Europako Batzordearen laguntzarekin eta Tecnalia korporazio teknologikoak koordinatuta, Europako hainbat enpresak eta unibertsitatek eraikuntzan erabiltzeko kable robot bat sortu dute, eraikin oso altuetako muntatze eta mantentze lanetarako, hain zuzen ere.
Europako Horizon 2020 programak sustatutako Hephaestus proiektuaren barruan sortu dute kable robota, eta bultzatzaileek aurreikusi dute bost urte barru merkatuan izango dela. Lehen simulazioak egin dituzte dagoeneko, eta egiaztatu da egokia dela errezel hormako fatxadetan aplikatzeko. Horrelako fatxadak erabiltzen dira beiraz inguratutako etxe orratzetan, Bilboko Iberdrola dorrean, adibidez. Gainera, haren doitasun milimetrikoa egiaztatu da, eta ohiko garabi batena baino handiagoa da, garabiarekin lan gehiena eskuz egin behar baita.
Kable robota gai da eraikinetako fatxadetan batetik bestera mugitzeko eta instalazioarekin zerikusia duten lan guztiak egiteko —ainguratzeko materialak jartzea eta gainerako osagaiak mugitu eta instalatzea—, baita mantentze eta garbiketa lanak egiteko ere. Halaber, pieza astunak mugitzeko gaitasuna du, baita forjatuetan zuloak egiteko ere, ainguratze materiala azken posizioan jartzeko eta torlojutzeko. Beste ezaugarri nagusietako bat da gainerako sistemak baino eremu gehiagotara iristen dela, eta biraketa guztiak kontrola ditzakeela, bai eta fatxadaren makurdurara egokitu ere.
Kableen tentsioa, bestalde, denbora errealean monitorizatuta dago, beti eutsita dagoela ziurtatzeko. Izan ere, aurrez ezarritako tarte batetik irteten dela detektatzen badu, sistema berehala gelditzen da. Makineria guztia ordenagailu batera konektatuta dago, eta eskuz erabil daiteke; hala ere, erabat autonomoa da.
Lan arriskuak murriztu
Hephaestus proiektuak proposatzen duen automatizazioak onura hauek ekarriko lituzke: instalazio denborak eta kostuak %20 murriztea; mantentze lanen eta garbiketen urteko kostuak %44raino murriztea, azken emaitzaren kalitatea hobetzea, eta langileen segurtasuna hobetzea.
Kable robota martxan jartzeko, eskulan teknifikatua beharko da, eta segurtasun baldintza hobeetan lan egin ahal izango da; horixe da une honetan sektorearen erronka nagusietako bat.