta lehiakortasun handia» beharrezkoa dela adierazi zuen atzo Gureak taldeko zuzendari nagusiak, Iñigo Oiartzabalek. Taldea «merkatu zorrotzetan» lehiatzen dela zehaztu zuen, oro har kualifikazio maila handia eskatzen duten arloetan. «Joeraren kontra» lan egin arren, bere burua kokatzen jakin duela gaineratu zuen.

Desgaitasunak dituzten pertsonak enplegatu ez ezik, langile horiek enpresa arruntetara bideratzeko plataforma bat ere bada Gureak. Ainhoa Askasibar Gureak Itine-raryko zuzendariak emandako datuen arabera, iaz 47igaro ziren «ohiko» enpresetara, eta beste 56, berriz, zerbitzu okupazionaletik enplegura. Enpresetan «txertatu» diren hamar langiletik seik adimen desgaitasuna zuten, eta %18k buruko gaixotasuna. «Datu horiek berebiziko garrantzia dute Gureak taldearentzat, bat egiten dutelako gure misioarekin, eta behar gehien duten pertsonentzat aukera berriak aurkitzeko konpromisoarekin».

Gureak taldea 1975ean sortu zen Atzegiren ekimenez, eta industrian aritzeko. 42 urte geroago, adar hori da artean taldearen motor nagusia. Iaz, %13 handitu zituen salmentak, eta, lehen aldiz, bere I+G taldeak lortu zuen pieza bat patentatzea: autoetako fokuen argia estutzen duen erregulazio multzo angeluar bat. Valeorekin elkarlanean, datozen lau urteetan lau milioi pieza egitekoak dira.

Industria adarraren beste mugarri bat izan da Vestasen aerosorgailuek daramaten kableen hornitzaile nagusia Gureak izatea.

Beste bi supermerkatu

1990eko hamarkadara arte ez zen Gureak zerbitzuen atalean sartu, baina hor ere ari da hedatzen —iaz %5 handitu zuen fakturazioa—. 2015ean, urritasunak dituzten langileek artatutako lehen supermerkatua ireki zuten, Azpeitian (Gipuzkoa). Iaz beste bi batu zitzaizkion, biak Gasteizkoak eta Eroskirenak horiek ere. Tolosan, Loraldi lore denda berria ere zabaldu du. Hotelei dagokienez, Donostiako Zenit hoteleko esperientzia «onaren» ondoren, hiri horretako Arrizul Congress eta Welcome Gros hoteletako gelak garbitzen eta tabernak zerbitzatzen dituzte Gureakeko langileek.

2016ko beste mugarrietako bat da Jaurlaritzaren baimena jaso duela lanbide heziketako zentro bat eraikitzeko. Hor, urritasunak dituztenei formakuntza berezitua eman ahal izango die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.