Oarsoaldea Garapen Agentzia

Oarsoaldea familian gozatzeko bost plan

Donostiaren eta Bidasoaren artean kokatuta, Oarsoaldea aukera ezin hobea da familian egun zoragarri bat pasatzeko.

Arditurri Bide Berdea
Bizikletan ibiltzen, Arditurriko bide berdean. MENDI URRUZUNO
2025eko apirilaren 14a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdeko Errenteriak, Lezok, Oiartzunek eta Pasaiak historia, natura, kultura eta gastronomia uztartzen dituzte. Hona hemen bost plan dibertigarri, familian gozatzeko.

Lau Haizeta parkean barrena

Errenteriako Zamalbide auzotik abiatzen da SL-GI 4 Txoritokieta ibilbide homologatua. Bide oso erraza da, Lau Haizeta parkea zeharkatzen du, eta Bizarain eta Txoritokieta tontorren artetik igarotzen da. Bidean zehar, monumentu megalitikoak, baso ederrak eta atseden hartzeko piknik gune bat aurkituko dituzue. Baina plan honen lekurik bereziena San Marko gotorlekua da. Aste Santutik aurrera zabalik dago, eta bertan museoa bisitatu eta begiratokiko ikuspegi zoragarriekin gozatu dezakezue. Kanpoaldean jolas-parke bat ere badago. Familian, naturaz eta historiaurreko aztarnez gozatzeko plan bikaina da.

Lau Haizeta parkea
Lau Haizeta parkean. OARSOALDEA TURISMOA

Arditurriko bide berdea eta meategia

Oiartzunen, Arditurriko bide berdea aukera ezin hobea da bizikletaz edo oinez ibiltzeko. Aiako Harria parke naturaleraino doan bide honek Arditurriko meategira eramango zaituzte. Meategira sartu eta bisitatu daiteke (sarrerak www.arditurribideberdea.eus webgunean). Gainera, app bat deskargatuta (QR) familia osoarentzako jolas interaktibo batekin osatu daiteke esperientzia. Ibilbidean zehar, inguruko jatetxeetan eskaintza zabala dago indarrak berreskuratzeko, bertako gastronomiaz gozatuz.

Arditurriko bide berdea
Altamira-Bordatxo ibilbidea
Altamira-Bordatxo ibilbidea. MENDI URRUZUNO

Orientazio jolasa Lezon

Lezon, Altamira-Bordatxo ibilbidea orientazio jolas batekin egiteko aukera aproposa da. Bidea oso erraza da, eta familia osoak parte har dezake jolasean, orientazio mapa bat erabiliz pistak aurkituz eta helburua betetzen saiatuz. Bidean, gainera, landa paisaiak eta antzinako baserriak ikusteko aukera izango duzue.

Orientazio ibilbidearen mapa eskuragarri dago hemen (QR kodea). Eguna borobiltzeko, Lezoko jatetxeetan bertako sukaldaritza aparta dastatzeko aukera duzue.

Orientazio jolasa Lezon
Pasaiako portua
Pasaiako portua. OARSOALDEA TURISMOA

Pasaia, euskal itsas tradizioaren sorlekua

Pasaia itsasoari lotutako historia duen herri ederra da, eta familiarekin esploratzeko aukera paregabea eskaintzen du. Bertako alde zaharretan ibili, badia zoragarriaren sarreraraino paseatu eta txalupa motordunean alde batetik bestera pasatzea ezinbesteko esperientziak dira.

Gainera, plana  haurrentzat are eta entretenigarriagoa egiteko, turismo bulegoan plano-joko turistikoa eskuratu dezakezue, Pasaia jolasean ezagutzeko. Plan hau tokiko jatetxeetako gastronomia bikainarekin borobiltzea aukera ezin hobea da.

Jantziaren Zentroa
Jantziaren Zentroan. MENDI URRUZUNO

Oarsoaldeko museoetan, historia eta kultura bizirik

Familian egiteko plan dibertigarri gehiago probatu nahi badituzue, Oarsoaldeko museoak horretarako aukera aparta dira:

Arditurriko meategia (Oiartzun): Lurraren sakonera sartuta erromatar garaitik ustiatutako meategi ikusgarri hauek bisitatu ditzakezue.

Luberri Museo Geologikoa (Oiartzun): Bertan gure inguruko aberastasun geologikoa eta paleontologikoa ezagutuko dituzue.

Soinuenea (Oiartzun): Musika tresna tradizionalen bidez, euskal kulturan guztiz murgilduko zaituzte herri musikaren txoko honek.

Arizmendienea (Oiartzun): Etxea hau XVIII eta XIX. mendeetako Gipuzkoako burgesiaren bizimoduaren eredu garbia da.

San Marko gotorlekua (Errenteria): XIX. mendeko gotorleku hau, museoa izateaz gain, eskualdeko begiratoki nagusia da.

Fanderiako Errota (Errenteria): Industriak Errenterian izan duen indarra eta bilakaera aditzera ematen du errotak. Garai bateko errotarriak martxan ikus ditzakezue.

Jantziaren Zentroa (Errenteria): Janzkeraren mendez mendeko bilakaera ezagutzeko parada eskaintzen du museo honek.

Mater ontzi-museo ekoaktiboa (Pasaia): Benetako marinelak bezala, itsas munduan guztiz murgilduko zarete atunontzi tradizional hau bisitatuta.

Albaola Itsas Kultur Faktoria (Pasaia): Euskal baleazaleen abentura historikoak biziberrituko dituzue, ontzigintza tradizionalaren inguruan ikasten duzuen bitartean.

Gainera, museo hauetan eta turismo bulegoetan deskontu eskuorri bat lortu dezakezue sarrerak prezio murriztuagoan eskuratzeko.

Oarsoaldeko turismo bulegoan argibide guztiak ematen dituzte. Errenteriako Madalen kaleko 3. zenbakian dago (turismoa@oarsoaldea.eus, 943-49 45 21).

Euskadi
Gipuzkoako Foru Aldundia
Oarsoaldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.