Sektorea aldaketa eta ziurgabetasun garai batean dagoen arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autogintzak giharra erakutsi zuen 2023an. «Urte ona» izan da: 25.023 milioi euro fakturatu zituen, aurreko urtean baino %11,5 gehiago. Emaitza horiek «inoizko onenen artean» daudela azpimarratu du Acicae klusterrak.
Sektorea 300 osagai enpresak osatzen dute. Horien artean daude kanpoko eta tokiko multinazionalak, kooperatibak eta enpresa txiki eta ertainak. Acicaeren emaitzetan ez dira kontuan hartzen hiru lurraldeetan dagoen fabrikarik handiena: Gasteizko Mercedes Benz.
Acicaek ohar batean azaldu duenez, iaz ibilgailuen eskaria «nahiko ona» izan zen «kontinente guztietan», eta haize hori alde izan dute osagai ekoizleek ere. Horrekin batera, azken urteetan bezeroak, merkatuak eta teknologiak dibertsifikatzeko egin duten lana azpimarratu du. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresek nazioartean egiten dituzte euren salmenten %90, eta erdiak baino gehiago, Europatik kanpo.
Enpleguari dagokionez, klusterrak adierazi du «mantendu» egin dutela hiru lurraldeetan: 38.480 langile dituzte guztira, 395 lantegitan. Kanpoan beste 345 planta produktibo dituzte, 32 herrialdetan, eta 100.000 langile gehiago. Lantegi batzuk itxi egin dituzte edo ixteko bidean daude Euskal Herrian, Laudioko (Araba) Glavista eta Urdulizeko (Bizkaia) Mecaner, adibidez.
Aurrera begira
Aurtengo aurreikuspenei dagokienez, Ines Anitua Acicaeko zuzendari nagusiak adierazi du «zuhurrak» direla, eta horretarako arrazoiak «askotarikoak» direla. Bi azpimarratu ditu: egoera geoestrategikoa eta trantsizio energetikoa. Bi faktore horiei buruz, adierazi du «interpretazio ezberdinak» egin daitezkeela, baina «nahiko baikor» daudela. Haren ustez, aurrera begirako gakoak bi dira: auto ekoizleek trantsizio horretara egokitzeko dituzten egitasmoak eta kontsumitzaileen erosteko ahalmena.