Nekazarien protestak. Felix Bariain. UAGNko presidentea

«2020ko kostuak ditugu, baina duela 30 urteko prezioa jasotzen dugu»

BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Negoziazioaren bidea agortuta ikusten du Felix Barian UAGNko idazkari nagusiak (Eslaba, Nafarroa, 1970). Lasai mintzo bada ere, haserre nabari zaio.

Zergatik mobilizatu zarete?

2020ko kostuak ordaintzen ditugu, baina duela 30 urteko prezioak kobratzen. Urte asko daramagu egoera hau jasaten, eta gaur egun errentagarritasunik ez dugu. Sektoreak «aski da» esan du.

Galera orokorra da, ala alor jakinei eragiten die gehiago?

Orokorra da. Klimatologia txarraren ondorioz gerta liteke eskaintza jaistea eta produkturen baten prezioa garestitzea. Unitateko errentagarritasuna lor dezakezu, baina ez bolumenean. Olioa, adibidez, errentagarria izan ohi da, baina Trumpen muga zergek eta uzta txarrak galerak eragin dituzte.

Muga zerga horiek eraginik izan al dute beste produktuetan?

Zergak olioaren eta ardoaren gainekoak dira, baina horri gehitu behar zaio barazkien eta fruituen gainean Errusiak ezarritako betoa eta batez ere brexit-a. Nafarroa lurralde esportatzailea da, eta ez dakigu nola eragingo duen. Gainera, logikoki, Erresuma Batuak Nekazaritza Politika Bateratuan jarri ohi duen dirua ere murriztuko da. %14 jaitsiko dela diote. Asko dugu jokoan, galerari aurre egiteko ezinbestekoa direlako laguntzok, eta, murriztuz gero, egoerari ezingo diogu aurre egin.

Protestarako ordua iritsi da?

Bai. Urteetan, akordioak egiteko elkarrizketaren bidea defenditu dugu, eta soilik zaplaztekoak jaso ditugu. Errusiaren betoari aurre egiteko laguntzak ez dira nahikoak izan, Trumpen muga zergen aurrean ez da erantzun. Orain, Espainiako Trantsizio Energetikoaren Ministerioak dio produkzio eredua aldatu behar dugula, zerbait gaizki egiten ariko bagina bezala. Berez, kontrakoa da, inoizko elikagai onenak ekoizten ari gara.

Gutxieneko soldataren igoerak eragin al dizue?

Ez, Espainian bai, han hitz egin da horri buruz, baina Nafarroan, gure sektoreko hitzarmena egungo gutxieneko soldatatik gora dago. Ez digu eragiten, inondik ere ez.

Zer eskatzen duzue?

Ezin liteke elikagaiak Boeing edo Airbusen arteko gatazka konpontzeko baliatu. Elikagaiekin halako tratutan ibiltzea etika ororen aurkakoa da, eta Munduko Merkataritza Erakundeak presio egin behar luke. Hurrengo Nekazaritza Politika Bateratuak sektorearen beharrei erantzun behar lieke.

Horrez gain, hornidura katean zerbait egin behar da?

Bai, mundu guztiak dio negozio marjina estua duela, baina gero kontsumitzaileak ordaintzen duen prezioa sei aldiz handiagoa da. Ez du zentzurik saltoki handiek tokiko ekoizpena aldarrikatzeak, eta gero geuri esateak tokiko produktuen kontsumoa %7koa dela. Hemen tartak denontzako eman beharko luke: herena laborariontzat, herena industriarentzat eta herena hornitzaileentzat. Ekoizleak ez badu heren hori jasotzen, besteren bat geratzen da tarte horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.