Hego Euskal Herrian eskaturiko mailegu hipotekarioen irekiera gastuak erreklamatzeko auzien ibilbide luzeak mugarri bat izango du agian 2024ko urtarrilaren 22an. Egun horretan bost urte beteko dira Espainiako Auzitegi Gorenak gaiari buruzko jurisprudentzia ezarri zuenetik. Kode Zibilak bost urteko epea ezartzen du erreklamatzeko, baina kontsumitzaile elkarteek esana dute ezin dela data hori kontuan hartu preskripzio muga moduan, eta iraungitze data horren afera auzitan dago. Baikorrak dira alde horretatik, baina badaezpada ere dei argia egin diote gizarteari: «Kasurik okerrena litzateke hori, baina badaezpada mugitzea eta erreklamazioa egiten hastea aholkatzen ari gara». Gomendioa Leire Alberdirena da, EKA kontsumitzaileen elkarteko abokatuetako batena.
Zein gastu erreklamatu dakizkioke bankuari?
- Notarioaren faktura: Kostuaren %50. Normalean kontsumitzaileak ordaindu izan du osorik.
- Jabetzaren ebazpenaren faktura: %100.
- Tasazio faktura: %100, balego. Kontsumitzaileak ez du beti ordaintzen.
- Gestoria faktura: %100, balego. Kontsumitzaileak ez du beti ordaintzen.
Epe mugaren mehatxua asko zabaldu da, eta Alberdik aitortu du azken asteetan jende askok jo diela atea hipoteka eskatu zuteneko gastuak erreklamatzeko. 2015ean, gaia puri-purian egon zen, Espainiako Auzitegi Gorenak urte hartan ebatzi baitzuen bankuek mailegu hipotekarioa kontratatzen zuten bezeroei kobratzen zizkieten hainbat gastu «abusuzkoak» zirela. Zehatzago izanda, irekiera gastu guztiak bezeroak ordaindu behar zituela zioen klausula bidegabea zela esan zuen. Gaiak beste bultzada bat izan zuen 2019an, auzitegi berak argi zehaztu baitzuen zein gasturi aplikatzen zitzaien neurria, eta nola banatu behar ziren. Oraingoa hirugarren erreklamazio «olatua» da.
«Epea urtarrilean amaitzea kasurik okerrena litzateke, baina lehenbailehen mugitzea aholkatzen ari gara».
LEIRE ALBERDI EKA kontsumitzaileen elkarteko abokatua
«Data mugaren zehaztapena Europako epaitegietan dago, eta gu ez gaude ados interpretazio murritzenarekin. Guk uste dugu banku batek klausula hori deuseztatzen duenetik hasi beharko litzakeela zenbatzen bost urteko preskripzio epea», zehaztu du Alberdik.Hala, kontsumitzaile elkarteek uste dute ez dela interpretazio murrizgarriena gailenduko, baina badakite epaitegi batean edozer gauza gerta daitekeela. Halaber, gogoratu dute erreklamatzeko eskubidea ez dela iraungitzen, eta hipoteka zaharra izanda ere eska daitekeela gastuak itzultzea.
800-1.200Zenbat berreskuratu daitekeen, eurotan. Erreklamazioa eginez berreskuratu daitekeen diru kopurua ez da finkoa. Maileguaren zenbatekoaren eta ezaugarrien araberakoa da. 800 eta 1.200 euro artean berreskuratzea da ohikoena.
Lau dira erreklamatu daitezkeen gastuak: notariotzakoaren erdia —lauretan handiena izan ohi da—, erregistroarena, etxearen tasazioarena eta gestoriakoa. Azken bi horiek 2020. eta 2021. urteetan batu ziren zerrendara, hurrenez hurren. Tasazioa eta gestoria ez dira beharrezkoak mailegua eskatzeko, baina bai oso ohikoak, eta bankuaren bizkar erori beharko luketela esan zuten epaileek. Normalean 800 eta 1.200 euro artean berreskura ditzake bezeroak, baina kopuru hori maileguaren zenbatekoaren araberakoa da. Halaber, erreklamazioa jarri nahi duen bezeroak bere hipoteka irakurri beharra dauka, eta «gastu guztiak» bere gain erori direla ziurtatu. Hori da ohikoena, dena den.
Kutxabanken aurrekaria
EKAk erreklamazio asko bideratu ditu azken urteetan, eta gehienetan arrazoia eman diete. Gauzak hala, erreklamazio orokor bat bidali zuen banku guztietara, klausula horiek modu orokorrean deuseztatzea eskatzeko. Bakarrak erantzun zien, Kutxabankek hain zuzen, eta arrazoia eman zien. Hori azaldu du Alberdik. «Onartu zuen klausula hori nulua zela eta jurisprudentzian oinarrituz maileguetatik kenduko zuela. Horrek inplizituki zer dakar? Aurrerantzean erreklamaziorik gabe itzuli beharko lituzkeela gastuak. Alegia, gastuen fakturak aurkezte hutsak nahikoa izan beharko lukeela».
Kutxabank da eskariari erantzun dion banku bakarra, eta EKA-k bertan erreklamazioa prozesua hasteko agiri eredu bat eskegi du bere webgunean. Interesa duenak, agiria bete, gastuen fakturak erantsi, eta Kutxabanken bezeroen arretako sailera jo behar du. Hori bai, Alberdik nabarmendu du banku guztietan irabazi dituztela erreklamazioak, eta eskaerari entzungor egiten dieten kasuetan bakarrik jo behar izan dutela auzitara.
zer egin behar du erreklamatu nahi duen bezeroak?
- Dokumentazioa bildu: Gastuen fakturak biltzea ezinbestekoa da erreklamatzeko.
- Erreklamazioa aurkeztu: Bankuen bezero arretako zerbitzuan.
- Laguntza. Kontsumitzaile elkarteak buru-belarri ari dira gaiarekin.
- Epaitegiak. Bankuak erreklamazioa onartzen ez badu, salaketa jar daiteke.