Eduki babestua

«Industriaren energia beharrak berriztagarriekin asetzeko, eskala handiko azpiegiturak behar dira»

Fagor Taldeak lehentasunen artean ditu energiaren alorreko erronkak, besteak beste, pertsonekin, gizartearekin eta planetarekin finkatuak dituen konpromisoak oinarri izanik.

Aritz Otxandiano Kanpo, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. FAGOR TALDEA
2023ko martxoaren 13a
16:38
Entzun

Energia trantsizioaren bidean urratsak egiteko beharraz mintzo da Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna (Otxandio, 1979), eta argi du noranzkoa zein den: energia berriztagarrietan oinarrituriko eredu bat, tokikoa, eta, ahal den heinean, autosufizientea ere bai.

Azkenaldian, gaurkotasun handia hartu du trantsizio energetikoaren erronkak. Nola eragiten dio horrek industriari?

Bete-betean eragiten dio. Finean, energia kontsumitzaile handia da industria, eta Euskal Herrikoa metalaren eraldatzean oinarriturikoa da, hein handi batean. Metalaren eraldatze prozesuek energia asko behar dute, edozein delarik ere darabilten teknologia; eta, hor, elektrizitatea eta gas naturala dira gehien erabiltzen diren energia iturriak. Beraz, beharrezkoa da enpresok serioski heltzea trantsizio energetikoaren erronkari.

Zer egiten ari da Fagor Taldea trantsizio energetikoaren bidean?

Fagor Taldearen enpresa estrategiak barne hartzen du trantsizio energetikoaren erronka. Zehatz esanda, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu genuen 2021. urtean, eta, horrekin batera, besteak beste, gure lantegien CO2 isurpenak murrizteko helburua, Parisko akordioan finkaturik dauden xedeekin bat eginez. Horrek bete-beteko eragina du energiaren gaian, haren kontsumotik eratorritakoak baitira isuri gehienak. Alde horretatik, erregai fosiletan oinarritua dagoen matrize energetikoa atzean utzi, eta berriztagarrietan oinarritutako beste batera igaro behar dugu, gure kontsumoa aintzat hartuta horrek dituen zailtasunekin. Eta ez gara geurera mugatzen, harago goaz: gizartearen beharrak osoki aseko dituen energia eredu berriztagarrien alde egiteko konpromisoa dugu.

Zenbatekoa da Fagor Taldearen energia kontsumoa?

Fagor Taldeak Euskal Herrian dituen hamahiru lantegiek urtean 310 gigawatt-ordu elektrizitate eta 130 gigawatt-ordu gas kontsumitzen dituzte, gutxi gorabehera. Eta, esan dudan moduan, gure CO2 isuriak murrizte aldera, bi dira erronka nagusiak: batetik, gas kontsumoaren ahalik eta parterik handiena elektrifikatzeko lanean gabiltza, aukerak aztertzen; eta, bestetik, elektrizitate hori energia berriztagarri bidez lortzea dugu xede. Ez dira egun batetik bestera lortzen diren helburuak. Baina jada badugu ibilbide orri bat, eta konpromiso bat. Eta horretan sakontzen segitzea dagokigu.

Posible al da energia hori guztia berriztagarriak erabilita sortzea?

Posible da, bai, baina eskala handiko azpiegiturak behar dira horretarako. Ideia bat egiteko: haize errota bidezko energia berriztagarria erabilita, 6 megawatteko 25 haize errota inguru beharko lirateke Fagor Taldeak Euskal Herrian dituen lantegien energia kontsumoa asetzeko. Energia fotovoltaikoaren aldeko hautua egingo balitz, ostera, 370 megawatt inguruko eguzki parke bat beharko litzateke, 370 hektareakoa, gutxi gorabehera.

Aipatu berri dituzun azpiegitura horien kontra agertu dira gizarteko zenbait sektore. Bateragarriak al dira azpiegitura horien hedapena, eta landa ingurunearen eta biodibertsitatearen zaintza?

Bateragarriak izan daitezen lan egin beharko dugu, ez baitago beste aukerarik. Alegia, klima larrialdia dela medio, beharturik gaude erregai fosilak albo batera uztera, eta, gaur-gaurkoz, teknologia eolikoa eta fotovoltaikoa dira energia masiboki sortzeko ditugun aukera berriztagarri bakarrak. Beraz, berriztagarrietan oinarrituriko energia eredua halabeharra dela esango nuke, nahia edo aukera baino gehiago. Alde horretatik, 2021eko ekainean Greenpeacek proposamen bat egin zuen biodibertsitatearen eta pertsonen errespetuan oinarrituriko energia berriztagarrien hedapenerako. Esango nuke hor egoki jasota daudela bete beharko liratekeen irizpideak eta printzipioak. Bide orri izan daiteke. Beraz, hark jasotakoak aztertzen eta gauzatze aukerak ikusten hasi beharko genuke.

Era berean, zenbait eragile ekologistak adierazi izan dute desazkundea dela aterabide bakarra. Zer ikuspegi du zuen talde industrialak horrelako eztabaida baten inguruan?

Argi dago baliabide mugatuak dituen planeta batean ezin dutela etengabe goraka jarraitu energia eta material kontsumoek, horrek planetaren muga biofisikoekin talka egitera eroango gaituelako, lehenago edo geroago. Are: esango nuke, eta mundu osoko adituek ere hala diote, hasiak garela talka egiten. Beraz, halabeharrez doitu beharko dugu gure kontsumoa. Fagorren hasiak gara jada efizientzia energetikoaren eta ekonomia zirkularraren eremuetan lanean, besteak beste, energia kontsumoa murriztuz, eta gure produktuen ekoizpenean gero eta material birziklatu gehiago erabiliz. Hortik harago joan nahi bada, eta desazkundean oinarrituriko eredu bat bultzatu, jakin behar dugu horrek ondorioak izango lituzkeela gure ongizatean: esate baterako, sektore batzuetan, industriarenean kasu, nabarmen murriztuko litzatekeelako enplegua. Garrantzitsua da horren eraginak mahai gainean jartzea. Finean, aberastasunaren eta ongizatearen alorrean, industria da Euskal Herriko motor ekonomiko nagusia. Zuzenean edo zeharka, jende asko bizi da industriatik, eta, herri moduan ditugun azpiegitura eta zerbitzu publikoak ere, hein handi batean, industriak sortzen duen aberastasunari esker ordain ditzakegu. Hortaz, aldekoak eta kontrakoak mahai gainean jarrita, ikusi beharko genuke prest geundekeen desazkunde prozesua abiarazteko, eta, prest egotekotan, norainokoa litzatekeen desazkunde hori.

Beraz, gauza asko daude adosteko…

Hala da. Eta uste dut beharrezkoa eta presazkoa dela gaiaren inguruko eztabaida sozial bat abiaraztea, gure errealitatea abiapuntutzat hartuta, helburu izanda adostasun zabal bat lortzea egin beharreko bidearen inguruan. Ikusi behar dugu zein azpiegituraren eta kudeaketa ereduren alde egiten dugun, eta, era berean, gure kontsumoa murrizteko zer egiteko prest gauden. Finean, nahitaezkoa da berriztagarrien bidean sakontzen segitzea. Eta hori adostasun ahalik eta zabalenarekin egin beharko litzateke.

Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:www.fagor.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.