«1.100 euroko soldata dugu zortzi orduz gidatzeagatik: onartezina da»

Uberrek Bilbon dituen gidarien erdiek hamalau eguneko greba hasi dute. Enpresaren «utzikeriari» emaniko erantzuna da.

Uberreko langileak protestan, Bilbon. ELA SINDIKATUA
Uberreko langileak protestan, Bilbon. ELA SINDIKATUA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 17a
13:15
Entzun

«1.134 euro irabazten ditut zortzi orduz gidatzeagatik. Edozein banatzailek 1.400 irabazten ditu gutxienez; nik, baina, jendea daramat atzeko eserlekuan». Adan Galarretarena da testigantza, eta ezin du amorrua ezkutatu. Hiru urte daramatza Uber bidez funtzionatzen duen Ares Capital enpresan lanean, eta enpresa batzordeko presidentea da egun, ELAren izenean. Hamalau eguneko grebaldia hasi du, enpresak ez diolako erantzun batzordeak eginiko negoziazio eskaerari.

Erlazionatuta

Baina nola dihardu Uberrek Euskal Herrian? Bilbo Handian soilik funtzionatzen du garraio aplikazioak. Bertan, Moove Cars jabe duten bi enpresak eskaintzen dute zerbitzua: Ares Capitalek —horiek dabiltza protestan—, zeinak 80 langile baititu; eta Moover Car-ek —sortu berria da—, 40 behargin inguru dituenak. Duela lau urte inguru heldu ziren Bizkaira. Hasieran, hamazazpi gidari zituzten bi enpresen artean; orain, 120.

Ares Capitaleko langileen erdiak daude greban, beste 30 inguru gaixo baimenarekin daude, eta gutxi batzuek lanean jarraitzen dute. «Gure lankide asko etorkinak dira; oso egoera prekarioan daude, eta beldurrak eragina du. Uberrek haien egoera zaurgarria baliatzen du», azaldu du Galarretak. Moover Car-eko 40 langileak oraingoz lanean ari dira, baina hauteskunde sindikalak egin berri dituzte, eta ELAk irabazi ditu. Galarretak ziurtzat jo du etorkizunean etor daitezkeen mobilizazioekin bat egingo dutela.

«Lankide asko etorkinak dira; oso egoera prekarioan daude, eta beldurrak eragina du. Uberrek haien egoera zaurgarria baliatzen du».

ADAN GALARRAGAUberreko gidaria

Grebalarien eskaera argia da: lan hitzarmen propioa nahi dute. Apirilean hiru eguneko lanuztea egin zuten, eta, orduz geroztik, ez dute jaso enpresaren erantzun ofizialik. «Hitzez bakarrik esan digute zerbait. Greba bertan behera uzteko lehenbizi, eta uste dugu Madrilen eskaini duten lan hitzarmena eskainiko digutela guri. Baina hori uste bat baino ez da», zehaztu du.

Madrilgo hitzarmen eskasa

Galarretak, baina, argi du Madrilgo hitzarmen hori ez dela baliagarria Euskal Herrian: «Espainiako toki askotako bizitzaren kostua eta Euskal Herrikoa ezin dira alderatu. Nire lankide batzuek 700 edo 800 euroko alokairuak dituzte, nola bizi horrekin?». Madrilgo hitzarmen hori SLT sindikatuak sinatu du gutxiengoan, eta 1.333 euroko hamabi soldata dira. Alegia, egun duten soldata hamar euro hobetu du bakarrik.

Soldata, dena den, ez da eskaera bakarra. Besteak beste, nomina ulergarriak, oporrak eskatzeko aukerak hobetzea, segurtasun handiagoa... eta batez ere lanaldia kalkulatzeko modua aldatu nahi dute. Zortzi orduko jardunaldiak dituzte, baina enpresak bezeroren bat autoan sartua duten denbora bakarrik kontatzen die lanalditzat. Hori, eta gasolina botatzeko edo autoa garbitzeko beste %30. Hau da: gidariak zortzi orduko lanaldian hamar minutuko ibilbide bat egin duen bezero bat soilik izan badu, enpresak kontatzen du hamahiru minutu egin dituela lan. Ondorioz, beharginek beti dituzte orduak zorretan enpresarekin. «Horregatik esaten dugu ia esklabotza dela gurea», argitu du.

Oraingoz hamalau eguneko greba egingo dute, baina batzordeko kideek argi dute behar izanez gero gehiago deituko dituztela. Gainera, beste enpresako langileak batzen zaizkienean, presio handiagoa egin ahal izango dute. Aurki, bisitari asko izango dira Bilbon; esaterako, BBK Live jaialdia uztailaren 12tik 14ra egingo da, eta orduan garraio publikoaren premia asko handituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.