Urtebete darama karguan eta lanik ez zaio falta izan. Pandemiak gogorren astindu dituen sektoreen eta Jaurlaritzaren arteko zilbor hestea da Hurtado (Madril, 1981). Hala ere, uste du aurre egin zaiola egoera zailari, eta erakunde ezberdinen arteko lankidetza goratu du. Aldarte oneko iritsi da uda amaierara, tantaka iristen ari diren turismo datuak onak direlako. Solasaldia gaztelaniaz izan da.
Iraila balantze garaia da turismoan. Nolakoa izan da uda?
Ona, aurreikuspenak hobetu egin dira: 2020ko datuak hobetu ditugu, eta 2019ko udakoetara asko gerturatzea espero dugu. Uztaileko datu ofizialak baditugu, eta positiboak izan ziren. Abuztukoak falta zaizkigu, baina sektoreak jakinarazten digunez, eta turismo bulegoetan izandako bisita kopuruarengatik, datuak hobeak izango dira. Are gehiago, landetxeei dagokienez, badakigu 2019ko datuak hobetuko ditugula.
Iazko langa ez zegoen oso altu.
Uztailean 292.000 turista iritsi dira aurten, eta 2019an iritsi ziren 320.000etatik gertu dago kopuru hori. Nazioarteko mugikortasunean muga handiak daude, eta aurten Espainiako turismoan oinarritu da jarduna. Bisitarien %70 gure merkatu nagusietatik etorri dira: Madril, Andaluzia, Katalunia eta Valentzia. Pandemian natura eta landa eremuko turismoaren aldeko joera bat egon da, eta gu erreferenteak gara hor.
Abuztuan jende asko ibili da hiriburuetako kaleetan.
Zantzuek diote abuztua hiri handietan ere ona izan dela, eta hor genuen gure ardura nagusia. Hiriburuetako hotelen okupazioa %53tik gorakoak izan da kasu guztietan, eta batzuetan %70etik gertu ibili da. Sektoreak ekainean espero zuenaren gainetik. Turismo bulegoetara jo duen jende kopurua iazko abuztuan baino %80 handiagoa izan da.
Abuztuan turistifikazioaren inguruko eztabaida berriz piztu da, bereziki Donostian. Jasangarria al da eredu hori?
Nire ustez, ezin gara agertu ostalaritza eta merkataritza sektorearen defendatzaile gisa eta gero kritika hori egin turismoari, oso hertsiki lotuta daudelako. Egia da arautu beharreko egoera jakin batzuk daudela; hor dago, adibidez, Gaztelugatxeko kasua. Jende pila bat erakartzen hasi zen, eta arautu egin behar izan zen sarrera. Nik uste dut hori dela bidea. Zer egin dezakegu sailean? Lan egin. Batetik, turistak ailegatzea ez dadin izan udako kontua bakarrik; eta, bestetik, hiriburuetan gertatzen den jende kontzentrazio hori beste eremu batzuetara barreiatu dadin.
Zer moduzko harremana dago egun ostalaritzako eragileen eta Jaurlaritzaren artean? Murrizketei jarritako helegiteek baldintzatu al dute?
Ona, baina baita merkataritza eta turismo eragileekin ere. Sail irekia gara, eta etengabe ditugu bilerak sektoreekin. Argi dago batzuetan iritzi ezberdinak izan ditzakegula, baina atera ditugun neurri eta laguntza guztiak sektorearekin adosturikoak izan dira. Gaueko aisia lokalentzako laguntzek harrera ona izan dute, besteak beste sektorearekin berarekin landu ditugulako. Erabaki ahalmena eta erantzukizuna gurea da, baina etengabeko harreman hori dugu iradokizunak entzuteko.
Zu zara ostalari eta Jaurlaritzaren arteko lotura. Zer eskatzen dizute?
Jakina dena: edukiera eta ordutegi neurriak leuntzea. Guztiok dugun nahi bat da, eta uste dut norabide zuzenean goazela; intzidentzia datuek laguntzen dute.
Bizpahiru astean aldaketak egon daitezkeela esan du Jaurlaritzak.
Lan egiteko modua azken hilabeteetako bera da: osasun agintariek egoeraren jarraipena egiten dute, Labiren batzorde teknikoa astero biltzen da, eta, baldintzak daudenean, neurriak leuntzea espero dugu. Baina ez gure sektoreetan bakarrik, kulturan eta kirolean ere hala nahi dute.
Ostalariek diote inguruko beste lurraldeetan, antzeko datuekin, neurri ezberdinak hartzen direla. Kanpoan hartzen diren erabakiei begiratzen al diezu?
Guk erkidego autonomo guztiek hartzen dituzten neurriak monitorizatzen ditugu, baita beste herrialde batzuetakoak ere, eta guztiak norabide berean doaz. Egia da alde eta ñabardura txikiak daudela batzuen eta besteen artean, baina erkidego autonomo eta herrialde guztiak antzeko neurriak hartzen ari gara, adituek gomendatzen dizkigutenak.
Ipar Euskal Herrian COVID agiria darabilte.
Ez dago mahai gainean halakorik. Herrialde batzuetan hartu den neurri bat da, baina oso lotuta dago txertoaren aurkako jarrerekin. Hemen ez da halakorik gertatzen ari, ez Euskadin, ezta Espainian ere. Osakidetza lan bikaina egiten ari da, eta gizarteak oso ondo erantzun du.
Zer pasatzen zaizu burutik pintxo tabernen kanpo aldean ilarak ikusten dituzunean?
Egia da gertatu dela, baina neurriak malgutu egin dira irudi horiek ikusi zirenetik. Guztion nahia da neurriak murriztea, betiere datuek modua ematen badute.
Noizko barra kontsumoa?
Azaldu dizut zein den lan egiteko modua. Plan bat dugu, Biziberri IV, datu asko aztertzen dituena: intzidentzia, txertaketa maila... adituek esango dute.
Nolakoak izan dira sailburuen arteko bilerak? Sektore ezberdinen ahotsa zarete.
Batetik, Gobernu Kontseilua dago, eta, bestetik, Labi. Sailera iritsi nintzenean, Labin sartzea eskatu nion lehendakariari, sail honek ez zuelako ordezkaritzarik bertan. Lan egiteko dugun modua betikoa da, sektorearen eskaerak eramaten ditugu, baita sail barneko txostena zein iritziak, eta nik hor beti ikusten dut guztien ongizatea bilatzen dugula. Lehentasuna osasuna bermatzen duten neurriak dira, ezin da ahaztu bost olatu eta egoera zailak igaro ditugula. Eta egiten denari nik ez nioke eztabaida deituko, irizpide batzuetan oinarritu eta iritzi bateratuak adosten saiatzen gara.
Gaueko aisiarentzako laguntza zuzenak onartu berri dituzue.
Murrizketak gogorrak izan dira ostalaritzan, baina negozioak apurka egokitu ahal izan dira. Gau aisiakoek, aldiz, ez dute horrelako aukerarik izan. Laguntza berri bat da. 100 milioi euro baino gehiago izan dira guztira laguntzetan. Alderatzen jarrita, gure sailak urte normal batean 40-42 milioi euroko aurrekontua du.
Aldi baterako erregulazioek arnasa handia eman diote zure saileko sektoreei. Haien amaieraren beldur al zara?
Orain arte luzatu egin dituzte, eta gero eta jende gehiago ateratzen ari da. Egoerak moduan ematen duen arte eutsiko zaiela espero dugu. Ahalegin handia egin da erakundeen aldetik, eta oinarrizkoak izan dira sektore askoren biziraupenerako. Espainiako Gobernua ulerbera izan da egoerarekin, eta bilakaeraren arabera hartu beharko ditu erabakiak.
Gazte antolakunde eta sindikatuek diote ostalaritza eta prekaritatearen arteko harremanak berean dirauela. Horrela al da?
Araudi garrantzitsua dugu alde horretatik, eta egia da egungoa erresistentzia fase bat dela ostalaritzan, baina igarotzen denean lan ereduaren hobekuntzak lantzen jarraitu behar dugu. Guk profesionalizazioaren eta formakuntzaren alde apustu egiten dugu, eta ez bakarrik soldatetan.
Guggenheim museoko garbitzaileak ulertzen al dituzu? Ia 100 egun daramatzate greban.
Nire aldetik errespetu osoa langileen aldetik egiten den edozein aldarrikapeni. Ez dut auzi hori sakonean ezagutzen, ez dagokio gure sailari, baina errespetu osoa eskatzen dituzten hobekuntzei.
Turismo ikono nagusietako bat da, diru publiko asko jasotzen du... Eta garbitzaileek mila euro inguru irabazten dituzte.
Zuk arreta puntu batean jarri duzu, baina sektorean, kelly-ek ere, esaterako, egoera zaila dute. Nik hor biztanleriaren kontzientziari egiten diot dei. Hotel horiek erabiltzen dugunok ere arduratsu izan behar dugu eta kontzientzia izan. Orain gutxieneko soldataren igoeraren inguruko eztabaida dago, eta igotzearen aldekoa naiz.
Argindarra asko garestitu da, gasa ere bai... Hasi al zarete kexarik jasotzen Kontsumobiden?
Guk eskatzen dugu fakturak ahalik eta argienak izan daitezela, eta araudia bete dezatela. Polemikak ez digu zuzenean eragiten. Fakturen inguruko kexak irits daitezke, baina argindarraren prezioaren ingurukorik ez.
Bankuak bulego fisikoak ixten ari direla salatu dute hainbat elkartek. Kontsumobidek zer egin dezake eragozteko?
Banku sektorea eraldaketa batean murgilduta dago, digitalizaziorantz, eta egia da prozesu horiek gertatzen ari direla hala biztanle gutxiko eremuetan nola hiriburuetako auzo batzuetan. Gu kontsumitzailearen oinarrizko estatutua lantzen ari gara orain, eta alderdi politikoekin neurriak aztertuko ditugu, gure eskumen mugatuen artean.
Baina ezin daitezke bankuak behartu arreta hori ziurtatzera?
Formulak daude, eta ekintza batzuk egiten ari dira beste lurralde batzuetan. Oinarrizko estatutu berrian kontsumitzaile zaurgarrian pentsatuko dugu.
Pandemiarekin asko ugaritu dira Internet bidezko erosketak. Denda fisikoengan eta haien itxierak hirietan izan dezakeen eraginaren beldur al zara?
Barka kontra egitea, baina datuek diote gorakada pandemiaren aurrekoa dela. Pandemian igo dira, baina baita herri mailako kontsumoa ere. Prozesu hori mundu mailan gertatzen ari da, eta guk gertuko merkataritzaren aldeko apustuarekin behar dugu. Baina merkataritza horrek digitalizazioren bidea ere urratu behar du, eta lagunduko diegu. Esaterako, itxialdian denda asko Whatsappez hasi ziren lanean; halako gauzak. Nik horri beste arazo bat gehituko nioke: zahartzea. Gertuko merkataritzan lekukoa hartuko dutenak ere falta dira.
Denda handiak ixten ari dira. El Corte Inglesek, adibidez, Eibarko saltokia biltegi bihurtu du.
Ez da Euskadiko prozesu bat bakarrik. Merkataritza txikiari egokitzen lagundu behar diogu.
Ekainean arropa dendetako langile batzuek greba egin zuten eta udazkenean gehiago etorriko zirela iragarri zuten.
Ez dugu informaziorik alde horretatik. Edozeinekin hitz egiteko prest gaude, sail irekia gara.
Noizko elkarrizketa euskaraz?
Nik bi seme-alaba ditu, eta primeran egiten dute euskaraz. Gaur-gaurkoz errazago abestuko nituzke ume kantak euskaraz elkarrizketa bat eman baino. Elkarrizketa batek gehiago eskatzen du.
Euskara ikasten ari al zara?
Bai.
Javier Hurtado. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburua
«2019ko udako datuetara asko gerturatuko garela uste dugu»
Hurtadok uste du murrizketei jarritako helegiteek ez dutela gaiztotu Jaurlaritzaren eta ostalarien arteko harremana. Udan aurreikusi baino bisitari gehiago etorri direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu