Datu gazi-gozoak aurkeztu zituen Sara de la Rica EHUko ekonomia katedradunak, atzo. Orain arte hark zuzentzen zuen lan txostenaren azken zenbakia argitaratu berri dute, baina, oraingo honetan, ISEAK taldearen bidez egin dute ikerketa. Baina horretan ere De la Rica izan da ikerketaren burua; emandako zenbakien arabera, 2017. urteko lehen hiruhilekotik 19.000 lanpostu sortu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Enplegu berri horietatik 16.700 inguru, gainera, emakumeek bete dituzte. «Lanpostuak berreskuratzea emakumeen eskutik etorri dela esan daiteke». Baina gazitik ere badauka datuak, behin-behinekotasunak gora egin baitu denbora epe berean: 2017an, kontratuen %23,8 ziren, eta, egun, %25,8ordezkatzen dute. Eta horrek asko esan dezake sortu diren lanpostuen inguruan.
Azken urtean sortu diren enpleguen zatirik handiena emakumeek bete izanaren inguruko azalpenak eman zituen De la Ricak: «Krisi garaian desagertu ziren enplegu gehienak industriari lotuta zeuden, eta gizonezkoek betetzen zituzten; beraz, eurei eragin zien egoera hark gehien. Ekonomia berreskuratzen hasi zenean, gizonak izan ziren suspertze hori igarri zuten lehenak». Azken urtean, ordea, joera bestelakoa da. Gaur-gaurkoz, lanean ari diren beharginen %52,51 gizonezkoak dira, eta %47,49 emakumezkoak.
Lanpostuen sorrera emakumeen eskutik iritsi da, baina behin-behinekotasunaren bidetik batez ere. Horren harira, deigarria da kontratu mugagabe gutxiago egin zirela aurreko urtean, nahiz eta emakumeei duela urtebete baino kontratu mugagabe gehiago egin zitzaizkien. Gisa horretako 3.000 kontratu gehiago zenbatu ditu lan txostenak. Nolanahi ere, epe baterako kontratuen gorakada nabarmena izan da, bai gizonen bai emakumeen artean. «Jendea erretiroa hartzen ari da, eta horien kontratuek egonkortasun handiagoa daukate; hala, pentsatzekoa da horien ordezkoei behin-behineko kontratuak eskaintzen dizkiela». Horrez gain, kontratu mugagabeak etetea egun errazagoa denez, horrek ere eragina izan dezake.
Zerbitzuen sektorea, gora
Sektoreek izan duten bilakaerari begiratuta, zerbitzuen sektorearen presentzia handitu dela nabarmendu du ISEAK taldeak landutako txostenak. Eta horrek lotura eduki dezake lanpostuen gorakada emakumeen eskutik iritsi dela ulertzeko, «horietako lanpostu asko feminizatuta daudelako». Enpleguaren %70 zerbitzuetara bideratuta zegoen 2017. urtean, eta, lehen hiruhilekoan, %71,6 izatera iritsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Industriak enpleguan duen pisua, ordea, gelditu egin da, eta duela urtebeteko mailan jarraitzen du: %22,57. 2010eko datuak direla nabarmendu zuen De la Ricak, baina ez da oraindik ere iritsi krisi aurreko egoerara, %24koa baitzen orduan. «Zaila izango da maila horietara iristea, industriaren sektorea globalizatuta dagoelako eta oso lehiakorra delako; horregatik, egun dagoen maila hori baloratu beharra dagoela iruditzen zait». Eraikuntzak izan duen jaitsiera ere nabarmendu du ikerketak. Krisi aurreko garaian ia lanpostuen %10 ordezkatzen zuen sektoreak beheranzko joerari eutsi dio azken urtean ere, eta egun %4,83an dago. «Apurka, pisua galtzen joan da».
Egungo lanpostuen beste aldagai batek ere kontuan hartu zuen De la Ricak, enplegu publikoak azken urtean izan duen gorakada nabarmentzeko. %14,7 izatetik %16,1 izatera iritsi da Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan. «Aurten egingo direnlanpostu publikoetarako deialdiek joera hori areagotu egingo du».
Luzaroko langabeak
Lanpostuak sortuz joan diren heinean langabeziak behera egin du, eta, aurten, iaz baino 10.000 langabe gutxiago daude; langabezia tasa %10,7ra jaitsi da. Aldagai horiek positibotzat jo ditu, eta lanpostuen sorrera sendoa dela esan arren, luzaroko langabeen kasuari arreta berezia jarri behar zaiola ohartarazi du: Krisia aurretik langabeen %34k urtebete baino gehiago zeramaten egoera horretan, eta egun %61era igo da. «Langabe gutxiago dauden heinean, gutxiago dira luzarokoak, noski, baina horien egoera oso kontuan hartu beharra dago».
2017an sortutako enpleguaren zati handiena emakumeek bete zuten
Azken urtean sortutako 19.000 lanpostuetatik 16.700 emakumeen kargu geratu dira. Urtebetean bi puntu egin du gora behin-behinekotasunak, eta zerbitzuen sektoreak pisu handiagoa dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu