1.200 milioi euroren isuna Metari, pribatutasuna ez duelako ongi babestu

Facebooken jabeak inoiz jasotako isunik handiena da. Europako Batasuneko erabiltzaileen datuak AEBetara bidaltzea debekatu diote

Metaren logoa, Facebooken egoitzaren aurrean, AEBetan. JOHN G. MABANGLO / EFE.
aitor biain
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Facebook, Instagram eta Whatsapp sare sozialen jabeari, Metari, inoizko isunik handiena jarri diote Europako Batasunean pribatutasun arrazoiengatik: 1.200 milioi euro. Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak jarri dio isuna, erabiltzaileen pribatutasuna ez babesteagatik. Konpainiak Irlanda du Europako zerga egoitza, eta, beraz, erakunde hori arduratzen da EBko pribatutasun araudia betetzen dela ikuskatzeaz. Urtarrilean ere zigortu zuen enpresa, datuen tratuagatik.

Irlandako erakundearen arabera, erabiltzaileen datuak AEBetara bidaltzean Metak ez zituen aztertu «oinarrizko eskubideentzako eta askatasunentzako arriskuak», eta horregatik zigortu du. Isun ekonomikoa ezartzeaz gain, debekatu egin dio konpainiari erabiltzaileen datuak AEBetara bidaltzea. Bost hilabete eman dizkio, eta beste sei etorkizunean datuak metatzeari utzi eta AEBetan gordeta zeuzkanak ezabatzeko.

Ikusteko dago, dena den, erabaki horrek zer ondorio izango duen. Ez baita lehen aldia AEBetako konpainia teknologiko handi hori datuak oker erabiltzeagatik zigortzen dutena EBn. Duela bi urte, Amazoni ere jarri zioten isuna arrazoi beragatik; 746 milioi eurokoa izan zen orduan.

2020an Europako Justizia Auzitegiak hartutako erabakia dago auziaren oinarrian. Luxenburgok bertan behera utzi zuen EBren eta AEBen arteko itun bat. Pribatutasun Ezkutua zuen izena itun horrek, eta AEBen eta EBren arteko erabiltzaileen datuen transferentzia arautzen zuen. Luxenburgok, baina, eten egin zuen, Europako herritarren datuak arriskuan egon zitezkeela argudiatuta.

Araudi berria negoziatzen ari dira bi aldeak orduz gero. Martxoan iragarri zuten ados jarri zirela, baina gaur-gaurkoz ez da neurri berririk sartu indarrean. Hain zuzen ere, iazko urtearen hasieran Metak mehatxu egin zuen EBn duen jarduera oro bertan behera utziko zuela baldin eta bi aldeek akordiorik lortzen ez bazuten. Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak ohartarazi zion jada zitekeena zela konpainiak erabiltzen dituen lege oinarriak, SCC deiturikoak (kontratu klausula estandarrak), EBko lege orokorra ez betetzea. Duela bost urte jarri zen indarrean, 2018an, datuak babesteko araudi orokorra Europako Batasunean.

Helegitea jarriko du

Metak erantzun du arazoa ez dela berea bakarrik, eta iragarri duhelegitea jarriko diola «justifikaziorik gabeko isun alferreko horri». Konpainia «seinalatua» sentitzen da, eta argudiatu du EBn diharduten sektoreko beste konpainia batzuen «milaka» tresna legal berdin erabiltzen dituela.«Erabaki okerra da, justifikaziorik gabea, eta aurrekari arriskutsua ezartzen du EBren eta AEBen artean datuak transferitzen dituzten enpresa kontaezinentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.