Itsasmuseum itsasora konektatutako museoa da. Bizkaia eta bertako jendeak itsasoagatik eta itsasorako bizi izan dira mendeetan. Itsasoa munduari irekitako ate bat da, eta beste tradizioekin eta kulturekin lotura paregabea. Halaber, itsasoak euskaldunen izaera moldatu du mendez mende.
Itsasmuseumek hori guztia ezagutarazten du, Bilboko itsasadarretik Bizkaiko golkora zabaltzen den itsas unibertsoa. Udarako programazio zabala eta interesgarria antolatu du: erakusketak, bisita gidatuak, udalekuak, ihes gela eta beste zenbait jarduera.
Aldi baterako erakusketak
Robinson: 10 biziraupen istorio aldi baterako erakusketa zabalik dago Itsasmuseumen, giza biziraupenaren eta premia larriko egoeretan pertsonek duten portaeraren gai unibertsala jorratzen duena. Erakusketak hiru gune tematiko ditu: Robinson Crusoe. Liburu baten biografia, Robinsonak Robinsonen aurretik eta Robinsonak Robinsonen ondoren. Robinson Crusoe eleberria da abiapuntua, biziraupenaren eta abenturaren esparruan erreferente handia.
Erakusketa modu didaktiko eta dibertigarrian ezagutu ahal izateko, haurrek Robinson Txikia jarduera egin dezakete.
10 urteko artea portuko edukiontzietan erakusketa ere ikus daiteke. 2013an Itsasmuseumek ekinbide artistiko berritzaile bat jarri zuen martxan Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV-EHU) eta Aurtenetxea Containers enpresarekin lankidetzan. Proiektua UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasleei zuzendutako lehiaketa bat zen, eta itsas edukiontzi batzuetan esku hartzera gonbidatu zituzten. Egitasmoaren helburu nagusia hiriko espazio publikoetan arte urbanoa eta esperimentazio artistikoa sustatzea zen. Ordutik 10 edizio egin dira, eta 10 proiektu saritu. Aurten museoak proiektu irabazle guztien maketak bildu ditu eta maiatzaren 31ra arte ikusi ahal izango dira.
Horrez gain, Gabarra Athletic erakusketa ibiltaria museoko zabalgunean egon eta gero, Barakaldoko BEC erakustazokara eta Plentziara joango da, maiatzean berriz ere Itsasmuseumeko zabalgunera bueltatzeko.

Bisita gidatuak, udalekuak eta ihes gela
Asteburuero, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak antolatzen dira ikasturtean zehar, eta, horrez gain, Itsasmuseumen udalekuak antolatuko dira ekaineko azken astetik uztaileko azken astera arte. 4 eta 12 urte bitarteko umeentzako jarduerak egingo dira, eta jarduera horietan itsas gai ezberdinak jorratuko dira (piratak, olagarroak, itsasoen jasangarritasuna, itsasoaren soinuak, Athletic Gabarrari buruzkoak…), eta normalean pista joko bat eta eskulan bat egiten dira.
Aipagarria da Itsasmuseumen urte osoan hainbat arlotako bisita gidatuak eskaintzen direla, 17:00ak eta 18:00ak bitartean, museoko esparru ezberdinetatik zehar: Erain ontzigintza eta ondare gunea, Erriberako arotzeria, Athletic Gabarra, erakusketa iraunkorra… Familia osoak egiteko bisita gidatu interesgarriak dira. Asteburuetan gainera, Athletic Gabarrara igotzeko bisita gidatuak izango dira. Aurretik izena eman behar da.
Gainera, Itsasmuseumek erronka berri bat proposatzen du: ihes gela. Benetako gertaeretan oinarritutako abentura batean murgiltzen dira parte hartzaileak, zentzumen guztiak proban jarriz, eta ederki pasatuko dute. Sormen handia behar da, baita abilezia, ausardia eta talde koordinazio bikaina ere.
Bestalde, ostiral eta larunbatetan, 21:00etan, Carola garabi ospetsua itsasargi bat balitz bezala funtzionatzen ikus daiteke. Carolaren Arima proiektuak Carola garabiari bizitza ematen dio. Artea, teknologia eta berrikuntza batzen dituen argi-instalazio artistiko bat da, publikoaren gozamenerako. Carola garabia Bizkaiko ikur maitatu eta adierazgarrienetako bat da, Bizkaiko ondare industrialaren pieza oso garrantzitsua.
Belaontzi handien programaren eskutik, udan itsasontzi asko pasatzen dira Itsasmuseumen kaiatik. Mater Museo Ekoaktiboa uztaileko lehenengo astean izango da bertan eta bisita gidatuak, tailerrak eta beste hainbat jarduera eskainiko ditu Zero Zabor Uretan bere kanpainaren baitan. Beste itsasontzi batzuk ere etorriko dira udan.

Piraguan, itsasadarrean
Bilbobentura egitasmoarekin batera eskaintzen den Ezagutu Bilbo itsasadarretik jardueran, bisitariek museoa ikusi eta itsasadarretik piraguan edo padel SUP-ean ibiltzeko, edo ertzeetatik bizikleta irteera bat egiteko aukera izango dute. Uda garaian eskaera handia izaten duen jarduera da.
Musikaz ere goza daiteke Itsasmuseumen. Nave 9 museoko kafetegiaren zuzeneko musika programa oso zabala baita, ia asteburuero kontzertuak daude, udan askotan kapoaldean DJ eta beste motako musikariak aritzen dira terrazan, eta, abuztuan, Aste Nagusian, kontzertu programa bat prestatzen dute zabalgunean.