Urola Kostako Udal Elkartea

Turismo jasangarriaren aldeko apustua Urola Kostan

Urola Kostak Biosphere Certified Destination nazioarteko zigilua lortu du, turismo jasangarrirako kudeaketa sistema integrala sustatzen baitu, 2030erako Agendarekin lotua.

Zumaia
Zumaia herria eta kostaldea. SORAYA LOPEZ
2024ko uztailaren 2a
05:05
Entzun

Urola Kostak Biosphere Certified Destination zigilua du, turismoaren kudeaketa jasangarria eta integrala bultzatzen duen eredua aurrera eramaten duelako. Zigilua lortu duen Gipuzkoako lehen eskualdea da. Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko udalerriak daude Urola Kostako Udal Elkartean.

Administrazio publikoen, enpresa-ehunaren eta herritarren lankidetzan oinarrituta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan (GJH) sostengatutako zigilua da. Gainera, nahiz eta Biosphere zigiluak kontuan ez izan, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdea osatzen duten bost herriek 18. helburu bat gehitu diote, eskualdeko nortasunean hain bereizgarri den euskal kultura eta hizkuntza aniztasuna, hain zuzen. Etengabeko hobekuntza eta ziurtapen prozesu bat da, eta helburu horiei lotutako ekintza plan bat ondu da, ekonomiari, kulturari eta ingurumenari lotutako ekinaldiekin.

Zarautz
Zarauzko merkatua. 'TXIKOTA' BEÑAT GEREKA

Turismoak pisu nabarmena du Urola Kosta eskualdean, eta zuzenean eragiten du alor askotan. Horregatik, hurrengo urterako ekintza-plana ondoko zehar-lerroez osatuta dago: ongizatea, hezkuntza, euskara, energia jasangarria, klima aldaketaren aurkako neurriak eta ekoizpen eta kontsumo arduratsua.

OrioOrioko alde zaharra. ORIOKO UDALA

Turismo Arduratsuaren Institutuak bultzatuta, etengabeko hobekuntza eta ziurtapen prozesuan oinarritzen da Biosphere Certified Destination zigilua. Ondorioz, Garapen Jasangarriko Helburuekin lotutako ekintza plan bat martxan jarri da Urola Kosta eskualdean.

Turismo Arduratsuko Institutua nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta hark kudeatzen du Biosphere zigilua. Ekintza-planaren jarraipena egiten du, eta urtean behin ikuskaritza pasatu, jarritako helburuak bete diren ebaluatzeko, prozesu horren oinarria etengabeko hobekuntza baita.

Aia
Aia herria, mendien artean. AIAKO UDALA

Turismo etiko eta arduratsua

Biosphere Certified Destination zigilua izatea aurrerapauso garrantzitsua da eskualdearentzat, orain arte egindako lanak aintzat hartu baititu Turismo Arduratsuko Institutuak. Hala nola ingurumen-inpaktua minimizatzeko egindako ahaleginak, turismo etiko eta arduratsuaren sustapenari eskainitako dedikazioa, eta abar.

Edonola ere, eskualdearentzako erronka aurrerantzean etorriko da. Izan ere, zigilua berritzeko beharrezkoa izango da Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko udalerrien arteko koordinazioa eta kudeaketa integrala bermatzea. Ez turismo alorrean soilik; izan ere, Garapen Jasangarriko 17+1 Helburuetara gerturatzeko beste hainbat departamenturen lan-lerroak integratu behar dira zeharka.

Getaria
Arrantzale batzuk lanean, Getariako portuan. GETARIAKO TURISMO BULEGOA

Urola Kostarentzat tresna garrantzitsua izango da Biosphere Certified Destination zigilua, datozen belaunaldientzat etorkizun jasangarriago bat eraikitzen lagunduko baitu. Horretarako, lankidetzan aritu beharko du enpresa-ehunarekin eta herritarrekin, turismo arduratsuarekiko konpromisoa eta Urola Kostako kultura eta natura ondarearen zaintza are gehiago bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.