Esnekiak eta txerrikiak ekoiztea da Mahala baserriko jardueraren helburu nagusia. Helburu hori lortzeko bidean, ordea, baserriaren eta ganaduen kudeaketa zaindu behar da, horiek baitira guztiaren oinarri.
Lan egiteko moduak ere asko aldatu dira azken urteetan, eta Mahalaren egunerokoan garrantzi handia hartu dute naturarekin errespetuz aritzeak, janaria sortzeak dakarrenaz arduratzeak, ingurumenaren eta ekonomiaren jasangarritasuna aintzat hartzeak eta kontsumitzailearengana iristeko moduak lantzeak.
Leaburu inguruko larreak ustiatzen ditu Mahala baserriak, Gipuzkoaren erdialdekoak. Lursail malkartsuak dira baserriko ganadua hazteko eta bazkatzeko, eguraldiak horretarako modua ematen duenean. Naturatik jasotako lehengaia ahal bezain ondo eta ahalik eta gutxien eraldatuta eskaintzea bezeroari, hori da Mahalaren xedea.
Behien esnea, haragia eta ingurugiroa errespetatuz jarduten ikasi dute aurreko belaunaldietatik, eta modu jasangarrian lan egiten dute, ondorengoei ondare hori bere horretan uzteko konpromisoa hartu baitute Mahala baserrian.
Jasangarritasuna ardatz
Mahalan azken urteetan lanketa handia egin da ingurugiroa zaintzeko; lehengaiak, energia eta ura aurrezteko, eta ahalik eta gutxien kutsatzeko. Egindako lanari eta eman diren pausoei esker, ahalegin hori areagotu egin da urtez urte. Birziklagarritasuna, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta karbono aztarnaren eraginak aztertzen eta neurri eraginkorrak bilatzeko lanean ari dira, ingurugiro osasuntsuago baten aldeko apustua eginez.
Azken produktu berriak kartoizko ontzietan aurkeztu dira, plastiko gutxiago erabiltzeko asmoz. Baserriko teilatuan eguzki plakak instalatu dira, eta, energia berriztagarriak erabiliz, CO2 gutxiago sortu dute.
Halaber, ur gutxiago kontsumitzeko eta berrerabiltzea bultzatzeko neurriak hartu dira Mahala baserrian, hala nola ur araztegi bat eraikita. Ur araztegian menditik datorren ura jasotzen da, eta behar duen tratamendua ematen zaio. Ur hori erabiltzen da ekoizpen prozesuan garbiketa eta beroketa lanak egiteko.
Produktu berriak
Azkenaldian, merkatuaren joerari erantzunez, beste gazta mota batzuk egiten hasi dira. Behi gazta freskoaz eta behi gazta samurraz gain, ahuntz gazta eta ardi gazta onduak merkaturatu dituzte, zapore berriak eta askotariko ehundurak eskaintzeko. Gaztanbera da produkturik aipagarriena. Gazta egitean lortzen den gazura berriro landuz lortzen da gaztanbera, gantzik ez duen baina proteinetan oso aberatsa den elikagaia. Gazura aprobetxatzeko erabili izan da baserrietan gazta mota hori, eta inguruan ia galduta zegoen ohitura berreskuratu dute Mahalan.
Ohiko jogurten aukera zabaldu, eta bifidus motako esnekiak ere lantzen dituzte Mahala baserrian, bai zapore naturalekoak eta bai frutekin egindakoak. Kefirra da produkturik berritzaileenetako bat. Sinbiosian dauden hainbat mikroorganismo gehitzen zaizkio esneari, eta hor sortzen den hartzidurak jogurtaren oso antzekoa den elikagai bat sortzen du.
Flanak dira produktu aipagarrietako beste bat. Gure amek eta amonek esnearekin eta arrautzekin egindako postrerik gozoenetako bati ohore eginez, arrautza flanak eta gazta flanak merkaturatu dituzte lehendik dituzten natillekin eta arroz esnearekin batera.
Izozkien alorrean ere jauzi nabarmena egin dute. Orain arte zituzten oinarrizko zaporeak garatu, eta hogeitik gora zapore berri eskaintzen dituzte Donostian duten saltokian.
Bezeroengandik hurbil
Mahala baserrian hasieratik nahi izan dute bezeroengana ahalik eta gehien hurbildu. Horrela, ekoizten duten guztia beraiek banatzen dute herrietako dendetara. Bilboko Alde Zaharrean eta Donostiako Bulebarrean ere badituzte beren produktu guztiak eskaintzen dituzten saltokiak. Horiekin batera, Euskal Herriko kalitatezko jakiak eskura daitezke saltoki horietan. Mahalak bezeroarekin duen harremana hobetzen laguntzen dute saltoki horiek, bezeroak bere eskaera eta iradokizunak zuzenean helarazi ditzakeelako Mahala baserrikoei. Saltoki horiek bat egiten dute Mahalaren filosofiarekin, zerbitzua euskaraz eskainiz eta euskal kultura eta hizkuntza hainbat arlotan bultzatuz eta lagunduz.