%27ko tasa ezarri dute 240.000 eurotik gorako errententzat

Ogasunek PFEZ zergaren taulak berrikusi dituzte, eta maila berri bat ezarri. Bizkaian onartuko da; Araba eta Gipuzkoan, berriz, ezin da ziurtatu oraindik.

Bizkaia ogasunaren egoitza, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bizkaia ogasunaren egoitza, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko azaroaren 18a
19:45
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek onartu asmo duten zerga erreformak %27ra handitu nahi du 240.000 eurotik gorako errentek ordaindu beharreko tasa. Iragan astelehenean aurkeztu zituzten EAJk eta PSEk adosturiko aldaketen lerroburuak, eta, testu osoaren berri eman ahala, xehetasun gehiago jakiten ari dira. Tasa berria da horien arteko deigarrienetakoa.

Aldaketa horren muina PFEZaren ordainketa taulen diseinu berri bat da. Orain arte zeuden bost ordainketa mailak berrikusi dituzte, eta beste bat erantsi, %27ko gehienezko tasa ezarriz. Gauzak horrela, 15.000 euro arteko diru sarrerak dituzten pertsonei %20ko tasa aplikatuko zaie errenta aitorpena egitean; 30.000 eurora artekoei, %22koa; 30.000 eta 60.000 artean irabazten dituztenei, %25ekoa; 120.000 eta 240.000 euro artekoei, %26koa, eta 240.000tik gorakoei, %27koa. Nabarmentzekoa da 19.000 euro baino gutxiago irabazten dituzten pertsonak ez daudela behartuta errenta aitorpena egitera.

2022ko datuen arabera, EAEko biztanleen %1,27k irabazten du 102.000 eurotik gora. Ez du zehazten zenbat diren 240.000 eurotik gora dabiltzanak.

Gipuzkoako aldundiko ogasunak jakinarazi ditu xehetasunak, eta, haren iritziko, aldaketa horren bidez, progresibitate asmora gerturatu nahi dute zerga zama, «aurreztaile txikiek pairatzen dutena murriztuz eta errentarik handienek jasaten dutena handituz». Eta zenbat dira tasa berria ordainduko duten zergapekoak? Gutxi. Eustaten 2022ko datuen arabera, EAEko biztanleen %1,27k irabazten du 102.000 eurotik gora. Ikerketaren galbaheak ez du zehazten zenbat diren 240.000 eurotik gora dabiltzanak.

Hiru ogasunek adosturiko aldaketak dira, baina Bizkaian bakarrik ziurta daiteke bere heinean onartuko direla, EAJk eta PSEk nahikoa babes baitute Batzar Nagusietan. Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, beste bazkide bat behar dute. Elkarrekinek esan du negoziatzeko prest dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.