AUTOGINTZA

2035tik aurrera konbustio autorik ez saltzea onartu du Europako Parlamentuak

2030erako CO2 isuriak erdira murrizteko araudia onartu du. 27 estatu kideen onespena falta da soilik araudia onartzeko.

Gasolindegi bateko bezero bat, Madrilen, artxiboko irudi batean. MIGUEL OSES / EFE
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 14a
15:57
Entzun 00:00:0000:00:00

2035. urtetik aurrera Europako auto saltokietan ezingo da konbustio motorrak dituzten auto eta furgoneta berririk saldu. Hala onartu berri du Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia), eta CO2 isuriak murrizteko araudi berriko neurri zehatz bat da. Aldeko 340 boto izan ditu araudiak, aurkako 279 eta 21 abstentzio. Joan den urrian behin-behineko akordio bat lortu zuten Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, Europako auto parkearen CO2 isuriak murrizteko, eta gaur berretsi du Parlamentuak; 27 estatu kideen onespena besterik ez da falta.

Nahiz eta konbustio auto eta furgoneta berriei iraungitze data 2035ean jarri, tarteko helburuak ere baditu Europak. 2021. urtea neurgarri hartuz, 2030erako auto berrien isuriak %55 jaitsi beharko dira guztira, eta %50 furgoneten kasuan. Auto fabrikatzaileek neurri horiek errespetatu beharko dituzte Europako Batzordearen diru laguntzak jasotzeko.

Ikusi gehiago:Auto elektrikoen matrikulazioak gora doaz Europan.

Zehazki, 2025 eta 2029 bitartean saldutako autoen %25 zero isuri edo gehienez kilometroko 50 gramo CO2 isurtzen dituztenak izan beharko dute diru laguntzak jasotzeko; furgonetei, berriz, %17. Diru laguntza 2030ean amaituko da.

Beste neurri batzuen artean, bi urtean behin Europako Batzordeak ikerketa bat egingo du mugikortasun jasangarriaren bilakaera nolakoa den jakiteko, 2025ean hasita.

Luxuzko markak, salbuetsita

Neurri horiek, baina, ez diete auto fabrikatzaile guztiei eragingo. Urtean «auto kopuru txikia» fabrikatzen dutenei —1.000 eta 10.000 auto artean edo 1.000 eta 22.000 furgoneta artean— urtebeteko luzapena emango diete, 2035eko abenduaren 31ra arte, eta 1.000 ibilgailu baino gutxiago egiten dituztenei, berriz, ez die neurri horrek eragingo.

Orokorrean, luxuzko markak dira urtean hain auto gutxi fabrikatzen dituztenak. Marka horietako gehienek potentzia handiko auto azkarrak egiten dituzte, gehien kutsatzen dutenak alegia, baina ez diote konbustio autoak saltzeari utzi beharko 2035etik aurrera. Italiako Lamborghini luxuzko auto fabrikatzaileak, esaterako, 8.405 auto saldu zituen munduan 2021ean. Lamborghini Huracan batek, esaterako, Renault Megane batek baino hiru aldiz gehiago CO2 isurtzen du —Lamborghiniak 210 gr/miliako, eta Renaultak 76 gr/miliako—.

Alderdi Popularrekoak, neurriaren aurka

Europako Parlamentuko talde nagusiak, Europako Alderdi Popularrak, araudiaren aurka bozkatu du, eta neurriak gogor kritikatu ditu. Izan ere, Jens Gieseke Alderdi Popularraren araudi horretako negoziazioko eledunak adierazi du milaka lanpostu galduko direla, baita auto bat erostea garestiagoa izango dela ere. «Europa irteerarik gabeko bidexka batera ari da eramaten bere autogintza industria», esan du Giesekek. Izan ere, auto elektrikoak fabrikatzeko langile gutxiago behar da konbustio motordun autoak egiteko baino.

Berdeek eta sozialistek, alde bozkatu, eta araudia defendatu dute, baita Renew Europe taldeak ere, baina azken horiek adierazi dute autogintza industria garrantzitsua den eskualdeetan industriaren bilakaera laguntzeko neurriak hartu beharko direla. Ciudadanos alderdiko Susana Solisek adierazi du hori, eta, besteak beste, Nafarroa jarri du adibide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.