2024a, urte galdua auto elektrikoarentzat

Europako Batasunean bezala, Euskal Herrian uste baino askoz txikiagoa da ibilgailu elektrikoen merkatu kuota: %7,7. Autoen matrikulazioa %4,8 handitu da, eta, lehen aldiz, hibridoak saldu dira gehien.

Auto saltokiak Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Auto saltokiak Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 2a
15:50
Entzun

Amaitu berri den urtean urrats ñimiño bat egin du autoen elektrifikazioak. Hego Euskal Herrian 33.093 auto matrikulatu ziren, iaz baino %4,8 gehiago. Haietatik 2.555 izan dira elektrikoak (+%10), eta haien merkatu kuota hiru hamarren baizik ez da handitu, %7,4tik %7,7ra. Urteko garaileak hibridoak izan dira, %42,8ko kuota izan baitute.

Auto elektriko berrien prezioa eta haiek kargatzeko azpiegituren hedapen motela izan dira haien salmenta espektatibak ez betetzeko arrazoi nagusiak. Baina, aldi berean, egia da urtearen amaieran zenbait aldaketa ikusi direla. Abenduan, elektrikoen kuota %10,9ra iritsi zen, eta Nafarroan, lehen aldiz, bi auto elektriko azaldu ziren gehien saldutakoen zerrendan: Tesla Model 3ren 42 unitate eta Kia EV3ren 36 saldu ziren. Errekuntzako lehen modeloak, Dacia Sanderok, 19 unitate saldu zituen.

Berez, Nafarroa beste lurraldeen oso aurretik doa autoak elektrifikatzeko prozesuan. Han iaz matrikulatutako autoen %13,7 izan ziren elektrikoak, eta kopuru hori %23,9ra iritsi zen abenduan. Gipuzkoan doa motelen elektrikfikazioa (%5,3), baina ez ditu urruti Bizkaia (%6,3) eta Araba (%6,4).

Urteko irabazleak auto hibridoak dira; lehen aldiz, motor elektriko txiki bat eta errekuntzako motor nagusi bat duten autoak saldu dira gehien Euskal Herrian: %37,6 handitu da haien salmenta, eta %42,8ko kuota lortu dute. Eta horren erakusgarri da hibridazioen alde egin duten markak nagusitu zirela iaz, Toyota (3.124) eta Hyundai (2.524) buru zituztela. Haien artean da Europako markarik merkeena (Dacia, 2.561). Atzerago geratu dira garai bateko marka nagusiak: lehen hamarren artean sartu dira Renault, Peugeot eta Volkswagen, baina hondoratuta daude Opel (590), Ford eta Citroen (813).

Motorrei dagokienez, galtzaile nagusiak dieselak dira aurten ere. XX. mende hasierako lehen urteetan merkatuko liderrak izan ziren, baina dieselgate-az geroztik, haien kuota maldan behera doa: 2023an %10,7 izan zen, baina %6,7 baizik ez iaz.

TESLA MODEL 3
Tesla Model 3 batzuk saltokirako bidean, Kalifornian. JOHN G. MABANGLO / EFE

Diesel autoen salmenta %35,4 txikitu zen, eta behera egin zuen nabarmen gasolina erretzen dutenenak, %15,7 hain zuzen ere. Haien kuota %39,4tik %31,7ra jaitsi da urte bakar batean.

Europan ere, antzera

Euskal Herriarena ez da kasu bakana. ACEA Europako autogintzaren patronalak bi aste barru emango ditu EBko datuak, baina azaro artekoek erakusten dute auto elektrikoen salmenten igoerak eten bat izan zuela iaz. Azaro arte 1,3 milioi auto elektriko matrikulatu ziren EBn, aurreko urtean baino %5,4 gutxiago. Merkatu osoa %0,4 handitu zenez, elektrikoen kuota %14,2tik %13,4ra jaitsi da.

Gasolina erretzen duten autoak saldu dira gehien berriro ere (%33,7), baina haien kuota ere beherantz doa, eta baliteke 2025ean, lehen aldiz, hibridoek aurreratzea. 2024an haiena da handitu den merkatu kuota bakarra, %25,7tik %30,7ra.

Dieselaren gainbehera ez da geratu —%13tik %12,1era igaro dira— eta hibrido entxufagarriek kuota apala dute —%7koa, 2023an baino zazpi hamarren txikiagoa—.

Edonola ere, EBko lurraldeen artean aldeak oso handiak dira. Herrialde batzuetan gora egin du elektrikoen salmentak (Portugalen, Herbehereetan, Belgikan...), eta hiru herrialdetan haiek saldu dira gehien: Danimarkan (%50,4), Suedian (%34,4) eta Herbehereetan (%33,2).

Hein batean, Alemanian izandako erorikoaren ondorio izan da EBn merkatua galdu izana. Kontuak orekatze aldera, Berlingo gobernuak auto elektrikoak erosteko laguntzak kendu zituen iaz, eta merkatu kuota %18tik %13,4ra amildu da.

%88,9

Auto elektrikoen kuota, Norvegian. EBk 2035erako eten nahi du errekuntzako autoen salmenta, baina data hori bizkorrago iristekoa da Norvegian. Iaz, han matrikulatutako autoen %88,9 izan ziren elektrikoak (%82,4, 2023an). Petrolio eta gas ekoizle handia da Norvegia, baina zerga handiak jarri dizkie errekuntzako autoei, eta txikiak, berriz, elektrikoei. Ondorioz, zirkulazioan dauden autoen %28,6 elektrikoak dira jada.

Oro har, Europa iparraldeko herrialde aberatsetan dute arrakasta handiena auto elektrikoek, eta ekialdekoetan eta Mediterraneo aldekoetan gutxiena. Europa hegoaldeko bi merkatu nagusietan, ez zen aldaketarik izan kuotetan, eta lehendik apalak ziren: %4,1, Italian, eta %5,3 Espainian. Baina Portugalen kasuak erakusten du herrialdeen ahal ekonomikoa ez dela faktore bakarra: %17,7tik %19,3ra handitu da elektrikoen merkatuaren partea.

Europatik kanpo ere hausten da arau hori. Txina da auto merkaturik handiena, eta han jauzi handia egin dute ibilgailu elektrifikatuek. Elektriko hutsen kuota %24tik %30era igaro da.

2025ean, zer?

Hasi berri den urtean auto elektrikoen salmentak bultzada handia izango duela uste da. Horren arrazoietako bat da prezio apalagoko modelo gehiago iristekoak direla, Txinako ekoizleen aldetik ez ezik, baita Europakoen aldetik ere.

Beste faktore bat da CO2 emisioen mugak gogortu egingo direla aurten Europako Batasunean. CAFE izeneko araudiak auto berrien batez besteko CO2 emisioak 115,1 gramotik 93,6ra jaitsiko ditu. Jaitsiera hori ezinezkoa da auto elektrikoen salmenta handitzen ez bada. Zehazkiago esateko, ACEAk kalkulatu du auto elektrikoek %22ko kuota izan beharko luketela, oraingoa baino %50 handiagoa.

Volvo dagoeneko iristen da muga horretara, baina beste gehienek ahalegin handia egin beharko dute horretarako, 15.000 milioi eurorainoko isunak eragotzi nahi badituzte.

ACEA presio egiten ari da EBko gobernuei CAFE bertan behera gera dadin, eta milaka lanpostu arriskuan jartzen dituela ohartarazi die. Baina, aldi berean, autogileak hasi dira helburu berriak betetzeko mugimenduekin. Horietako bat da errekuntzako modeloen prezioa handitzea eta elektrikoena, berriz, txikitzea. 2024ko azken asteetan hasi ziren joera horren lehen zantzuak ikusten: kontinenteko hiru ekoizle handienek, VWek, Stellantisek eta Renaultek, ehunka euro batzuk garestitu dituzte beren errekuntza autoak. Arriskuak baditu estrategia horrek, haien salmenta apaltzen bada handitu egingo baita EBko lantegietako gehiegizko ekoizpen gaitasuna eta arriskuan jarriko baitira lanpostuak.

teslak ozta-ozta eutsi dio auto elektrikoaren tronuari 

Auto elektrikoak ez ditu espektatibak bete Europan eta Ipar Amerikan, baina espektatibak gainditu ditu Txinan eta beste eremu batzuetan. Txinako auto elektrikoen ekoizle gehienek uste baino auto elektriko gehiago saldu zituzten iaz, eta denen buru izan zen BYD. 3,6 milioi auto salduko zituela uste zuen, baina 4,3 milioira iritsi da. Horietatik 1,76 milioi izan dira elektriko hutsak, eta oso gertu izan du munduko merkatuko liderra, AEBetako Tesla (1,79 milioi). Espero baino gorago geratu dira Li Auto, Leapmotor eta Xiaomi ere. Baina lehia oso estua da Txinako merkatuan, eta lekua egiteko prezioak jaitsi behar izateak porrotera eraman ditu autogile batzuk (Jidu, HiPhi) eta berregituratzera behartu ditu beste batzuk (Geely). 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.