4.0 industria. The Meeting Point 2017

4.0 olatua, hartu beharrekoa

Eusko Jaurlaritzak dio 4.0 industriaren teknologia berriak garatzea ez dela hautatzeko kontua, egin beharrekoa baizik. 2.000 eragile elkartu dira Donostian, azken joerak erakutsi eta aztertzeko

Tecnaliaren standa atzo, Donostian, Digital Twin sistemaren jarduera erakusteko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hainbat sektoretan erreferente da euskal industria, ekonomia produktiboari dagokionez. Erreferentzialtasun horrek posizio egokian kokatzen du munduko manufakturazioa blai uzten ari den 4.0 industriaren olatua hartzeko. Eusko Jaurlaritza sinetsita dago apustu sendoa egin behar dela industriaren teknologia aurreratuenen lidergoan egoteko, eta apustu horri Basque Industry 4.0 esan dio.

Estrategia horren inguruan antolatzen diren topaketen laugarren ekitaldia egin zuten atzo, Donostiako Kursaalean. Aurreko urteetan igar zitekeen joera erabat berretsi dute profesionalek aurten ere: ekoizpen prozesu eta produktuak ziztu bizian aldatzen ari dira muturreko teknologiaren eraginez. «Hau ez da hautatzeko kontu bat, egin beharrekoa baizik», laburtu zuen egoera Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak.

Zibersegurtasunak eta enpresa txiki eta ertainak muturreko teknologiara eramateko egitasmoak leku berezia izan dute aurten Basque Industry 4.0ren egunean. Javier Dieguez Basque Cybersecurity Centreko zuzendariak Arabako Parke Teknologikoak hartu duen proiektu hori zertan den azaldu du.

Zibersegurtasunaren aroa

Zibersegurtasuna, izan ere, euskal enpresek derrigorrean landu behar duten atal bihurtu da. Dagoeneko ez dira bakarrik produktuak saltzen, demagun trenak, haize errotak edota makina-erremintako ondasunak, haien mantentze lana ere egiten da; zerbitizazio prozesu horrek ekarri du makina horiek sarearekin loturik egotea, haiek kudeatzeko, konponketak edo bestelako aldaketak egiteko. Eta inork eraso egingo balie sarearen bidez? Hainbat egunetan edo ordutan ekoizpen makina bat geldirik utzi duen birus batek zenbateko kalte ekonomikoa eragin dezake? Edozein erabiltzaile pribatuk antibirus bat behar duen moduan, enpresek beraienak behar dituzte, jokoan asko baitute. Horregatik sartzen da bete-betean zibersegurtasuna 4.0 teknologian. «Ez dago zero arriskua», ohartarazi zuen Tapiak, baina gaineratuz ahalik eta segurtasun handiena lortu behar dutela enpresek, eta horretarako teknologia berria sortzeko gai izan behar dutela.

Basque Digital Innovation Hub sarea izan da aurtengo beste ekinbide izarra. Sailburuak garbi utzi zuen «ez dela komeni enpresa txiki eta ertainak atzean geratzea»; alegia, muturreko teknologien erabilpenean «bi abiadura egotea». «Ez ditugu nahi enpresa itxiak ikusi teknologia berrienera iristeko gai ez direlako». Basque Digital Innovation sare horren bidez enpresa txiki eta ertainek azken joeren berri dute, eta haiek probatzeko aukera ere bai, benetan ikus dezaten haien erabilpenaren potentzialtasuna. Sare hori I+G proiektu berriak abiarazteko hauspoa ere bada, beraz.

Horrez gain, Lakuaren 4.0 estrategiaren pilotaje taldeak teknologia berriek industriaren enpleguan izango duten eragina aztertzen ari direla onartu zuen Arantxa Tapiak. «Patronala, gobernua eta sindikatuak» ere parte hartzen ari direla erantsi zuen. «Etorkizuneko profesionalen soslaien inguruko azterketa egiteko konpromisoa hartu dugu, eta 2018rako industria arloko doktoretzak sustatzeko helburua jarri dugu». Sailburuak aditzera eman zuen 4.0 industriari heltzea ezinbestekoa zaiola euskal ekonomiari. «Bakarrik nabarmenduko gara zerbait diferentea martxan jartzen badugu, zerbait berria. Bakarrik lehiakorrak bagara jarraituko dugu ekonomia produktiboaren lidergoan; tren hau ezin dugu galdu».

Adituen hitzaldiak, mahai inguruak eta dozenaka standen erakusketak egon ziren Kursaalean. Makina-erreminta, aeronautika, energia eta autogintzaren sektoreak oso presente egon ziren. Sektore horiek dira 4.0 teknologiaren abangoardia, eta kluster horien barruan hainbat enpresa motor, adibidez Gamesa Siemens, Aernnova, ITP, Ulma, Soraluce, Ingeteam, Fagor Arrasate eta beste hainbat. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak zabaldu zuen topaketa; «eragile guztiei elkarrekin» aritzeko deia egin zien, herrialde osoaren erronkatzat jotzen duelako 4.0 industriaren olatua hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.