Ekaitzaren ostean barea iritsi zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen arloetako konpainiei. Bost urtez atzeraldian murgilduta egon eta gero, duela bi urte ekin zioten hazkundeari, eta iaz ere tinko eutsi zioten goranzko joerari. Egonkortzeko bidean jarri dira Gaia klusterrean aterpe hartzen duten 245 enpresak: %5,1 gehiago fakturatu zuten orotara, 2.909 milioi euro pilatzeraino. Iragarpen oparoa ere egin dute Gaiako bazkideek 2016rako, baina ez iazkoa bezain baikorra: %4,7ko hazkundea espero dute.
Krisiak gogor astindu du sektorea, eta lanpostuak galtzea eragin du, bereziki azken urteotan enpresei eskariak apaldu zaizkielako eta zenbaitzuek jarduera bertan behera utzi behar izan dutelako. Sektorea, halere, lanpostuak sortzen hasi da berriz: 2014an baino 500 langile gehiagori eman zien enplegua iaz, azken bost urteotan lehen aldiz. «Lanpostuak sortu izana da enpresen konfiantzaren isla argia;gure konpainiek irmo sinesten dute enpresaren aurreikuspenetan, merkatuaren baldintzetan eta proiektuen etorkizuneko iraunkortasunean», nabarmendu du klusterreko presidente Manuel Salaberriak.
Atzerriko sendotasuna
Aurreko ekitaldietan bezala, enpresek nazioartean egindako jarduerei zor diete goraldia. Indargune nagusitzat dute: 1.117 milioi euro lortuta, joan den urtean %3 handitu zuten negozio bolumena, eta datorren ekitaldian pixka bat gehiago (%3,5) igotzea espero dute. Hazkunde motelena, ordea, I+G ikerketa eta garapena sustatzeko arloan nabaritu dute Gaiako enpresek. Denera, 113 milioi inbertitu zituzten iaz, 2014an baino %1,1 gehiago. Aurten, alabaina, %2,5 hazteko itxaropena dute.
Azpisektore guzti-guztiak hazi dira, eta baita enpresa handi, txiki eta ertainak ere. Hori bai, hazkunderik adierazgarriena IKTko enpresa txikietan izan da (%8). Gustura mintzatu dira klusterreko arduradunak: «Datu esanguratsua da, aurreko urteko hazkundea bikoiztu egin baitugu eta ekitaldi hark, gainera, krisi urterik gogorrenetako joera aldaketa ekarri baitzuen».
Elektronika, telekomunikazio eta informatika sektoreko enpresen bilgune da Gaia. 11.000 laguni enplegua ematen dieten 245 bazkide ditu klusterrak gaur-gaurkoz, baina hurrengo urteari begira kopurua handitzeko asmoa du; 2012an 264 bazkide zituen. Merkatuaren «jarrera ona» eta fakturazioaren hazkundea ez ezik, enpresen lantaldea %4 handitzea ere badu begiz joa 2016rako. Testuinguruak hala eskatzen duela uste du Salaberriak: «Gauzatu da jada zikloaren aldaketa, eta, ziurgabetasun orokorra gorabehera, bizi dugun eraldaketa digitalean hurbilago dugu sektore gakoa izatea. Eraldaketa digitala da gure aukera: 4.0 industria gara».
Salaberriaren hitzetan, klusterra «aktiboki» ari da parte hartzen erakunde publikoek gidatutako Basque Industry 4.0 delako estrategian. Pauso ausartak emateko ordua dela deritzo: «Munta handiko berregituraketa baten atarian gaude, eta, enpresen teknifikazio handiekin batera, aldaketa sakonak eragingo ditu produktu, zerbitzu eta negozio ereduetan». Hori posible izan dadin, Salaberriak premia handikotzat jo du informazioaren teknologiek, elektronikak eta telekomunikazioak indarrak metatzea.
4.0 industria eztabaidagai
Hain justu, kontzeptu hori ardatz hartuta, klusterrak urteroko batzar nagusia egingo du gaur goizean, Hernaniko Oronaren egoitzan, eta zuzendaritza taldea eta presidentetza berritzeko baliatuko du. «Gure sektoreko enpresak garatzeko aukera handia da. Euskal ekonomiarentzat ere erronka handia da, eta Europan zeregin oso garrantzitsua jokatzen ari da jadanik. Garai ezin aproposagoa da», adierazi du Salaberriak.
Birmoldaketa digitala behar bezala aprobetxatzeak dakartzan «hiru erronka nagusi» aztertuko dituzte batzarrean: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako balio kate osoan 4.0 prozesu eta teknologiak txertatzea, merkatu globaletan tokia egiteko irtenbide eta zerbitzu digitalak garatzea, eta fabrika hedatua garatzeko estrategia bateratu eta partekatua aurrera eramatea.
500 lanpostu berrirekin eten dute lehortea elektronika eta telekomunikazio konpainiek
Gaia klusterrean bildutako konpainiak %5,1 hazi ziren iaz, eta enplegua sortzeko ildoa berreskuratu zuten, 2010etik lehen aldiz. Aurten %4,6 haztea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu