288 pertsona ezagunen sinadurak bildu dituzte pentsiodunen HELaren alde

Eskaera aurkezteko behar adina sinadura izan arren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gizarte zibilari dei egin dio, babesa biltzen jarraitzeko. Politikaren, sindikalismoaren, kirolaren eta kulturaren arloko pertsona ezagunen babesa jaso dute.

Pentsiodunen HELaren manifestuaren irakurketa. Irudian, Arantxa Fernandez de Garaialde. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pentsiodunen HELaren manifestuaren irakurketa. Irudian, Arantxa Fernandez de Garaialde. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko otsailaren 4a
19:45
Entzun

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurrera atera nahi duen herri ekinaldi legegilea (HEL) hauspoa hartzen ari da. Sinadurak biltzeko kanpaina abian dute, eta Euskal Herriko 288 pertsona ezagunen atxikimendua lortu dute. Sinatzaileek bere egiten dituzte pentsiodunen eskaerak, eta irizten diote «premiazkoa bezain ezinbestekoa» dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa legez ezartzea, milaka pentsiodunek bizi duten egoera zaurgarria «bidegabekeriatzat» baitaukate.

Atxikimendu zerrenda mamitsua aurkeztu dute pentsiodunek Bilbon, Kafe Antzokian eginiko ekitaldi batean. Arlo askotako jende ezagunaren babesa jaso dute. Ez da erraza entresaka egiten, baina zerrendan ageri dira, besteak beste, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreak, Lucia Lakarra dantzaria, Jose Angel Iribar futbolari ohia, Pako Etxeberria auzitegi medikua, Juanito Oiarzabal mendigoizalea, Benito Lertxundi abeslaria, bertsolari asko, Euskal Herrian ordezkaritza duten ia sindikatu guztietako idazkari nagusiak, eta Joseba Azkarraga, Martin Garitano eta Isabel Lopez politikari ohiak.

Pentsiodunek argi dute ahalik eta sinadura gehien biltzea dela HELa onartua izateko bermerik sendoena, eta nahi dute 10.000 sinaduren langa txiki gelditzea

Ekitaldi dotorea izan da, bertsoz eta olerkiz ondo hornitua. Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariak ekinaldia zein beharrezkoa den azaldu du, «miseriazko pentsioetatik duintasun pentsiora igarotzeko» beharra aipatuta. Ondoren, HELaren aldeko manifestua irakurri dute Toti Martinez de Lezea idazleak, Arantxa Fernandez de Garaialde Hitz&Hitz fundazioko kideak, Jose Luis Otamendi idazleak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak.

Iazko irailaren 26an aurkeztu zuten HELa Eusko Legebiltzarrean, eta ganberako mahaiak onartua du. Haren inguruko eztabaida egin dadin, 10.000 sinadura behar dituzte, eta, haien kalkuluen arabera, langa igaro dute jada. Ekinaldiaren bultzatzaileek helburua, baina, askoz gehiago izatea; are, argi dute ahalik eta sinadura gehien biltzea dela hura onartuko dutela ziurtatzeko bermerik sendoena, eta sinatzaile ezagunek horregatik dei egin diote gizarte zibilari. Astero herri eta hiri askotan biltzen dituzte sinadurak.

Pentsiodunen mugimendua
HELaren aldeko manifestua irakurtzeko ekitaldian bildutakoak, Bilboko Kafe Antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Beren babesa berresteko manifestuan, sinatzaileek zuzen-zuzenean egin diote eskaera bat Eusko Jaurlaritzari: erantzukizun hori bere gain har dezala beharrezkoa diren baliabide ekonomikoekin, eta gogoratu diote «nahikoa eskumen» badituela horretarako. Lege ekinaldi horren bidez, bermatuko da zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru sarrera egokiak izatea, pentsioak garaian garaiko gutxieneko soldatarekin berdinduz.

Hori lortzeko, eskatzen dute kopuru horretara iristen ez diren pentsioen onuradunei «beharrezko osagarria» aplikatzeko, eta «eskumena duen administrazioak» legea ofizioz aplikatzeko. Pentsiodunek, halaber, esana dute euskal pentsio sistema publikoa lortzea dutela helburu.

Manifestuan, beste behin nabarmendu dute emakume pentsiodunen egoera are larriagoa dela, bereziki alargunena. Langile izandakoek lan baldintza kaskarragoen eragina nozitzen dute erretiroa hartzean ere, eta pentsio txikiagoak dituzte. Larriago daude kotizaziorik gabeko pentsiodunak, eta gehien-gehienak emakumeak dira «Kotizatu gabeko pentsioak 500 euro pasatxokoak dira, eta horien %70 emakumeek jasotzen dituzte».

Eskaeraren Sinatzaileetako batzuk

  • Arte eszenikoak eta bertsolaritza. Lucia Lakarra, Joxemari Agirretxe 'Porrotx',  Ramon Agirre; Ylenia Baglieto; Elena Irureta; Itziar Ituño; Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin.
  • Erakunde politikoetako kide ohiak. Joseba Azkarraga, Helena Franco, Martin Garitano, Isabel Lopez, Javier Madrazo, Jose Navas eta Jaime Tapia.
  • Musika.  Anari Alberdi, Eñaut Elorrieta, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Olatz Salvador, Joseba Tapia, Mikel Urdangarin eta Josu Zabala.
  • Kirola. Helene Alberdi, Iñaki Artola, Jose Manuel Esnal Mane, Alberto Iñurrategi, Jose Angel Iribar, Juanito Oiarzabal; Iñaki Osa Goikoetxea, Maider Unda eta Garikoitz Uranga.
  • Kazetaritza. Lorea Agirre, Anakoz Amenabar, Dani Garrido, Amaia Goikoetxea, Amagoia Mujika, Martxelo Otamendi, Arantxi Padilla, Maider Segurola, Ilaski Serrano, Joseba Solozabal, Iñaki Soto, Teresa Toda, Arantxa Urretabizkaia eta Xabier Usabiaga.
  • Bestelakoak. Pako Etxeberria (auzitegi medikua) eta Iñaki Goirizelaia (EHUko errektore ohia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.