Egunkari adina komunitate

Midas elkartea osatzen duten 27 egunkarietako ordezkariek parte hartu dute Donostian egin duten batzar orokorrean. Guztiek nabarmendu dute elkarrekin jarduteak duen garrantzia.

Mikel Elkoroberezibar Beloki - Arantxa Iraola
Donostia
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Midas elkartea Europa osoko hainbat lekutako 27 egunkarik osatzen dute. Egunkari horietako asko eremu urriko hizkuntzetan argitaratzen dituzte; esaterako, Dolomiten egunkaria Hego Tirolgo gutxiengo alemaniarrari zuzenduta dago, eta alemanez idazten dute. Hizkuntza gutxituetan idatzitako egunkariei dagokienez, BERRIA da adibide bat. Donostian egindako batzar orokorrean 27 egunkari horietako ordezkariek parte hartu dute. Guztiek nabarmendu dute elkarrekin jarduteak, eta elkarren berri izateak, duen garrantzia.

RAJMUND KLONOWSKI
'Kurier Wilenski'
«Midas elkarteari esker ikusi ahal izan dugu ez gaudela bakarrik»

Lituaniako hiriburuan, Vilniusen, argitaratzen dute Kurier Wilenski egunkaria, polonieraz. 1840an sortu zuen Lituanian bizi den komunitate poloniarrak, eta gaur egun ere argitaratzen jarraitzen dute. Rajmund Klonowski da egunkariaren ordezkaria, eta poloniar komunitatearen garrantzia nabarmendu du: «200.000 inguru poloniar bizi gara Lituanian».

Egunkaria astean hirutan kaleratzen dute. «2.500 irakurle inguru ditugu, eta hamazazpi langilek osatzen dute enpresa», adierazi du Klonowskik. Azaldu du Lituaniako Gobernuak ez diela inolako diru laguntzarik ematen; Poloniak, bai. «Midas elkarteari esker ikusi ahal izan dugu ez gaudela bakarrik», adierazi du.

MARIE BUHL
'Flensborg Avis'
«Gure gastuen erdiak Danimarkako Gobernuak ordaintzen ditu»

Flensborg Avis egunkaria Alemania iparraldean argitaratzen dute, danieraz. 50.000 lagun inguruk osatzen dute Alemaniako gutxiengo daniarra, eta, igandeetan izan ezik, egunero dute haien hizkuntzan egunkari bat irakurtzeko aukera, 1869an sortu zutenetik. «Gure gastuen erdiak Danimarkako Gobernuak ordaintzen ditu», esan du Marie Buhl ordezkariak.

Nabarmendu du Alemania iparraldean danieraz bizitzeko aukera badaukatela: «Gauza gehienak danieraz egin ditzakegu: 40 eskola, kirol elkarteak, zahar etxeak eta egunkaria dauzkagu». Midasi buruz, esan du «interesgarria» dela ikustea «zein desberdinak» diren komunitateak: «Baina zenbat daukagun komunean!».

BOJAN BREZIGAR
'Primorski Dnevnik'
«Utzidazu esatenMidas nire asmakizuna izan zela»

Bigarren Mundu Gerra bukatu berritan sortu zuten Primorski Dnevnik egunkaria, Triesten (Italia). Partisanoek sortu zuten, eta, ordutik, egunero argitaratzen dute, eslovenieraz, Italiaren ipar-ekialdean. «Duela mende bat esloveniar gehiago zeuden Triesten, Ljubljanan baino. Jende ugari galdu genuen faxismoaren erruz, asimilazioarekin, errepresioarekin, eta, ondoren, migrazioekin. 30.000 inguru gara gaur egun», esan du Bojan Brezigar ordezkariak.

«Asko borrokatu ondoren», 2001etik esloveniarrak «ondo babestuta» daude Italian, Brezigarren arabera. Telebista eta irratia eslovenieraz eskaintzen dute, baita egunkaria ere. «Italiako Gobernuak finantzatzen du egunkariaren %50a, eta Esloveniaren laguntza ere badugu», esan du.

Midas elkartearen sorreran protagonismoa izan zuen Brezigarrek: «Utzidazu esaten Midas nire asmakizuna izan zela. Europako Batasunean hedabideak merkatu librearen arauen menpe zeuden, eta estatuek ezin zituzten gutxiengoen hedabideak diruz lagundu. Batera joan ginen Bruselara, eta arrakasta izan genuen».

NINA MAY
'Allgemeine Deutsche Zeitung fur Rumanien'
«Gure egunkaria Errumaniari buruzkoa da, baina alemanez»

Errumanian alemaniarrak komunitate gutxitua dira eta haiei zuzendua da Allgemeine Deutsche Zeitung fur Rumanien hedabidea. 1993an sortu zuten, eta astean bost egunetan ateratzen dute kalera: «Asteartetik larunbatera». Nina May ari da egunkariaren ordezkari bileran. «Gure egunkaria Errumanian alemanez irakurri nahi dutenentzat da; Errumaniari buruzkoa da, baina alemanez». Hizkuntzak ez ezik, gaiak begiratzeko ikuskera «neutral» batek ere inguruko gainerakoetatik bereizten dituela esan du. 10-24 orriko egunkaria izaten da. «Asteburua hurbildu ahala, orri gehiago izaten ditu».Euskarri digitalean ere ematen dituzte berriak.«Interesgarria» iruditzen zaio Midaseko iritzi trukaketa, eta galdera egin nahi izan du berak ere, seguruenera munduko hedabide gehienetan entzuten den itauna: «Irakurtzen al dute zuen egunkaria gazteek?».

MAXIMILIAM GRUBER
'Serbske Nowiny'
«'Serbske Nowiny' da sorabieraz argitaratzen den egunkari bakarra»

Beren egunkaria definitzeko eskatu, eta Maxilimiam Gruber, horra: «Serbske Nowiny da sorabieraz argitaratzen den egunkari bakarra». Zehaztapen gehiago gero. Egunkariaz:«Oso egunkari txikia da gurea, lau bat orri izaten ditu». Hiztun komunitateaz: «Oso gutxiengo txikia ere bagara».Denari erantzun ezin, eta kontatzeko dauden gauza garrantzitsuenak «hautatu» behar izaten dituzte. Egunero ateratzen dute, eta asteburuetan aparteko edizio bat egiten dute. Alemaniako Gobernuak diruz lagundutako egunkaria da. «Gastuaren %75 ordaintzen du», zehaztu du.Gainerakoari harpidedunen bidez-eta jasotzen dituzten sarrerekin erantzutea lortzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.