LAB sindikatuak trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa eratu du. 120 proposamen zehatz biltzen dituen txosten mardula aurkeztu du, sindikatuaren ustez etorkizuneko Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantza lege propio bate oinarri beharko luketenak. Besteak beste, gutxieneko soldataren eskaera 1.400 euro gordinera igotzeko eta ordainduriko zaintza baimenak ezartzeko eskatzen ditu. Era berean, ezinbestekotzat jotzen du zerga erreforma sakon bat egitea. Ostiralean hasiko dira eztabaidatzen oinarriekin, eta gero zabalduko dute eztabaida beste gizarte eragileetara.
«Ezin gara Paris eta Madrildik datorrenaren begirale hutsak izan. Lan erreforma indarrean dago oraindik, eta pentsioena badator. Behar-beharrezkoa da Euskal Herritik eta Euskal Herrirako balioko duten lege berriak onartzea». Garbiñe Aranburuk horrela eman dio sarrera sindikatuaren hemendik aurrerako gizarte lanaren oinarri izango den esparru teorikoari. Hilabeteak egin dituzte LABen Lan Kode eta Gizarte Segurantza lege propioa ikertu eta taxutzen, eta sei ezaugarri nagusitan aletu daiteke.
«Lana eta zaintza lanak erregulatu behar dira», horrela laburbildu du Aranburuk lehen ezaugarria. Zaintza erdigunera eramatearen leloari, baina, oinarri eman behar zaio, eta hor datza proposamenaren «berritasun» nagusietako bat: bizitzaren une batzuetan enplegua eten daiteke zaintza lanei lehentasuna emateko, eta lan hori ordaindua litzateke, eta kotizatu egingo luke. Baina nola ordaindu hori? «Funts espezifiko bat sortuta, enpresa, langile eta erakunde publikoen artean ordaindurikoa».
LABen iritziz, langile guztientzako lan araudi eta kotizazio erregimen bera ezarri behar da, «diskriminazioa amaitzeko». Era berean, enplegu bermatua aldarrikatu du, eta, sei hilabetean hala izan ezean, administrazioak gutxieneko soldata bermatu beharko lioke enplegu eskatzaileari, kalte ordain gisa. Alde horretatik, kontratu guztiek mugagabeak izan beharko lukete, eta «kaleratze librea» ezabatuko litzateke legeditik.
4.200 euroko soldata, asko jota
Gutxieneko soldataren eztabaidari ere heldu dio LABek, eta, haren ustez, «beste urrats bat» egin behar da eskaeretan. 35 orduko lanaldiaren eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren alde borrokan jarraituko duen arren, sindikatuaren ustez haratago begiratzeko garaia da: 30 lanorduko astea, eta 1.400 euroko lanaldi gordina, hamalau ordainsaritan. «Euskal herriko batezbestekoaren %60 da», zehaztu du Aranburuk. Era berean, gehiengo soldatari ere mugak jarri behar zaizkiola uste dute, 1:3ko proportziora, alegia, 4.200 eurora hain zuzen. «Ondasunak egoki banatzea» eta «lanen digitalizazioak ekarri dezakeen lanpostu galerari aurre egitea da» da muga horien filosofia.
Pentsioen sistema publiko eta unibertsalaren alde egiten du LABek, «sistema osagarririk gabeko» sistema baten alde. Erretiro adina 60ra aurreratu beharko litzateke, eta 58 urtetik aurrera erretiro mailakatua ezarri. Gutxieneko pentsioa eta soldata parekatzearen aldeko da sindikatua, baina trantsizio gisa 1.080 eurokoaren alde borrokatzen jarraituko du. Pentsioa kotizazioen arabera kalkulatuko da, langilearentzat komenigarrienak diren bost urteak kontuan hartuz. Horietako asko Pentsiodunen Mugimenduak eginiko proposamenak dira.
Seigarren ezaugarria lan harremanak erregulatuko dituen erakunde berri bat osatzea da, langileen botoen bidez hautaturiko «Lanaren Kontseilua». Aranbururen ustez, elkarrizketa sozialeko mahaiak emana du eman ahal guztia, eta erreminta berri bat behar da. Kontseilu horrek ahalmena izango luke erakunde publikoen erabakiak ikuskatu eta lege proposamenak egiteko.
Euskal Herri osorako lege proposamen bat da. Hego Euskal Herrian egun instituzioek dituzten eskumenak erabili beharko lirateke, EAEko kontzertu ekonomikoak eta Nafarroako Itunak ematen dituzten aukerak baliatuz. Iparraldean eskumenak mugatuagoak direla badaki LABek, baina, oraingoz eta «batez ere», administrazio publikoko lan baldintzak arautzeko ematen dituen aukerak baliatu behar dira.
Nola ordaindu?
Eta hau zeinek ordainduko du? Aranburuk argi du oinarria «zerga erreforma» dela. «Zerga politika herritarren zerbitzura ipini behar dugu». Pentsioen kasuan, esaterako, nagusiki kotizazioetatik iritsiko da, soldatak duindu eta kotizazio mugak handituz. Baina, «momentuak eskatzen duenean», aurrekontu bidez finantzatzeko aukera egongo litzateke. Zerga erreformarekin, besteak beste, enpresen irabaziak gehiago zergapetzea hartu beharko litzateke helburu.
Proposamen horrekin «herri eztabaida sortzea» da helburua. Zenbait kolektibori aurkeztu eta zehaztuz joatea. Lehen pausoak bere militantziarekin emango ditu LABek, eta ostiralean egingo dute lehen aurkezpena, Donostian. Barne azterketa hori udararako bukatuta izatea espero dute, eta gero zabalduko lukete beste eremu batzuetara.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, LAB sindikatuak txostenaren laburpena jarri du bere webgunean.