Kopuru batek indar handia izango du LAB sindikatuarekin hurrengo urteko jardueretan: 1.600 euroko gutxieneko soldata. Eskaera ez da berria, baina sindikatuak azeleragailua zanpatuko du eskari horrek zentralitatea har dezan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio gutxieneko soldata horri bide emango liokeen lanbide arteko akordio bat bultza dezala. Halaber, Confebask presionatzera behartu dezala eskatuko dio.
LABek gihar erakustaldia egin du Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. 1.500 ordezkari bildu ditu, eta eguneko azken hitzaldian Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hurrengo urterako lan ildoak aletu ditu. Horien artean bat nabarmendu du: 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzea Hego Euskal Herrian. Zehaztu du «sindikatu guztiak» daudela lanbide arteko akordio horren alde, eta kopuru hori «hemen eta orain» erabaki behar dela: «Gure errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko».
«Guztion soldata eta lan baldintzak beherantz parekatzearen eta eta kaskartzearen kontrako neurria da. Jaurlaritzari langileen alde jartzeko garaia iritsi zaio» GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzaile orokorra
LABek argi du lanbide arteko akordio bat dela bidea. 2017an sinatu zen eragin handiena duen tankera horretako akordioa, hain zuzen Hegoaldean adosturiko lan hitzarmenei lehentasuna ematen diena. Tankera horietako akordioek, baina, enpresa elkarteen onespena behar dute, eta sindikatu abertzaleak estu hartuko du Eusko Jaurlaritza Confebask onartzera behartu dezan. Bizkaia pilotalekutik interpelazio zuzena egin dio Imanol Pradales lehendakariari: «Nahikoa da, Jaurlaritzari langileen alde kokatzeko garaia iritsi zaio».
Lan Harremanen eta Babes Sozialerako euskal esparrurako bidean «egiturazko neurritzat» jo du Aranburuk, eta gogoratu du ezker independentistak jokaleku politikora eraman duela eskaera hori. «Guztion soldata eta lan baldintzak beherantz parekatu eta kaskartzearen kontrako neurria» dela gogoratu du. Ikusi beharko da zein pauso ematen dituen sindikatuak bide hori urratzeko.
Etxebizitzaren aldeko plataforma, urtarrilean
Soldatarena ez da jardunaren ardatz bakarra izango, lanaldiaren murrizketaren eskarian ere aurrera egingo du LABek. Aranburuk salatu du Espainiako patronalak ezezkoa eman diola 37,5 orduko lan asteari, eta nabarmendu du borrokari esker zabalduta dagoela Euskal Herrian 35 orduko lan astea. Halaber, zerbitzu publikoen defentsan ere jarraituko LABek.
Bilboko bilkuran pisu handia izan duen beste gai bat etxebizitza eskubidearena izan da. Zaintza, osasuna, hezkuntza, etxebizitza lelopean aurkeztu dituzte gizarte eskariak, baina etxebizitzarenean pauso bat harago joango da sindikatua. Urtarrilaren 30ean elkarretaratze jendetsua egingo du alor horretan egin asmo duen dinamika berria aurkezteko.
Horiez gain, bilkuran, azken urtean lan istripuetan hildako langileak omendu dituzte, eta babesa eskaini diete urtarrilaren 26an epaituko dituzten Ipar Euskal Herriko LABen lau ordezkariei. Korrikarekin batera hainbat migrantek Bidasoko zubia gurutzatu zuten, eta ekinaldi hori antolatu izana egozten diete. Sindikatuko idazkaritza antirrazistak ere hitza hartu du. Bilkuraren ondoren manifestazioa egin dute Arriaga plazaraino.