150 euroko kenkaria ezarriko zaie 30.000 eurotik beherako errentei Nafarroan

Nafarroako Gobernuak akordioa lortu du EH Bildurekin, eta abenduaren 21ean onartuko da zergen foru legea. Inflazioari aurre egiteko neurrien ondorioz, Ogasunak 50 milioi euro gutxiago bilduko ditu.

(ID_13294011) EH BIldu eta PSN
EH Bilduko Laura Aznal eta Adolfo Araiz, eta atzean Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta PSNko Ramon Alzorriz. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
iruñea
2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak bidea libre du parlamentuan zerga neurrien lege proiektua aurrera ateratzeko. Datorren astean eztabaidatuko da haren edukia Ekonomia eta Ogasun batzordean, eta, ondoren, abenduaren 21eko osoko bilkuran bozkatuko da. Ez da ustekaberik egongo, aldez aurretik jada ziurtatua baitute gehiengoa gobernua sostengatzen duten hiru indarrek: EH Bildurekin hitzartua dute akordioa, eta, gainera, UPNk ontzat jo du gobernuaren proposamena. Koalizio abertzalearekin lortutako akordio horretan, besteak beste, 150 euroko laguntza jaso da 30.000 eurotik beherako errenta dutenentzat.

Urtero, zergen neurriak aurrekontuen lege egitasmoarekin batera bozkatu ohi dira, baina aurten ez da halakorik gertatuko, aurrekontuen eztabaida datorren urte hasierarako utzi delako: gobernua udan osatu izanak eta, batik bat, Europako Batasunak finantza egonkortasunerako arauekin zer egingo duen oraindik finkatu ez izanak eragin dute atzerapena.

Zergen neurriak, baina, urtea amaitzerako onartu behar dira. Hala, azaroaren 8an aurkeztu zuen bere proposamena gobernuak, eta berritasun gutxi ekarri zituen. Aldaketa nagusiak errenta zergan gertatuko dira —ikus taula—, eta bi neurri nagusiek inflazioaren eraginari aurre egitea lortu nahiko dute. Batetik, aurten zein 2024an, zerga tarte guztietan tarifa %7 deflatatuko du: %4 2023an eta %3 datorren urtean, hurrenez hurren. Bestetik, gutxieneko pertsonalak salbuesteko muga %3ra igoko du epe berean. Gainerakoan, sozietate zein ondare zergei aldaketa tekniko batzuk ezarriko zaizkie.

Orotara, proposatutako neurrien ondorioz, 50 milioi euro biltzeari utziko dio ogasunak. Aurtengo %4ko deflatazioa datorren urteko errentaren kanpainan nabarituko da.

Errenta zergako aldaketa nagusiak

Tarifaren deflatazioa. Aurten %4 deflatatuko da errenta zergaren tarifa, eta hurrengo urteko errenta kanpainan nabarituko da. 2024an, berriz, %3 deflatatuko da. Deflatazioa zergadun guztiei aplikatuko zaie, edozein dutelarik ere errenta.

Gutxieneko pertsonalak. Bere egoeraren ondorioz (seme-alabak, desgaitasuna, zaintza...) zergadun bakoitzari aplikatzen zaion gutxienekoa %3ra handitu da. Horrez gain, EH Bildurekin hitzartutakoaren arabera, 30.000 eurorainoko errentei iaz aplikatutako 100 euroko kenkaria %50 igoko da; 150 euroraino, alegia.

Alokairua. EH Bildurekin adostutakoaren arabera, alokairuko kenkariak 1.200 eurotik 1.500 eurora handituko dira, eta 30 urtetik beherakoei 1.600 eurora. 30.000 eurotik beherako errentei aplikatuko zaie.

Nasuvinsa. Alokatzeko orduan, Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartekaritza erabiltzen dutenei higiezin kapitalaren etekin garbiaren hobaria %60tik %70era handituko zaie.

Etxeko langileak. Etxeko langileei ordaindutako Gizarte Segurantzako kuoten kenkaria %100etik %75era gutxitu da, EH Bildurekin hitzartutakoaren arabera.

EH Bildurekiko akordioa

Aurreko astean EH Bilduk aurreratu zuen hasierako proposamen horri beste neurri batzuk gehitzea hitzartu dutela: 30.000 eurotik beherako errentei 150 euroko kenkaria ezarriko zaie. Errenta hori duten maizterrei ere alokairurako laguntzak hobetuko zaizkie. Gainera, EH Bilduk lortu du iaz ondare zergaren tarifan ezarritako aldaketak beste urtebetez luzatzea. Azkenik, sozietate zergan, galerak deklaratu eta oinarri likidagarri negatiboak aurkezten dituzten enpresei ezarritako mugei eutsi egingo zaie.

Koalizio abertzaleak onartu du hitzartutako neurriak ez dutela aldaketa sakonik ekarriko, baina «norabide onean» doazela uste du. EH Bilduk nahiko luke bi ildo nagusitan eragitea: batetik, errenta zergan kapital irabazien gaineko ehunekoak handituz eta sozietate zergan gutxieneko tasa bat ezarriz. «Ikusi dugu beste behin ere neurri horiek ezartzeko asmorik ez duela gobernuak», adierazi zuen aurreko astean EH Bilduko Adolfo Araizek. «Espero dugu hurrengo hilabeteetan gai horietan sakontzeko gai izatea».

Aurreko legealdian, zerga neurrien legeak abstentzio bidez ahalbidetu zituen EH Bilduk, Ahal Dugu eta Ezkerraren eskutik joanda; Navarra Sumak, berriz, kontra bozkatu zuen. Orain, berriz, politikoki aldaketa handi bat dago. UPNk balekotzat jo du gobernuaren proposamena, eta bere hamabost parlamentarien botoek gauzak erraztuko dizkiote gobernuari.

Zeri erantzuten dio? Agerikoa da EH Bilduren eta PSNren arteko harreman poliitkoak baldintzatu nahi dituela. Berriki, Esparzak adierazi zuen aliantza politika aldatu eta EH Bildu erabakigarri izateari uztea lortu behar dutela. Testuinguru horretan etorri da botoaren zentzua aldatzeko erabakia, Esparzak argudiatu du gobernuko agintariekin bildu zirela eta eskatu zietela EH Bilduren presioari men ez egiteko. «Pozik gaude, guri esker EH Bilduk ez baitu lortuko bila zebilen erreforma».

Ematen du UPNk ere bestelako norabidean aldaketa gehiago nahiko lituzkeela. Izan ere, gobernuaren lege proiektuari 41 zuzenketa aurkeztu dizkiete taldeek, eta horietatik 32 UPNk proposatu ditu. EH Bilduk, berriz, sei aurkeztu ditu, eta akordioan jasotako neurriak sartu ditu. Gobernuko hiru bazkideek, hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.