«Ez da enpresen kontrako legea. Hobeki funtzionatzea ahalbidetuko die lege honek. Hobeki funtzionatzen badute, gehiago irabaziko dute, eta, ondorioz, enplegu gehiago sortu ere bai». Hori aditu zen 1998ko urtarrilean Martine Aubry Enplegu ministroaren ahotik, 35 oreneko lan astearen lege proposamena Frantziako Asanblea Nazionaleko eztabaida saioetara eramaten hasi zelarik. Lege hori onartua izan zen, eta, 1998az geroztik, 35 oreneko lan astea orokortua da Ipar Euskal Herrian.
Hilabete batzuk lehenago, 1997ko maiatzean, 35 oreneko lan astea hitzemanez aurkeztu zen Lionel Jospin PS Alderdi Sozialistako hautagaia Asanblearako hauteskundeetara, eta bozak irabazi zituen. Langabeziaren kontrako neurri gisa aurkeztu zuen, eta 60 urtean Frantziako lan arloan proposaturiko lanaldi murrizketarik handiena zen. 1936an, berrogei oreneko lan astea ezarri zuten, eta, 1982an, François Mitterrandek oren bat murriztu zuen, Alderdi Komunistaren babesa lortzeko.
Jospinen egitasmoak ontsa ezagutzen zituen Jacques Rigaudiat ekonomialariak. Garai hartan, Jospinen kontseilari zen, eta, Berriari azaldu dio Frantziako langabezia tasa %10,3ra igana zela eta hura jaistea zela presidentearen ardura nagusietariko bat. Legearen helburua enplegu berriak sortzea zen, eta hala egin zuela aldarrikatu du Rigaudiatek. 2002an, %7,5era jaitsi zen langabezia tasa, eta 800.000 langabe gutiago zeuden Frantzian. «Lorpen handia» izan zela nabarmendu du; haren kalkuluen arabera, lege berriak 500.000 enplegu sortu zituen.
Lan testuinguru berria
25 urte berantago, baina, Insee Frantziako Estatistika Institutuko datuek legearen eraginkortasuna zalantzan jartzen dute. Neurketen arabera, 2022an, asteko lanaldia 40,1 orenekoa izan zen batez bertze. Izan ere, 35 oreneko legeak ez du gehiegizko muga bat ezartzen, hortik goitikoak oren gehigarri bezala zenbatu behar direla baizik.
Rigaudiat kritiko mintzo da Lan Kodeak izaniko aldaketa «handiez», haren ustez langilea babesgabeago dagoelako orain. 2008an Bertrand legea delakoak —Nicolas Sarkozy orduko presidentearen aginduz—, aldaketa nabarmena eragin zuen 35 orenen sistemara. Izan ere, harrezkeroztik enpresa hitzarmenak finka dezake langilearen laneko oren kopurua. Alegia, langilea eta enpresa ados badaude, lan astea 35 orenetatik goitikoa izan daiteke. Bertze oren guziak oren gehigarriak izanen dira.
Peio Dufau CGT sindikatuak Ipar Euskal Herrian duen ordezkarietako bat da, eta, haren aburuz, 35 oreneko lanaldiak oro har errespetatu egiten dira. Hala ere, onartu du 39 edo 40 oreneko lanaldiak ere «usu» egiten direla. Enpresek ez dute zergarik pagatzen oren gehigarriak eskainiz gero, eta, beraz, Dufauren erranetan, «postu berriak sortu baino, nahiago dute dauden langileei oren gehigarriak ordaindu». Zehaztu du langileek «kalitatezko lana» egiten dutela eta oren gehiago egoteko prest daudela lantokian beren lana «ongi bukatzeko». Hori dela eta, bortz eguneko lan astean langile anitzek errazki «bi oren gehigarri edo gehiago» egiten dituztela iharduki du.
«Langileek bi oren gehigarri edo gehiago egiten dituzte astean».PEIO DUFAUCGT sindikatuko kidea
Dufauren sindikatuaren aburuz, aterabidea 32 oreneko lan astea litzateke: zortzi oreneko lau lan egunetan banaturik. Banaketa horrek «bizitzako betebehar anitz egiteko eta etxeko lanetarako eta aisialdirako» denbora gehiago utziko lieke langileei. Bertzalde, langabeziaren kontrako neurria ere balitzakeela azpimarratu du: «Lana banatzen bada, aberastasuna sortuko luke sistema berri horrek. Kotizatzaile gehiago leudeke, eta, ondorioz, langabe gutiago».
Rigaudiatek, berriz, Lan Kodea sendotu nahi luke lanaldi murritzago baten alde egin aitzin: «Zaila da mintzatzea soldataz, lanaldiaren iraupenaz edo lan baldintzez, Lan Kodearen testuinguru berria galdezkatzen ez bada». Azken urteetan Lan Kodearen egoera «txartu» dela uste du, enpresa hitzarmenak lehenesten baitira sektoreko lan itunen aitzinetik.
«Zaila da mintzatzea soldataz, lanaldiaren iraupenaz edo lan baldintzez, Lan Kodearen testuinguru berria galdezkatzen ez bada».
JACQUES RIGAUDIAT Ekonomialaria
Funtsean, ekonomialariaren hitzetan, Lan Kodea aldatu ezean, zaila izanen litzateke 32 orenen langa enpresa guzietara zabaltzea. «Sindikatuak biziki indartsu diren lekuetan egin daiteke, enpresa handietan adibidez, baina zure auzoko okindegian edo mekanikariaren tailerrean biziki zaila litzateke ezartzea».