41 urteko langile bat hil da Zornotzan

Astelehenean izan zen ezbeharra, Forest Trafic enpresaren biltegian: garraiatzen ari zen zamaren parte bat gainera erori zitzaion.

Iaz lanean hildakoak gogoratzeko sindikatuek eginiko mobilizazio bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sindikatuek eginiko mobilizazio bat, iaz lanean hildakoak gogoratzeko. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko urtarrilaren 2a
12:25
Entzun

Sindikatuek gaur jakin dutenez, astelehenean 41 urteko langile bat (I.P.C) hil zen Zornotzan, Bizkaian, Forest Trafic enpresaren biltegian. Inbentario lanak egiten ari ziren orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari ziren zamaren parte bat gainera erori zitzaion langile horri.

Forest Trafic enpresak zurezko, kortxozko eta kontratxapatuzko taulak fabrikatzen eta merkaturatzen ditu. LABek eskatu du ikerketa zorrotz bat egin dadila zer gertatu den jakiteko eta erantzukizunak argitzeko. Sindikatuak gogoratu du 2015ean beste langile bat hil zela enpresa horretan, pieza batek jota.

Astelehenekoa gehituta, LABek adierazi du Euskal Herrian 63 langile hil direla 2024an, aurreko urtean baino lau gehiago. Horrez gain, nabarmendu du lan istripuak ugaritu egin direla. Azaldu du 100.000 ezbehar baino gehiagoren berri eman zela, eta horien erdiek egun bat baino gehiagoko bajak eragin zituztela.

LABen arabera, datu horiek agerian uzten dute «kontrol neurri gehiago» behar direla «enpresek lan osasuneko araudia bete dezaten». «Lan ikuskatzaile gehiago behar dira, eta Osalanek zigor ahalmena izan behar du, eta ez aholkularitza ahalmen hutsa».

ELAk ere salatu du azkeneko lan heriotza, eta nabarmendu du ez dagoela «borondate politikorik» lan istripuak behin betiko amaitzeko.

UGT-Euskadirentzat, «onartezina» da laneko heriotzen kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.