2025ean hasiko dira eraikitzen Navaleko pabiloiak

VGP jabearen arabera, orubearen %51 baino gehiago erabiliko dute industriarako. Urte hasieran eginiko iragarpena pixka bat atzeratu du.

VGPk Navalen orubean egin asmo duen parkearen fotomuntaia. VGP
VGPk Navalen orubean egin asmo duen parkearen fotomuntaia. VGP
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 23a
13:20
Entzun

Eraikuntzarako garabiak 2025. urte hasieran sartuko dira Naval ontziola historikoaren orubean (Sestao, Bizkaia). Orain arte eraiste makineria bakarrik egon da, baina VGP Txekiako logistika taldeak, orubearen jabeak, aurreratu duenez, hurrengo urteko hasieran hasiko dira pabiloi berrien eraikuntza lanekin. Jabea baikorra da epeekin, eta oso litekeena da egokitze lanak —urbanizazioa, errepideak...— urte amaieran hastea. Era berean, zehaztu du enpresa askoren arreta piztu duela kokaguneak, eta ez duela arazorik izango azaleraren %51 baino gehiago industria jardunerako erabiltzeko.

VGP baikorra da, baina urte hasieran emaniko epeak atzeratu egin ditu, otsailean ziurtzat jo baitzuen 2024ko «bigarren zatian» hasiko zela pabiloiekin. Dena den, badirudi hilabete gutxiko kontua dela. Izan ere, azken urtean orubeak itxuraldaketa nabarmena izan du, eta garai bateko biltegien arrastorik ere ez dago. Garabiak, Navalen bulego eraikin babestua eta bi dike lehorrak dira gelditzen diren ontziolako arrasto bakarrak.

Eraikuntza lanak garatu ahala ikusiko da zer izango den VGP Park La Naval gunea. Orduan jakingo da industriagune edo logistikagune deitu behar zaion. VGPk 2021ean erosi zuen 300.000 metro koadroko orubea, enkante bidez —36 milioi euro ordaindu zituen—, eta, ordu hartan, Eusko Jaurlaritzak baldintza bat jarri zion: azaleraren %51 baino gehiago industria jardunerako erabili behar zuen. Hiru urte geroago, jabeen ustez, baldintza hori ez da arazo, eta nabarmendu dute parkea «bereziki industriala» izango dela. Bere garaian energia eolikoko sektoreko enpresa handi batzuek interes handia izan zuten han kokatzeko.

ETA DIKE LEHORRAK?

Navaleko parkea hain baliotsu egiten duten ezaugarrietako bat da itsasadarrera irteera zuzena duela. Horri lotuta doa azpiegitura berriak izango duen bereizgarri nagusia: dike lehorrak. Jaurlaritzak babestu egin zituen ontziolak zituen bi dike lehorrak, eta Bilboko Portu Agintaritzaren esku utzi. Hari dagokio orubearen itsaso lerroa kudeatzea, eta, ondorioz, dike lehorrak ere bai. Agintaritzak BERRIAri zehaztu zion enpresa batek baino gehiagok erakutsi duela interesa, eta oso litekeena dela dike lehorrak ontzien konponketarako erabiltzea. Gertuen dagoen ontziola Murueta da, itsasadarraren beste aldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.