Amaitu da itxaronaldia: heldu da Tolosako babarrunaz gozatzeko garaia. Aurten inoiz baino gehiago atzeratu da uzta, eta horrek Babarrunaren Festa eta Euskal Jaia atzeratzea behartu ditu antolatzaileak: Tolosako Udala, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkartea, Babarrunaren Kofradia eta Gure Kaiola elkartea. Aldaketak aldaketa, festa girorik ez da faltako abenduaren 14an Tolosan (Gipuzkoa).
Azoka, dastatzea eta bi lehiaketa
Trianguloa plaza izango da jaiaren gune nagusia, bertan kokatuko baita Babarrunaren Festako azoka berezia. 15 postu egongo dira, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, eztiak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izango da.
Postuak jartzerako, egosten egongo dira jada babarrunak, su motelean. Izan ere, plazaren alboetako batean, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 30. Lehiaketa egingo da. 06:30ean hasiko dira prestatzen lehiaketan parte hartuko duten 21 ekoizleen babarrunak. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide batek eta Alondegia jatetxeko Andoni Riaño, Ama jatetxeko Gorka Rico eta Iribar jatetxeko Pili Manterola sukaldariek osatuko dute epaimahaia, eta 12:45ean ezagutaraziko dute nor den aurtengo babarrun alerik onenaren ekoizlea.
San Frantzisko pasealekuan, berriz, Gure Kaiola elkarteak antolatutako Babarrun Lehiaketa Gastronomikoaren 37. edizioa izango da. 22 lehiakidek parte hartuko dute, 08:30ean hasita, eta ekoizleen iazko lehiaketan txapeldun izan zen Zumaiako (Gipuzkoa) Joxe Mari Aramendiren babarrunak prestatu beharko dituzte. 13:30ean jakinaraziko du epaimahaiak nor den irabazlea.
Uzta berria dastatzeko aukera ere izango da. Babarrunaren Kofradiak 12:00etan babarrun platertxoak banatuko ditu Trianguloa plazan, eta ondoren, ohitura bihurtu den bezala, herriko elkarte eta tabernetan babarrun jateak egingo dira.
Euskal Jaia: bi erromeria eta txaranga
Goiz osoan ez da girorik faltako: Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri dantza taldea eta trikitilariak ibiliko dira kalez kale.
Arratsaldean, berriz, erromeria eta saio berezia egingo dute, lehen aldiz, herriko trikitilariek, dultzaineroek eta txistulariek. Berdura Plazan izango da, 18:00etatik aurrera.
Erromeriaren ondoren, Jainekin txaranga ibiliko da kalez kale. Bi txanda egingo ditu: lehena 20:00etan eta bigarrena 00:30ean. Tartean, Gozategi taldearen kontzertua izango da, 22:30ean, Plaza Berrian.
Ekoizleen lanari balioa eman nahian
Abenduaren 2an, Tolosako Babarrunaren Festaren aurkezpenean, Aitor Agirresarobek Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azokak Saileko zinegotziak hauxe azpimarratu zuen: «Festa hau kate luze baten azken katebegia da. Ez da soilik ospakizun gastronomiko bat, ekoizleen lana aitortzeko eta bertako produktuen balioa nabarmentzeko aukera ere bada. Aurten, gainera, inoiz baino agerikoagoa izan da lurrarekiko dugun mendekotasun eta lotura. Ez da urte erraza izan ekoizleentzat, baina lan mardulari esker, berriz ere kalitaterik goreneko eskaintza izango dugu».
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkartearen izenean, Xabier Goikoetxeak nabarmendu zuen urte honetan bizi izandakoa ezohikoa bada ere, «ezaugarri bikaineko alea» dela aurtengoa. Babarrunaren uztak aurten izan duen bilakaeraren inguruan, itxaronaldiak merezi izan duela berretsi zuen Babarrunaren Kofradiako Armintz Gorrotxategik, heldutako uzta «zaporetsua eta distiratsua» dela azpimarratu baitzuen.
Autobus zerbitzua Usabaletik
Esneki azoka berezian egin moduan, autobus zerbitzu berezia antolatuko da, kanpotik datozen bisitariek eta eskualdeko herritarrek autoak aparkatzeko erraztasun gehiago izan dezaten. Usabal industriaguneko eta kiroldegiko aparkalekuak erabiliz gero, zuzenean erdigunera autobusez joateko aukera izango da, doan.
Lau geltoki izango ditu. Usabal kiroldegiko, Oria beilatokiko eta Amarotz auzoko Iruñea etorbideko autobus geltokietatik zuzenean erdigunera joango da, eta geldialdi bakarra egingo du, bidaiariak utzi eta hartzeko, Jon Andoni Irazusta (biala) pasealekuaren hasierako geltokian.
Autobus zerbitzua 09:30ean hasiko da kiroldegitik, eta 14:30ean aterako da azken aldiz, industrialdera, Jon Andoni Irazusta pasealekutik. Tartean, etengabe ibiliko da bueltaka. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea jarraituko du egun osoan.
Egitaraua
06:30. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 30. Lehiaketaren hasiera Trianguloa plazan.
08:30. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, Tolosako Babarrunaren 37. Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera San Frantzisko pasealekuan.
09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloa plazan.
11:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio Trianguloa plazan.
11:00. Buruhandi eta erraldoiak Tolosan zehar (Gernikako Arbolatik Trianguloa plazara, eta, ondoren, Alde Zaharreko kaleetan).
11:30. Trikitilariak Tolosan zehar.
12:00. Dantza ikuskizuna, Udaberri dantza taldearen eskutik, Trianguloa plazan (ondoren kalejira Alde Zaharreko kaleetan).
12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera Trianguloa plazan.
12:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio San Frantzisko pasealekuan.
12:45. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa Trianguloa plazan.
13:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa San Frantzisko pasealekuan.
14:30. Babarrun jatea Tolosako elkarte eta tabernetan.
18:00. Erromeria trikitilari, dultzainero eta txistulariekin Berdura plazan.
20:00. Jainekin txaranga Alde Zaharreko kaleetan.
22:30. Gozategi taldea Plaza Berrian.
00:30. Jainekin txaranga Alde Zaharreko kaleetan.