Lanbideren tartea

LanMentoring: berariazko laguntza zerbitzu berria, belaunaldi erreleboari ekiteko eta sistematizatzeko

Lanbidek sustatzen duen egitasmo berri honek —Innobasque-rekin elkarlanean— berariazko laguntza eskaintzen du. Doakoa da, eta xede du enpresa txiki eta ertainei laguntzea belaunaldi errelebo arrakastatsua egiten.

LanMentoring laguntza zerbitzua. LANBIDE
2022ko urriaren 3a
09:31
Entzun

LanMentoring berariazko laguntza zerbitzu bat da. Doakoa da, eta enpresa txiki eta ertainak ditu xede —hain zuzen ere, kezka hau duten enpresak: nola ziurtatu langileen edo giltzarriak diren lanpostuen belaunaldi errelebo arrakastatsua, enpresan bertan transmititu edota mantendu dadin dagoen ezagutza—.

EAEko enpresa sareak gainean du belaunaldi erreleboa. Hori dela eta, baliabideak behar ditu oraingo langile taldeak ordezkatzeko; betiere, trantsizio horretan lehiakortasuna galdu gabe.

Egitasmo pilotu honen bidez –Lanbidek sustatuta, Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan–, prozesu jakin bat erraztu nahi da, hartara enpresa txikiek eta ertainek plantillen bizi zikloa aurreikusi, planifikatu eta kudeatu dezaten.

Enpresarako abantailak

• Talentua eta ezagutza ez galtzea.
• Lanpostu gakoen jardunean jarraitzea bermatzea.
• Plantilla motibatzea.
• Garapen profesionala sustatzea —bai oraingo langileengan, bai sartuko direnberriengan—.
• Lanpostuen deskribapena berrikustea.

Zer eskaintzen du LanMentoring zerbitzuak?

Aholkularitza pertsonalizatua, 50 ordukoa eta doakoa.

Neurrira diseinatutako prozesu bat, hiru fasetan antolatuta:
• Diagnostiko azkar bat, zehazteko zeintzuk diren negozioko prozesu kritikoak eta horietan parte hartzen duten pertsonak.
• Aholkularitza pertsonalizatua, lotzeko, batetik, negozioaren beharrizanak, eta, bestetik, Lanbideren kontratazio, prestakuntza eta enplegu tresna publikoak.
• Laguntza zuzena taldean aukeratzen diren kideentzat, ziurtatze aldera haien ezagutza eta esperientzia enpresan bertan geratuko direla.

Emaitzak negoziorako:
• Gehienez ere 6 hilabeteko epean amaituko da prozesua. Bukaeran, gutxienez, zerbitzuan zehar planteatutako ekintzetako bat ezarriko da.
• Taldekideek prestakuntza jasoko dute, aurrerantzean ere modu autonomo batean garatu ditzaten antzeko prozesuak.

Norentzat da?

• Enpresa txikiak eta ertainak (langile-kopurua: 10 eta 249 bitartean).
• Enpresek EAEn egon behar dute.
• Jarduera hauetan lan egin behar dute: industrian, industriari lotutako zerbitzuetan, informazio eta komunikazio sozietatean, logistikan eta handizkako merkataritzan.

Zerbitzu pilotu honetan 60 enpresak parte hartu ahalko dute.

Informazio gehiago eta izen ematea:
https://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/relevo-generacional-y-gestion-de-la-edad-en-pymes_eus


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.