Manuel Salaberria. Basque Industry 4.0 Pilotatze Taldeko zuzendaria

«4.0 industriaren erreferente gara autogintzan eta makina-erremintan»

GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
4.0 teknologia garatu eta baliatzen duten enpresak sektoretako motorrak izan ohi dira. Enpresa txikiek eta ertainek zailagoa dute punta-puntako teknologia eskuratzea. Haiei laguntzeko sortu zuten iaz Basque Digital Innovation Hub, aditu eta egituren arteko sarea, aholkularitza eta probalekuak eskainiz, 4.0 munduan barneratu daitezen.

Urtebete pasatxo joan da 4.0 industria motor diren enpresetatik harago irits dadin. Helburuak betetzen ari dira?

Maila handi batean, bai. Digital Hub esperimentazioaren lehen maila errazten die enpresa txikiei eta ertainei. Aholkularitza ematen dugu, trebakuntza, eta arrakasta izan duten kasu errealen kontakizuna. Edozein enpresak dauka aukera industriaren errealitate berria bertatik bertara ezagutzeko, probatzeko.

4.0ren zein esparru lantzen dituzue?

Bi esparrurekin abiatu ginen, fabrikazio gehigarriarekin eta elkarlanerako robotikarekin. Zentro teknologiko, unibertsitate eta lanbide hezkuntzan dauden azpiegituretan mamitzen dira. Esparru bakoitzak bere koordinatzailea dauka, eta hark jasotzen ditu enpresen eskaera zehatzak.

4.0 eskaintza oso zabala da; esparru gehiago lantzen hasiko zarete?

Hasi gara jada. Biosegurtasuna jorratzen dugu, batik bat Basque Cibersecurity Centerren bidez. Alor horretan negozioak zabaldu nahi dituztenek badute nora jo lehen urratsak egin eta proiektuak egituratzeko. Horrez gain, laugarren esparru batekin hasi gara, baina oraindik findu egin behar dugu. Soluzio digitalena da. Sentsoreen, big data-ren eta adimen artifizialaren atal zabal hori ezagutarazi nahi dugu enpresen artean.

Monitorizazioak, une oroko informazioa eta zuzenketa, big data-ren erabilerak... ekoizpena bera aldatzeko gai direla diozue.

Atal hori eta 4.0 industriaren beste hainbatek ekoizpena aldatu, eraldatu eta ekoizpen berriak asmatzeko gaitasuna dute, zalantzarik gabe. Digitalizazioa oinarrizkoa da, baina hor daude fabrikazio gehigarria, elkarlanerako robotika eta zibersegurtasuna, esaterako. Dena da bat aukera berriak sortzeko enpresentzat. Ekoizpenaren eraginkortasunetik harago, enpresak 4.0 estrategia batean sartzea da kontua.

Laster beste esparru batzuk eskainiko dituzue?

Hori da gure asmoa. Gai berrien inguruan lanean ari gara, eta elkarren artean lotutako makina adimendunen inguruan ere bai. Ideia da bide mekaniko klasikoekin dabiltzanak makina adimendunekin hastea.

Erakundeak izugarri sustatzen ari dira 4.0 industria; eta, hala ere, ez ote dute oraindik arrotz ikusten gihar finantzario nahikorik ez duten enpresa txikiek?

Baikorra naiz. Asko sustatzen ari gara hau, eta iristen ari gara enpresetara. Begien bistakoa da: enpresa handiek estrategia propioak dituzte berrikuntzaren alorrean eta 4.0 industriarekiko. Baina guk geurean jarraitu behar dugu, 4.0 estrategiaren inguruan gauza zehatzak erakusten, merkatura zuzenduak, denek ikus dezaten komenigarria dela maila guztietan, eta enpresa txiki eta ertainei buruz ari naiz, noski. Euskal enpresa handiak erreferente izan behar du 4.0 estrategian, baina haien inguruan beste hornitzaile guztiek ere bai, koherentzia bat egon dadin sektoreetan.

Alemaniaren, Frantziaren eta beste eragile nagusien atzean da euskal industria 4.0 atalean. Zenbateko tartea dago?

Hurbiltzen ari gara; erreferente ere bagara hainbat sektoretan; makina-erremintan, autogintzan eta aeronautikan, adibidez. Baina lehia edonondik iristen da, eta balioa sortzen jarraitu behar dugu posizioak ez galtzeko. Iparraldera begiratzen dugu, eta gauzak ondo egiten ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.