LAB 50 urte

50 urteko bidea, haize kontra

Mende erdia bete du aurten LAB sindikatuak, eta astelehenean ospatuko du, Bilbon. 1974tik 2024ra, bazterretik hasi, eta Hego Euskal Herriko bigarren indar sindikala bihurtu da bere ibilbidean..

Langile batzuk, LABen sorrerako logotipoa duen pankarta batekin, 70eko hamarkadako manifestazio batean. LAB
Langile batzuk, LABen sorrerako logotipoa duen pankarta batekin, 70eko hamarkadako manifestazio batean. LAB
pettan uralde
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Sorreratik hasi eta gaur egungo eszena sindikal eta politikoan egindako borrokak gogoratzeko eta langileen aldeko borrokarekin duen konpromisoa berritzeko garaia iritsi zaio LABi. Astelehenean izango da hori, sindikatuak Bilboko Euskalduna jauregian egingo duen 50. urtebetetze festan.

Ekitaldian parte hartuko dutenen artean izango dira LABeko lehen bi idazkari nagusiak: Rafa Diez Usabiaga (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1956) eta Ainhoa Etxaide (Hondarribia, Gipuzkoa, 1972). Bi buruzagi historikoek gogora ekarri dituzte sorrerako garaiak, baita sindikatuaren garairik hotzenak eta beroenak ere, baina batez ere sindikatuaren nortasuna.

LAB 1974an jaio zen, diktadura frankista amaitzen ari zela, Euskal Herriko errepresioari eta lan eskubiderik ezari erantzuteko. Sindikatuaren fundazioa gizarte mobilizazioaren eta erregimen autoritarioaren aurkako erresistentziaren testuinguruan kokatu zen.

Diezek gogora ekarri du garai hartan «bi joera» nagusitzen zirela langile mugimenduan. «Bazegoen dinamika bat eskubide demokratikoen eta lan eskubideen alde, baina negoziazio kolektiboa ez zen existitzen. Orduan, langileek beren enpresa edo beren sektorea bakarrik erreibindikatzen zuten. Eta bazegoen langile mugimenduan oso txertatuta zegoen herri zapalduaren aldeko borroka bat ere, Burgosko prozesuaren eta Carrero Blancoren heriotzaren testuinguruan». Jatorrian LAB masa erakundea zen, ez zen sindikatua, eta legez kanpo zegoen.

Captura de pantalla 2024 04 03 a las 11.59.27
LABek bere lehenbiziko batzarra 1975eko otsaileko gau batean egin zuen, Miarritzeko (Lapurdi) gozotegi batean. LAB ARTXIBOA

LABen lehen urteak «oso gogorrak» izan zirela esan du Diezek. Zailtasunak zailtasun, sindikatuak finkatzea eta haztea lortu zuen, baina barne borrokak ez ziren falta izan. «Garai hartan ezker abertzalean zeuden kontraesanek sindikatuan ere eragina izan zuten, lehen kongresuan ikusi zen bezala. Haustura bat zegoen, eta batzuek hautu bat egin zuten ELAn sartzeko, eta beste batzuek martxan jarri genuen proiektu estrategikoa. Trantsizioan geunden, eta gure izaera definitu nahian ari ginen. Bigarren kongresutik aurrera hasi ginen sindikatua eraikiz, bai plano ideologikoan, bai antolaketari dagokionez».

Bigarren biltzarretik hamabi urtera egin zuen LABek hirugarrena, non sindikatuak etapa luze bat izan zuen. Klase sindikatu, sindikatu abertzalea, eta sindikatu soziopolitiko moduan definituta, erreferentzia nagusietako bat «askapen mugimenduaren zati bat» balitz bezala sentitzen zela, proiektu nazional baten barruan kokatua.

«Proiektu nazional eta sozial baten barruan sentitzen garen sindikatua gara, hori elikatzen dugu. Tresna bat gara askapen nazionalari lotuta». RAFA DIEZLABeko idazkari nagusia 1992tik 2008ra.

Garai hartan jokaleku sindikaletik kanpo zegoen LAB, gainontzeko sindikatuek ez baitzuten haiekin «ezta hitz egin nahi ere». Baina lanean jarraitu zuen, militantziaren konpromisoa «erabakigarria» izan zen horretan. «Gure proiekzio estrategikoa oso argia zen, sindikatu abertzale moduan. Autonomismoaren aurrean planteamendu subiranista independentista geneukan, eta argi genuen eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustua egin behar genuela arlo sindikalean». Horren harira etorri zen 1992an idazkari nagusiaren kargua sortzea. Diezek berak hartu zuen ardura.

17
1992an, langabezia sarien murrizketen eta desegite industrialaren aurkako greba orokorra egin zuen LABek. LAB ARTXIBOA

Elkarlan urteak izan ziren ondorengoak, eta LABek haztea lortu zuen bide horretatik. Diezek mugarritzat jo du, hirugarren kongresuaren ondoren, ELArekin batera lan harremanetarako euskal esparruaren alde egindako manifestazioa, 1994. urtean. «Gure presentziaren bidez, gauzak aldatzeko baldintza berriak agertu ziren, eta tablero sindikala berriro mugitu egin zen».

1990eko hamarkadan, sindikalismoa enplegu jakin bat zuten langileetara iristen zen bakarrik, eta arrakala handia zegoen gazteen eta sindikatuen artean. Testuinguru horretan, ezker abertzalearen orduko gazte erakundea, Jarrai, oso kritiko agertu zen sindikalismoarekin laugarren biltzarrean, eta horrek eraman zuen Ainhoa Etxaide LAB gazte arloa antolatzera 1996ko kongresuaren ondotik. «Gazte mugimenduaren eta mugimendu sindikalaren arteko zubiak eraikitzea zen helburua, gazteei begirako lerro sindikal bat egin ahal izateko».

Lehen lerroan

90eko hamarkadan LABek eragile gisa zuen pisua handitu egin zen. Lizarra-Garaziko akordioaren sinatzaileetako bat izan zen, eta 1999ko maiatzaren 21ean greba orokorra egin zuen Hego Euskal Herrian, ELArekin elkarlanean. Etxaideren ustez, «egoera politiko sozialean sindikalismo abertzaleak gehien eragin zuen garaia» izan zen. «Eremu sindikalean lan harremanetarako euskal esparruari eta Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko jarrera bat hartuta mobilizatu ginen. Eragile gisa lehen lerroan egon ginen urteak izan ziren».

Agertoki berri bat ireki zitzaion sindikatu abertzaleari, Etxaideren hitzetan «norabide berriak irekitzeko» eta «egoera berriak sortzeko» aukera eman ziona. «1995ean, lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatuz atera ginenean, badago bere horretan estatutuaren agortzearen irakurketa bat, eta, beraz, fase politiko oso baten agortzea. 35 orduak planteatu genituenean, berriz, ikusi genuen bazegoela gaitasuna lan egoera hobeak bilatzeko; greba horren parekorik ez zen Europan izan garai horretan».

6
LAB eta ELAk 1999an 35 orduko lan astearen alde egin zuten greba orokorra. LAB ARTXIBOA

XXI. mendean sartuta, LABek urrats kualitatibo bat egin zuen, Ipar Euskal Herrira ere zabaldu baitzen. Gaur egun ere, zazpi lurraldeetan aritzen den sindikatu bakarra da.

Ezker abertzaleko erakundeen legez kanporatzeek ez zuten LABen jarduna eten, legezkoa izan baitzen aurrerantzean ere. Baina ez zela garai erraza nabarmendu du Diezek: «Egoera oso bortitza zen, egoitzetara sartu ziren indarrez, deklaratu egin behar izan genuen epaileen aurrean... Ezker Abertzalearen barruan pisua eta ardura hartu genuen, egoera politiko gogorraren aurrean, baina proiektua sakontzen joan ginen. Pisu sozial, sindikal eta politiko bat sentitzen genuen, askapen mugimenduari lotuta». Diezek berak zuzenean jaso zuen errepresioa. Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zuten 2009ko urrian, ezker abertzaleko hainbat kiderekin batera. Bi alditan, sei urtetik gora egin zituen preso, eta 2017ko abuztuan atera zen kalera.

«Feminismoa guztiz sartua dago sindikalismoan, eta feminismoaren eta sindikalismoaren arteko aliantza sendoak posible direla ikusi dugu, baita borroka zehatzen gainean ere, zaintzaren kasuan bezala». AINHOA ETXAIDELABeko idazkari nagusia 2008tik 2017ra.

Diez atxilotu zutenerako jada erreleboa Etxaideren esku zegoen —2008ko kongresuan hartu zuen—. Haren eskutik, LABek eremu zabalagoetara hedatzen jarraitu zuen. «LABen gaitasuna genuen eztabaidei ihes ez egiteko, eta gure barne ereduari oso zorrotz eta beldurrik gabe begiratzen genion. Guztiaren gainetik, guk beti esan dugu ez garela jaio handiak izateko bakarrik, eta eztabaida beti izan da nola erabili gure indartzea borroka sindikalean eragina izateko», ziurtatu du Etxaidek.

Hautu horien artean, emakumeen aldekoa hartu zuen LABek, eta aitzindari izan zen horretan. 1992an sortu zen emakumeen arloa sindikatu barruan, «emakumeek lan esparruan jasaten duten bazterketaren inguruko kontzientzia» sustatze aldera. Diezen ustez, sindikatuetan patriarkalismoa «oso txertatuta» zegoen, eta aldaketa bat behar zuen barrutik. Geroztik, berdintasuna eta feminismoa ardatz izan da sindikatu abertzalearentzat, eta, gaur egun, Etxaidek arlo horretan dihardu, formakuntzan. «Feminismoa guztiz sartua dago sindikalismoan, eta feminismoaren eta sindikalismoaren arteko aliantza sendoak posible direla ikusi dugu, baita borroka zehatzen gainean ere, zaintzaren kasuan bezala».

22
2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunean. LAB ARTXIBOA

Baina Etxaideren urteak ez ziren batere errazak izan. Krisi ekonomiko bortitz batek eztanda egin zuen, eta erabat baldintzatu zuen sindikatuaren jarduna. «Bazeuden kezka batzuk, emakumeak sindikatura nola erakarri, edo belaunaldi aldaketa bat beharko genuen jakiteko. Sindikatua eraikitzeko ikuspegi berriak ekarri behar genituen, eta horretan asmatu egin zuen LABek. Baina garai gogorra izan zen, krisiak gogor jo zuen, eta ezker abertzalearen aurkako erasoak bere hartan jarraitzen zuen».

Lantokiz lantokiko borrokez gain, zortzi greba orokorretara deitu zuen LABek, ELArekin eta beste sindikatu batzuekin batera. Baina Etxaidek onartu du ez zutela «agenda neoliberala» baldintzatzea lortu, eta hausnarketa berriak egiteko abagunea izan zela. «Sindikatua guztiz behera biluztu genuen, langileria gogoeta sakon bat eginez, sindikalismoa aztertuz, eta horren emaitzak eraman ziren kongresura. Kongresu horrek erabaki behar zuen sindikalismo eraberritu hori nork zuzenduko zuen, eta guk ikusi genuen atzerapauso bat egin eta, batez ere, epe luzerako bere gain hartuko zuen zuzendaritza behar zela».

Batzar nazionala LAB 2017
2017ko LABen batzar nazionala. ANDONI CANELLADA / FOKU

2017an iritsi zen ziklo aldaketa hori, eta Garbiñe Aranburuk hartu zuen Etxaideren lekukoa. Etxaidek argi zuen XXI. mendeko sindikalismoa XXI. mendeko belaunaldiek antolatu behar zutela. «Batzuek XX. mendeko sindikalismoa XXI. mendean nola egin planteatzen zuten, eta guk ikusten genuen XXI. mendean pentsatua eta XXI. mendeko belaunaldiek antolatutakoa zen sindikalismoa behar genuela. Iniziatiba asko hartu dira azken azken hamarkadan, eta eskaintza sindikalean ikusi da».

%19,6

2023ko amaierako datuen arabera, Hego Euskal Herriko sindikaturik handienetan bigarrena da LAB,  %19,6ko ordezkaritza izanik CCOO gainditzea lortu baitu. 1994ko hauteskunde sindikaletatik, bost puntu handitu da sindikatu abertzalearen ordezkaritza.

LABek 49.476 afiliaturekin amaitu zuen 2023. urtea, eta 50. urtemuga 50.000 afiliaturen langa gaindituz ospatu nahi du. Azken hamar urteetan, %25 igo da afiliazioa, eta, ordezkaritzari dagokionez, gertu dauka %20ko langa: 2023 amaieran, %19,6ra iritsi zen. Atzera begira, «harrotasun handiarekin» ikusten du gaur egungo egoera Etxaidek. «Idazkari nagusi izatera heldu nintzenean %16eko ordezkaritza genuen, eta oso desorekatua zegoen lurraldeen artean. Lehenengo hauteskunde sindikalean %18ra iristea jarri genuen erronka moduan, eta denek barre egin ziguten. Sindikatuak aurrera egiten duen bitartean, eta bere lanean sinesten duen bitartean joango da atxikimendua handitzen».

Etxaidek azpimarratu du «gero eta langile gehiagok» babesten duela sindikatua, «gero eta langile gehiago» ordezkatzen dituztela, eta «gero eta bitarteko gehiago» dituztela langileak mobilizatzeko. «Beti erabili dugu indar hori langileriaren boteretzea bultzatzeko eta aldaketa eragile izateko. Hor jarraitu beharko dugu bide berriak bilatzen, patronalari boterea kentzeko eta gobernuei agendak baldintzatzeko».

Diezek sindikatuaren potentziala nabarmendu du, eta betiko nortasun indartsua berresten du aurrera begira. «Proiektu nazional eta sozial baten barruan sentitzen garen sindikatua gara, hori elikatzen dugu. Tresna bat gara askapen nazionalari lotuta, eta, gero eta handiagoak izatea nahi badugu ere, gizartea aldatu nahi dugu, eta, kasu honetan, herri zapaldu gisa, herri bat eraiki nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.