Tolosako Udala

Tolosa, Euskal Herriko haragi moten erakusleihoa

Bertako Haragien Azoka egingo dute Tolosan maiatzaren 2tik 5era. Inguruko ekoizleak eta haragi motak ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Bertako Haragien Azoka (Tolosa)
Bertako Haragien Azokako antolatzaile, ekoizle, sukaldari eta parte hartzaile batzuk, aurkezpenean. TOLOSALDEKO ATARIA
2024ko apirilaren 30a
05:05
Entzun

Euskal Herriko haragi moten erakusleiho izango da Tolosa (Gipuzkoa) maiatzaren 2tik 5era, Bertako Haragien Azokari esker. Lau egun horietan, formakuntza, dastaketak, salerosketa eta festa uztartuko dira, betiere inguruko haragia ardatz nagusia izanik.

Apirilaren 25ean aurkeztu zuten egitasmoa Tolosan bertan Aitor Agirresarobek —Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotzia—, Miguel Cruzek —Carnicas Alejandro Goyako arduraduna— eta Izaro Zubiriak —Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina—.

Ikuspegi aldaketa

Aurreko urteekin alderatuta, ikuspegi aldaketa ekarriko du haragia ardatz nagusitzat duen azoka bereziak, bertako haragien ekoizpenean sakonduko baitu aurten. Modu horretara, inguruko ekoizleak eta beren proiektuak ezagutarazi nahi dituzte, baita haragi motei balioa ere eman eta kozinatzeko moduak erakutsi.

Izan ere, asko dira Euskal Herrian ekoizten diren haragi motak, harategietan eros daitezkeenak edota erretegi eta jatetxeetan dastatu ahal direnak: besteak beste, behikiak, oilakiak, ardikiak, zaldikiak edo txerrikiak. Aukera handi horren erakusle izango da Bertako Haragien Azoka.

«Tolosaren nortasunaren parte izan da haragia; kate osoan, gainera: baserrietako lanetan, erretegi eta jatetxeetako ohituretan, eta, noski, harakinek eraldaketan egiten duten lanaz ahaztu gabe. Gure txikitasunetik sektorea sustatzen laguntzen jarraitu nahi dugu, haragia zentzurik zabalenean eta eskaintza osoa kontuan hartuta. Ohituragatik, askotan, haragi mota bera kontsumitzen bada ere, aukera zabal hori ezagutarazi nahi izan dugu, hainbeste kontsumitzen ez diren haragi motak eta piezak ere erakutsiz. Ekoizleen eta harakinen lanari bultzada ematea eta gastronomia sustatzea dira gure helburuak, eta horregatik zentratu gara eskaintza osoan», azaldu du Aitor Agirresarobek, Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak.

Maiatzak 2: sektoreaz hausnartzen

Azokaren lehen eguna, maiatzaren 2a, ostegunarekin, solaserako eta hausnarketarako eguna izango da. Elkartu eta elkarbanatzen topaketa egingo da Tolosako Kultur Etxean, haragiaren sektoreko profesionalak elkartu, egungo egoeren inguruan eztabaidatu eta esperientzien berri izateko.

Bi ekitaldi izango dira topaketa horretan. Batetik, Nerea Vianak, Sakanako Garapen Agentziako Elikadura teknikariak, Kalaska kooperatiba ezagutarazteko hitzaldia emango du. Hain zuzen, ibarreko abeltzainekin batera, Sakanako hiltegia berritu, eta haragia eraldatzeko zatitze gune kolektiboa sortu zuten. Eredu horren nondik norakoak azalduko ditu hitzaldian.

Ondoren, Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak izeneko mahai inguruan parte hartuko du, sektoreko beste hiru emakume hauekin batera: Izaro Zubiria —Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina—, Helena Muñagorri —Muñagorri Harategiko harakina— eta moderatzaile lanetan arituko den Josebe Blanco —Hausnarrean liburuaren egilea eta artzaina—.

Maiatzak 3: ikusi, ikasi eta dastatu

Ostiralean ere jarraipena izango du prestakuntza eskaintzak, eta Tolosako Zerkausia ikasgela bihurtuko da. Haragiaren ekoizpenari buruz aritu ordez, ordea, zatikatzea eta gastronomia uztartuko ditu Haragi ezberdinen zatikatze eta kozinatzea izeneko ikastaro praktikoak.

Hainbat animaliaren haragi piezak nola zatikatu azalduko du Miguel Cruzek (Carnicas Alejandro Goyako arduraduna). «Batik bat arkumea, behia, txerrikumea eta oilaskoaren inguruko azalpenak jasoko dira ikastaroan. Helburua da etxera eramaten ditugun baina horren ohikoak ez diren piezak aprobetxatzen ikastea», haren hitzetan.

Bien bitartean, alboan, zuzeneko sukaldaritza erakustaldia egingo dute Javi Riverok eta Gorka Ricok (Ama jatetxea), Xabi Gorrotxategik (Casa Julian erretegia), Joxe Mari Barriolak (Barriola harategia) eta Felix Belaunzaranek (Iriarte jatetxea). Bakoitzak bere etxeko espezialitate bat prestatuko du.

Ikastaroa doakoa da, baina ezinbestekoa izango da parte hartzeko tolosakoazoka.eus/haragienazoka webgunean izena ematea.

Maiatzak 4: ekoizleen azoka eta dastaketa

Bertako Haragiaren Azokak dastatzeko aukerak ere emango ditu. Larunbatean, Bertako Haragi Ekoizleen Azoka izango da Trianguloan. Orotara zazpi postu izango dira: Aralarreko (moxal haragia, Amezketa); Zuzitza (txahal haragia, Amezketa); Ueta Etxaldea (txekor haragia, Lizartza); Joseba Altuna (Euskal Herriko baserriko oilaskoa, Amezketa); Perrapa baserria (baserriko txekor haragia, Hernani); Berastegiko arkumea (herriko arkume ekoizle talde bat); eta Amalarre, Izarre-Txiki baserria (galloway eta aberdeen angus arrazetako behien haragia, Bidania-Goiatz). Postuetako batzuek proiektuen inguruko informazioa soilik izango dute, eta beste batzuek salmenta zuzena ere egingo dute.

Haragia dastatzeko aukera ere izango da Trianguloan, bertan haragia erreko baitute aurten ere. Azokako postuetako haragi pintxoez gain, Txomin Parrillak bertako haragi pieza ezberdinak txingarretan erreko ditu, eta pintxoak eskainiko ditu. Hamar arkume —lau burruntzian eta beste sei zikiro erara—, 60 kilo saiheski, hiru Basatxerri urdaiazpiko eta 30 Lumagorri oilasko erreko ditu, hain zuzen, zenbait teknika erabiliz. Pintxoen tiketak egunean bertan erosi beharko dira Trianguloan jarriko den etxolan.

Maiatzak 5: lehiaketa

Igandean, azokako azken egunean, Euskadiko Autore-Hanburgesa Lehiaketaren bigarren aldia egingo dute; iaz egin zuten lehen aldiz. Hanburgesa berritzailerik onena eta hanburgesa tradizionalik onena saritzen dituzte.

Janari furgoneten gunea eta festa giroa Zumarditxikian

Festarako tartea ere izango da. Zumarditxikian, janari furgoneten gunea izango da, haragia oinarri duten proposamen gastronomikoez eta zuzeneko musikaz gozatzeko. Gune hori ostiralean (18:00-00:00), larunbatean (12:00-00:00) eta igandean (12:00-18:00) egongo da zabalik.

Bederatzi postu izango dira gune horretan: Ama, Hacarygua, Goya, Baldorba Ardoteka, Basque Truck, Rafa Gorrotxategi, Iparra Beer, Mawa eta Ondalan. Hein handi batean, Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuekin osatutako jakiak eskainiko dituzte: hanburgesak, taloak, oilaskoa… baita gozoak ere.

Musika eskaintzari dagokionez, hainbat estilotako musika taldeen jendaurreko emanaldiak antolatu dira: STR, Esanezin, Bele, Petti, Andoni Ollokiegi, Ane Martija, DJ Katanga, eta Lilo. Musika ikuskizunen ordutegiak tolosakoazoka.eus/haragienazoka webgunean ikus daitezke.

Egitaraua eta izen emateak

Ekitaldi guztiak irekiak izango dira, eta mokaduak edo edariak hartzeko tiketak leku berean erosi ahal izango dira egunean bertan. Hala ere, osteguneko topaketarako eta ostiraleko tailerrean parte hartu nahi duenak aipatu webgunean izena eman beharko du.

Informazio guztia eta egitarau xehetua tolosakoazoka.eus/haragienazoka webgunean daude eskuragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.