EHUko Ekonomia Aplikatuko Saileko irakaslea eta ikerlaria

Jon Bernat Zubiri: «37,5 orduko lan astea ezartzea neurri merkea da enpresentzat»

Lanaldia murrizteak enpresentzat ere onurak dituela nabarmendu du Zubirik, eta horretaz jabetzen lagundu behar zaiela. Aparteko orduen auzian ere arreta jarri behar dela iritzi dio: «Asko egiten dira Euskal Herrian, eta haien erdiak, ordaindu gabe».

Jon Bernat Zubiri EHUko irakaslea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Bernat Zubiri EHUko irakaslea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Leioa
2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Jon Bernat Zubirik (Bilbo, 1982) urteak daramatza lanaldiaren murrizketa aztertzen, eta auziaren erpin guztiak ezagutzen ditu. Argi du mesedegarria dela lanaldia lan hitzarmenen gainetik egongo den arau baten bitartez mugatzea, eta uste du hura kontrolatzeko tresna publikoak behar direla.

Lanaldiak luzeegiak al dira?

Bai, batez ere sektore pribatuan. Horregatik, ezinbestekoa da lanaldia murriztuko duen lege orokor bat egotea, batez ere lan itunik gabeko edo lan itun txarra duten sektoreetako langileak babesteko.

25 urte pasatu dira 35 orduko lan astearen aldeko greba egin zenetik, baina gaiak hor jarraitzen du.

1990eko hamarkadan krisi ekonomiko larria egon zen, eta horrelakoetan lanaldia murrizteko eta lana banatzeko aldarrikapena hedatu zen. 2000ko hamarkadan, baina, apaldu egin zen, hazkunde ekonomikoaren ondorioz ugaritu egin baitziren kontratazioak. 2008ko krisiarekin, hainbat jende berriz ere hasi zen gaiaz hitz egiten, baina azken urteetara arte ez da itzuli lan politiken lehen lerrora. Eskertzekoa da, orain ez baitugu 35 lanorduko astea eskatzen, baizik eta baita 34 edo 32 ordukoa ere. Zergatik? Besteak beste, 25 urteotan ekonomia asko garatu delako produktibitatearen eta teknologiaren arloan.

«Hego Euskal Herriak, oro har, Espainiak baino lanaldi apur bat motzagoak ditu; Europarekin alderatuz gero, baina, Euskal Herriak badu hobetzeko tartea».

Politiken lehen lerrora orain iritsi al da?

Veronica Castrillon EHUko irakaslea eta biok 2004tik ari gara ikertzen lanaldia laburtzeko politikak. Hasi ginen Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako ikerketa bat egiten, eta gero Nafarroako aldaketaren gobernura bideratu genuen. Orain, urte batzuk daramatzagu Espainiako jokalekura begira, baldintza eta aukera politikoak hor baitaude. Badakigu aurten gehiegizko lan astea 37,5 ordura jaisten hasiko dela Espainiako Lan Ministerioa. Urte batzuetako aldaketa izango da, eta horrek hainbat langileri eragingo die, baita Hego Euskal Herrian hortik gorako lan astea dutenei ere.

37,5 eta 32 orduko lan astea hedatzeak zer eragin izango lukeen ikertu duzue. Zeintzuk dira ondorioak?

Ondorio nagusia da 37,5 orduko lan astea oso merkea dela enpresentzat. Kostu txikiko neurria izango da. Sektore eta enpresa askotan, lan astea hortik beherakoa da jada. Bigarren ondorio nagusia zera da, lanaldia gutxitzean kontratazio berriak sortzen direla: merkataritzan, ostalaritzan eta eraikuntzan batez ere; eta gutxi batzuk industrian eta garraioan. Haiei esker, kotizazio sozial berriak sortuko dira, langabezia sariak ordaintzeko beharra gutxituko da, eta zerga bilketa handituko: PFEZa, BEZa… Erakunde publikoen diru bilketa handituko da. Enpresen gainkostuaren %60 inguru bueltatuko da erakunde publikoetara, eta hortik enpresei laguntzeko tartea sortuko da.

Jon Bernat Zubiri EHUko irakaslea.
Jon Bernat Zubiri EHUko irakaslea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nola daude lanaldiak Euskal Herrian?

Ipar Euskal Herrian, duela hogei urte baino gehiago ezarri zen 35 urteko lan astea. Gipuzkoan, Nafarroan eta batez ere Araban lanordu gutxiago izan ohi dituzte, sektore produktiboagoak baitira nagusi. Bizkaian, berriz, industriak pisu txikiagoa du, eta horrek zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia sustatu du: merkataritza, ostalaritza… Lanaldiak luzeak dira oraindik. Hego Euskal Herriak, oro har, Espainiak baino lanaldi apur bat motzagoak ditu; Europarekin alderatuz gero, baina, Euskal Herriak badu hobetzeko tartea. Eta ez bakarrik legezko lanaldian, baita aparteko orduetan ere. Euskal Herrian, Espainian bezala, aparteko lanordu asko egiten dira.

Zenbat?

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, langileen laurdenek baino gehiagok egiten dituzte aparteko orduak. Hori asko da, eta erdiak kobratu gabekoak dira, gainera. 400.000 pertsona inguruk egiten dituzte aparteko orduak Euskal Herrian. Aparteko lanorduak egiteko arrazoi nagusia soldata txikiak dira, eta haiek duintzeko beharra. Sektore prekarioetan askoz ohikoagoak dira baldintza onak dituztenetan baino.

«400.000 pertsona inguruk egiten dituzte aparteko orduak Euskal Herrian, eta gehienek soldata duintzeko egiten dituzte».

32 orduko lanaldia ere aztertu duzue. Horrek izan beharko luke hurrengo pausoa?

32 orduko lan astea helburu politiko bideragarri bat da. Teknologiaren eraginez denbora txikiagoan berdin ekoizteko gaitasuna garatzen ari garenez, erantzun berdinzale eta birbanatzaile bat da. Keynesek zioen garapena ikusita XX. mendean asko murriztuko zela lanaldia. Erratu egin zen, eta, gero eta produktiboagoak izan arren, gehiago edo berdin lan egiteko joerari eutsi diogu. Azken 100 urteetan, egunean zortzi ordu lan egiteko joera ia ez da aldatu. Pixka bat gutxitu da, baina ohikoena astean 40 orduz lan egitea da. Euskal Herrian, gainera, bada arazo bat lan osasunarekin, absentismoarekin… ikertuta dago lan gutxiago eginda horiek hobetu egiten direla.

Baina gero jende batek 23:00etan afaldu nahi izaten du etxetik kanpo.

Hor bada eztabaida. Politikari batzuek 24 orduko hiriak sustatu nahi dituzte. Euskal Herrian, orain arte behintzat, ezetz esan diegu. Hor lorpen historiko indartsu bat dago: patronalek, sindikatuek, elizek eta kontsumitzaile zein merkatari elkarteek eskatu eta lortu zutela domekan lan egitea debekatzea. Iñaki Azkuna Bilboko alkate ohia aurka zegoela gogoratu behar da. Domeketan jai izatea zen eskaera, eta agian zapatua libre izatea ere eskatuko dugu. Gutxienez denok bi egun libre izatea, sektore batzuetan egun eta erdi baitute bakarrik.

Arropa dendak 21:30ean irekita ikustera ohitu al gara?

Ikertuta dago merkataritzan salmentak finkoak direla, ordu gehiago irekitzeagatik ez dela gehiago saltzen. Esperimentu oso interesgarria egin zuten Gironan [Herrialde Katalanak]. Hiriko saltoki guztiek ordubete lehenago ixtea erabaki zuten, eta salmentak ez ziren batere gutxitu. Sektorea pozik gelditu zen, eta betikotu egin zen neurria.

«Ikertuta dago merkataritzan salmentak finkoak direla, dendak ordu gehiago irekitzeagatik ez dela gehiago saltzen».

Nazioartean lanaldi murrizketa probatzeko eginiko esperientzia batzuk ikertu dituzu. Beti esaten da mesedegarriak direla; egia al da?

Bai. Portugalen egin dira, Valentzian, Katalunian… Esperientzia interesgarriak dira, enpresa mundua inplikatu baitute, eta gero eta gehiago konturatzen ari dira lanaldia murriztea mesedegarria dela: absentismoa gutxitzen da, langile onei eustea errazten du, enpresaren aldeko konpromisoa indartzen da… Probatu diren ia enpresa guztietan, lanaldi murritzagoekin jarraitu dute lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.