17.000 langile berri, baldintza hoberik gabe

2015ean EAEko BPGa %1,9 haziko dela dio Confebaskek.Lan baldintzak egoera ekonomikoarekin batera hobetuko direla dio, baina betetzeko duen gaia dela

Miguel Angel Lujua eta Eduardo Aretxaga, atzo, patronalak datorren urterako dituen aurreikuspenak aurkezten. L. J. / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Lanpostuak galtzen ibili ondoren beharginak kontratatzen hasten zarenean, ez duzu iraganeko baldintza berberetan egiten». Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak aitortu du krisia hasi zenetik lan baldintzak kaskartu egin direla, eta gaur egun oraindik egoera horretan daudela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia atzeralditik atera dela nabarmendu du, eta hori berri pozgarritzat jo duen arren, oraindik lan baldintzek hobetu beharra daukatela adierazi du. «Betetzeko daukagun urratsa da». Bien bitartean, datorren urtean EAEn 17.000 lanpostu berri sortuko direla espero du patronalak, eurentzat ere behar bezalakoak ez diren lan baldintzetan. «2014koak baino kontratu hobeak izatea espero dugu, eta 2016koak hurrengo urtekoak baino hobeak». Ekonomiaren hazkundeari lotu dio, horrela, lan baldintzen hobetzea.

Eta bide horretan doa EAEko ekonomia. Urte amaieran BPGa %1,2 haziko dela aurreikusi du patronalak, eta datorren urtean berriz, %1,9. «2007tik izan den hazkunderik handiena», Lujuaren arabera. Barne kontsumoak ere gora egingo duela espero du Confebaskek, eta horrek eragingo luke enplegu sorrera, eta langabezia tasa %13,5era jaistea —gaur egun %14,5ean dago—. EAEko industria onbidean jarriko da datorren urtean, eta eskaerak %2,5 haziko zaizkio, baina oraindik 2007ko mailatik urrun legoke: «Garai horiekin alderatuz gero, %80an ari gara lanean orain». Beraz, hobetzeko tartea badagoela uste du.

Ekonomiak onbidea hartuko duela azaldu du behin eta berriro Lujuak, baina bide hori indartzeko hainbat neurri hartu behar direla ere adierazi du: «Agintari politikoek ekonomia bideratzeko neurriak hartu behar dituzte, eta, alde horretatik, autoak erosteko PIVE plana eta etxetresnen Renove planak oso eraginkorrak izan dira. Bide horretan jarraitu behar da». Horrez gain, enpresei ere eskaera egin die euren lantegietan berrikuntzak egin ditzaten, eta finantzaketarako dauden aukerak aprobetxatu ditzaten. Hain zuzen, finantza sistemak aurten iaz baino kreditu gehiago eman zizkien. %11ko hazkundea izan du enpresa txiki eta ertainei eskainitako kredituak.

Bide beretik, enpresei beste dei bat egin die Lujuak: atzerrira begira jartzeko. Baina eurogunetik kanpo. «Negozio aukera berriak bilatu behar dira gure ingurutik kanpora. Horrela egin dute, esaterako, 6.500 enpresak azken zazpi urtean. Atzerrira irteten ez ziren enpresa ugarik hartu dute erabaki hori, eta bide horri eutsi behar zaio». Horrez gain, ikerketa eta berrikuntzan sakontzeko eskaera egin die, eta azken boladan ekoizpen aurreratuak, edo 4.0 industriak eskaintzen dituen aukerei muzinik ez egiteko. «Euskal enpresak esparru horretan lan handia egin dute azken urteetan, eta erreferente izateko egoera onean gaude». Azkenik, ekonomia sustatzeko gutxiago inportatzeko eskaera ere egin du Lujuak: «Asko inportatzen ari gara, eta maila teknologiko ona daukagu». Hau da, enpresen arteko harremana sustatu behar dela azaldu du, eta ildo horretan sakontzeko aukerak aztertzeko eskatu die erakunde eta klusterrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.