Oiartzungo Udala

Oiartzungo hizkeraz aritzeko gidaliburua

‘Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida’-k hizkuntza formalean oiartzuera erabiltzeko baliabideak eskaintzen ditu.

'Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida'
Ezkerretik eskuinera, Aiako Harria Gaztelumendi euskara zinegotzia, Itsaso Aldai Oiartzuarren Baitan egitasmoko dinamizatzailea eta Aitziber Arnaiz euskara teknikaria, oiartzuera sustatzeko euskarriekin. OIARTZUNGO UDALA
2024ko abenduaren 3a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara batua 1960ko hamarkadan sortu zen. Mugarri garrantzitsua izan zen euskaldunen historian, euskara esparru formaletan ere erabiltzeko erraztasunak ematen baititu. Hala ere, euskalkiak dira euskararen aberastasunaren iturri nagusia, tokian tokiko hizkerak. Batua eta euskalkiak zaintzea euskarak etorkizuna izan dezan beharrezkoa da, bien artean oreka bilatu, zubiak eraiki eta euskalkietatik baturako bideak jorratzea. Helburu hori du Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak Oiartzungo Udalarekin elkarlanean sortu duen Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida hiztegiak.

Herriko hizkeratik abiatuta, egoera formaletan oiartzuera erabiltzeko irizpideak eta gomendioak proposatzen ditu: administrazioan, hezkuntzan eta komunikabideetan. Idatzian sortzen diren zalantzak eta uste okerrak argitzen ditu, egoera bakoitzean zer eta nola erabili jakin ahal izateko.

Alde beharrean aieka, ondo beharrean ongi, oso beharrean arrunt, ezer beharrean deus, gora beharrean goiti… Euskara batuan onartzen diren oiartzuerako formak jasotzen ditu. Horrela, oiartzueraz baliatuta, euskara batu jatorrago, aberatsago eta adierazkorrago bat egin daitekeela erakusten du Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida-k.

Etxeko eta lagunarteko hizkerari dagokionez, hikari indar berezia eman zaio. Galtzear dagoena —batez ere, emakumezkoekikoa— eta herri hizkeraren berezitasuna dena herritarrei gerturatzea izan da asmoa. Izan ere, komunikatzeko baliabide informalago eta naturalago bat eskaintzen du eta gertutasuna sortzen du hizketa-lagunen artean. Lanketa horren emaitza izan dira hika ikastaroak, ikastetxeetako hika saioak, Hikaldia ekinbidea eta Oiartzungo hika patrikan liburuxka. Era berean, aipagarria da Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak Oiartzungo Udalaren laguntzaz abian jarritako Oiartzuarren Baitan egitasmoa sortu berri den ZirHika taldeko partaidea dela. ZirHika taldea Euskal Herriko I. Hika Topaketaren ondorioz sortu zen eta Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute.

Abiapuntua: Oiartzuarren Baitan egitasmoa

Oiartzungo ahozko ondarea jasotzeko, gordetzeko eta herrira zabaltzeko, Oiartzuarren Baitan egitasmoa jarri zen martxan 2006an. Oiartzungo hizkera biltzea eta, horrekin batera, herriko memoria kolektiboa jasotzea izan zen abiapuntua. 80 bat herritar elkarrizketatu ziren, XX. mendearen lehenbiziko erdian jaiotakoak gehienak, eta baserriaz, gerraz, ekonomiaz, kulturaz eta gizarteko beste hainbat gaiez aritu ziren. Biltzeaz gain, zabaltzea ere bada helburua, horrenbestez, elkarrizketa horiek guztiak gaika eta pasarteka antolatuta, Oiartzuarrenbaitan.eus Interneteko ataria izan da proiektu horren emaitza nagusia.

Herritarren lekukotasun horietan Oiartzungo hizkeraren bereizgarri diren forma mordoxka agertu zirenez, Oiartzungo hizkeraren lehen hiztegi digitala ere aurki daiteke webgune horretan. Hiztegi hori oraindik ere osatzen ari da herritarrek egiten dituzten ekarpenekin.

Halaber, ahozko ondarean Oiartzunen dagoen altxor hori herrira zabaltzeko asmoz sortu zen ...paeta zarrak erantzun! mahai jokoa. Oiartzuarren Baitan egitasmoak jasotako memoria kolektiboa modu dibertigarrian biltzen duen tribial itxurako jokoa da. Oiartzuni buruzko 1.500 galderaz osatua dago, 6 gaitan banatuak. Etxe askotara zabaldu zen, baina oraindik badago eskuratzeko aukera.

Oiartzuarren Baitan egitasmoak hizkuntzaren erabilera esparru guzietan eragin nahi du, informalenetik formalenera, bai ahozkoan, baita idatzian ere. Horrela, 2020an hasi ziren ahozko jarduna eta idatzizkoa nola uztartu lantzen, eta ibilbide horren emaitza gisa, 2022an Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida plazaratu zen. 

Ekarpen ugari

Oiartzuarren Baitan egitasmoan bildutako materialaz gain, Fraile ahizpek 1996an argitaratutako Oiartzungo hizkera liburua ere lagun izan dute gida sortzerakoan. Gainera, herriko irakasle, filologo eta euskaltzale askoren proposamen, iritzi eta ekarpenak jaso dituzte. Horrez gain, hezkuntza, komunikabide eta administrazioko langileekin ere kontrasteak egin dituzte.

Dinamikoa izan nahi du gidak, dokumentu bizia. Horrela, sortzaileek herritarrei elkarlanerako eta ekarpenak egiteko deia egin diete, guztien artean tresna hori osatzen joan eta oiartzuera adostu eta arautzeko.

Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida herriko ikastetxe, eragile eta komunikabideen artean banatu da, eta Urrats paperdendan eskura daiteke, 5 euroren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.