2016an %16 hazi ondoren, aurten igoera apalagoa espero du aeronautikak

Hegan klusterreko enpresek EAEn dituzten lantegietan %1,5 gutxitu zen iaz fakturazioa, baina %7 handitu zuten langile kopurua

Jose Juez, Jorge Unda eta Ana Villate, atzo, Zamudion. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Zamudio
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Etorkizuneko sektoreetako bat da aeronautika. Hazteko bidean dagoen jarduera bat da, eta aurreikuspenek hala erakusten dute: 2017. urtetik 2035. urtera arte, munduko hegazkin kopurua bikoiztea espero da. Horregatik, jarduera horretan dabiltzan enpresentzat ezin aproposagoa da testuingurua. Hainbestekoa, ezen Hegan klusterra osatzen duten 63 enpresek iaz %16 handitu baitzuten fakturazioa. 2.247 milioi euro fakturatu zituzten, eta horietatik 884 milioi euro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lantokietan. Hazkundea begi bistakoa da, baina fakturazioak nazioarteko enpresetan egin du gora, EAEko lantokietan %1,5 txikitu baita —2015ean 897 milioi euro izan ziren—. Joera orokorra, ordea, positiboa da, eta horrek lanpostu gehiago sortzea ekarri du. Munduan %9,4 kontratazio gehiago egin dituzte (13.612 langile), eta hazkundea bertako lantokietan ere sumatu da: %7 langile gehiago zituzten, 4.519 denetara.

Aeronautika sektorea hazteko bidean doala bistan geratzen da fakturazio eta enplegu datuei begiratuz gero. Euskal sare industrialari begiratuz gero, gainera, gero eta pisu handiagoa dauka. Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriako enpleguaren %2,2 ordezkatzen dute Hegan klusterraren parte diren enpresek, eta BPG industrialaren %6,1 da. Ekoizten den gehiena atzerrira bidaltzeko izaten da, hegazkinak muntatzen dituzten fabrikarik ez baitago hemen. Euskal enpresek ekoizpenaren %61 atzerrira bidaltzen dute lehen fasean. Azken fasean, baina, atzerrira joaten dira hamar ekoizpenetik bederatzi. Nazioartekotze indizea %89 da euskal enpresen artean. «Nazioartean ondo kokatuta gaude, baina ildo horretan lan gehiago egin beharra daukagu», azaldu zuen atzoko agerraldian Jorge Unda klusterreko presidenteak.

Ondo kokatuta egon arren, bide horretan jarraitu beharraz hitz egin zuen. Joan den urtean 150,4 milioi euro inbertitu zituzten klusterreko enpresek ikerketa eta garapenaren ildoan, eta horrek etorkizunera begira hazten lagunduko duela esan zuen. Hala ere, 2017. urterako aurreikuspen zuhurra egin zuen: %2ko hazkundea. Joan den urtekoarekin alderatuta txiki geratzen da hori, baina zuhurrak izatea nahiago duela esan zuen Undak. «Nazioartean izaten ari diren gertaera soziopolitikoek zuhurrak izatera garamatzate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.