21 enpresagune bultzatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak 2024-2030 aldian

Ekonomia «produktibo, arduratsu eta orekatua» sustatu nahi dute. Bostehun enpresa laguntzen ditu elkargoak. Lurralde osora zabaldu nahi dute jarduera ekonomikoa.

Etxegarai eta Durruti —erdian—, Euskal Elkargoaren garapen ekonomikorako eskemaren aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU
Etxegarai eta Durruti —erdian—, Euskal Elkargoaren garapen ekonomikorako eskemaren aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko irailaren 17a
18:30
Entzun

Ekonomia «produktibo, arduratsu eta orekatua». Hala definitu du Sylvie Durruti Ekonomia eta Berrikuntza lehendakariordeak zer asmo duen Euskal Hirigune Elkargoak 2024-2030 aldirako. Garapen ekonomikorako eskema aurkeztu dute Jean Rene Etxegarai lehendakariak eta biek, ondoko urteetarako atxiki nahi duten ildoa zehazteko. 

«Ez da elkargoak eginen dituen ekintzen katalogo bat; bide orri bat da», zehaztu du Durrutik. Ekainean bozkatu zuen eskema elkargoko batzarrak aho batez, eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean. Esplikatu dute 21 ZAE jarduera ekonomikorako eremu bultzatu nahi dituztela ondoko sei urteetan, Ipar Euskal Herriko lurralde osoan enpresaguneak sortzeko. Etxebizitzaren gaia, bidaiak murriztea... horiek guziak dituzte kontuan. «Lurraldearen antolamenduaren ikuspegitik ari gara», argitu du Etxegaraik. Gaur egun, hamabost hektarea dituzte berehala erabiltzeko prest, eta beste berrogeita hamar prestatu nahi dituzte ondoko urteetan. 

136

 

Enpresaguneak. Ipar Euskal Herrian, 136 ZAE jarduera ekonomikorako eremu daude. Horietarik 83 kudeatzen ditu Euskal Elkargoak; 1.500 hektarea orotara. Beste zortzi eremu publikoetan dira, eta azken 46 guneak pribatuak dira.

Iaz Irisarrin (Nafarroa Beherea) eta Milafrangan (Lapurdi) estreinatu zituzten enpresaguneak laudatu dituzte Durrutik eta Etxegaraik. Lehenengoan hogei enpresa inguru instalatzea espero dute; bigarrenean, ofizialeentzako lantegiak izanen dira nagusiki. Heldu den urtean Bankan (Nafarroa Beherea) aurreikusi duten Olha gunea ere goraipatu dute, Aldudeko ibarraren garapena lagunduko duelakoan. 

PLUI herriarteko tokiko hirigintza planetan enpresagune gehiago ere lantzen ari direla zehaztu dute. 

Laguntzak enpresei

Gaur-gaurkoz bostehun enpresa laguntzen ditu Euskal Elkargoak, eta urtero 50 enpresa sartzen dira elkargoaren diruztatze dispositiboetan. Sustatu nahi dituzten sei bikaintasun adar bereizi dituzte: industria eta zerbitzu digitalak, aeronautika, puntako osagaiak eta robotika, eraikuntza iraunkorra eta ekonomia urdina, laborantza eta medikuntza teknologia.

2017tik 2023ra 2,8 milioi euro banatu dituzte 230 enpresaren artean. Horrek 43 milioi euroren inbertsioak bideratu dituela baieztatu du Durrutik. Izan ere, erran duenez, elkargoak inbertitzen duen euro bakoitzeko, enpresek lurraldean bost eta hamahiru euro arteko inbertsioa egiten dute. 

Eskemaren aurkezpenean, azpimarra egin diote berrikuntza arloan egiten duten sustapen lanari. Durrutik eman dituen datuen arabera, azken hamar urteetan milioi bat euro banatu dute, 285 enplegu gehigarri sortzeko balio izan dutenak. 45 enpresaren proiektuak sustatu dituzte orotara. 

Ekologia eta energia trantsizioa

Elkargoak osatu duen eskema ekonomikoan, helburu gisa hartu dute Ipar Euskal Herriko enpresek bere egitea ingurumen aztarnari buruzko gogoetak. Ur kontsumoan eman dute arreta, berriki abiatu baitute Enpresak eta Uraprograma. Urtean mila metro kubiko baino gehiago kontsumitzen duten enpresei laguntza emanen diete banakako azterketak egin eta ur edangarriaren kontsumoa apaltzen lagunduko duten inbertsioak egiteko. 

Halaber, sektore berdinetan ari diren enpresen arteko trukaketa ere bultzatu nahi dute. Izan ere, jarduera bera duten enpresek oso kontsumo desberdinak izan ditzaketela ikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.