2020ko hazkundearen olatuan jarraitu du Uvescok 2021ean ere

BM eta Super Amara supermerkatuen jabeak 936 milioi euro fakturatu ditu, eta 236 langile hartu

xabier martin
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Pandemiaren gordinaren urtean ia supermerkatu talde guztiek gorakada handia izan zuten salmentetan, itxialdiak kontsumo moldeak aldatu baitzituen. Irungo (Gipuzkoa) Uvesco taldeak, ordea, 2020. urtean irabazitako merkatu kuotari eustea lortu du 2021ean. Fakturazioa zertxobait apaldu da BM eta Super Amara supermerkatuetan, 954 milioi eurotik 936 milioira, baina kopuru hori nabarmentzekoa dela uste du Uvescok, 2020ko %23ko igoeraren zatirik handienari eutsi diolako. Aurten, berriz, mila milioiko fakturazioa espero du enpresak: hazkunde planak aurrera jarraitzen du, eta, aurrerantzean, PAI Partners akziodun nagusi berriaren bultzada izango du.

Ez alferrik, beste hemeretzi saltoki zabaldu ditu azken urtean, eta 236 langile gehiago hartu ditu lantalderako. Dagoeneko, 5.927 beharginek dihardute Uvescoren supermerkatuetan, gehienak Euskal Herriko sarean. Enpresak azaldu du aurreikuspenak gainditu dituela, «ziurgabetasunak markatutako urte konplexuan». Aurtengo ekitaldian, berriz, bederatzi irekiera gehiago aurreikusi ditu hedapen planari jarraikiz.

«Aldian aldiko baldintzetara egokitzen ikasi dugu azken bi urteotan, eraginkortasunez erantzuten eta, batez ere, zorroztasunez eta arduraz jokatzen gure negozio ideiarekin, produktuen kalitatearekin eta bezeroarentzako zerbitzuarekin», esan du Jose Ramon Fernández de Barrena Uvesco taldeko zuzendari nagusiak. Prezioen gorakadaren inguruan, argitu du 2021ean %0,5 baizik ez dituztela igo, baina onartu du badela garestitze bat energia kostuengatik. Martxoan, gainera, bezeroek ohi baino gehiago erosi dutela berretsi du, «aldagai psikologiko bat» tarteko.

Jabe berriaren zain

Iazko hondarrean ezagutarazi zuten Uvesco atzerriko funts baten esku geratu dela. Hain zuzen, bihar egingo dute Frantziako PAI Partners inbertsio funtsaren erosketa operazioa, eta BM eta Super Amara supermerkatuek 50 inbertitzaile txikiren eta funts handi baten parte hartzeak izango dituzte, betiere kapitalaren gehiengoa funtsak duela. Edonola ere, egoitza nagusiak Irunen jarraituko du, nahiz eta hori ez den idatziz jaso akordioan, Fernandez de Barrenak azaldu duenez: «Ez da beharrezkoa izan». Egoitzaren inguruko dudarik ez dago, enpresari gipuzkoarrak dioenez, «holding berriak ere» Irunen baitauka egoitza. «Uvescoren helburuak dira bere balioei eta ereduari eustea».

Horiek horrela, iaz hemeretzi saltoki berri zabaldu ditu taldeak; obra berrikoak izan dira zazpi: bost Madrilen, eta bana Logroñon eta Castro Urdialesen. Era berean, Condis kateari beste hamabi denda erosi dizkio Madrilen. Horrez gain, hamabost supermerkatu eraberritu ditu Hego Euskal Herrian, BM ereduari eutsi ahal izateko. Eta beste zazpi frankizia jarri ditu martxan. 65 milioi euroko inbertsioa eskatu dute operazio horiek guztiek.

Uvescok dio tokiko hornitzaileen aldeko konpromisoa «sendotu» egin duela, eta ohiko hornitzaileekin «lankidetzan» aritu dela, «horien produktuak erakusmahaietan ikusgai jarriz eta erreferentzia berriak gehituz». 2021ean, 240 milioi euroko inbertsioa egin du erosketa arloan, tokiko 400dik gora hornitzailerekin; esparru horretan, inbertsio mailari eutsi dio 2020arekin alderatuta.

Eta aurrera begira, zer? Bada, Frantziako PAI Partners funtsaren eskua nabarituko den ala ez argitu beharko du Uvescok datozen hilabeteetan. Funts horren sarrerak aukera gehiago emango du «asmo handiko proiektuarekin jarraitu eta datozen urteotarako hazkunde eta hedapen planak indartzeko», banaketa enpresaren ustez. «Aurtengo hazkunde planak hiru ardatz ditu: denda gehiago jartzeko inbertsioa, konfiantza emango duten instalazio eta espazio hobeak edukitzeko; tokiko produktuaren aldeko apustua handitzea; eta berrikuntzaren eta digitalizazioaren aldeko konpromisoa berrestea, maila logistikoan eta erosketaren alorrean ere esperientzia hobea izateko, eta bezeroei balio handiagoa emateko ingurune fisikoan nahiz digitalean». Hiru ardatz horiekin, banaketa enpresak uste du mila milioi euroko fakturazioa izango duela 2022an.

Bederatzi saltoki gehiago

Kopuru zehatzak aletzen hasita, 35 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du enpresak, bederatzi supermerkatu gehiago irekitzeko eta beste erreforma jarduera batzuk egiteko. Hego Euskal Herrian, Gasteizen, Sopelan (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa) eta Zizur Nagusian (Nafarroa) irekiko ditu dendak, eta beste bostak, Espainian. Horrekin batera, Bizkaiko bi supermerkatu handitu eta osorik hobetzeko lanak egingo ditu, joan den urtarrilean suak hartu zuen Colindresko (Espainia) BM supermerkatua goitik behera eraberritzeaz gain.

Halaber, BM Shop frankiziaren garapenaren barruan, hamar proiektu berri abian jartzea aurreikusi du, «ekintzaile berrien eremuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.