Leire Olano eta Garbiñe Etxezarreta Kutxa fundazioko Hitzetatik Ekintzetara programako arduradunak

«Gure helburu nagusia da gipuzkoarren konpromiso ekosoziala modu kolektiboan bultzatzen laguntzea»

Hirugarren sektore ekosozialean aliantzak landu ostean, herritarren aktibazioa lortzeko lanean dihardute Hitzetatik Ekintzetara programaren bitartez.

LEIRE OLANO ETA GARBIÑE ETXEZARRETA
Leire Olano eta Garbiñe Etxezarreta. JON URBE / FOKU
2024ko azaroaren 5a
15:37
Entzun

Garbiñe Etxezarreta (1967, Beasain) eta Leire Olano (1995, Asteasu) Hitzetatik Ekintzetara programako arduradunak dira Kutxa fundazioan. Hirugarren sektore ekosozialaren eta herritarren artean zubilanean dabiltza, aliantzak josten, modu kolektiboan erantzuteko Nazio Batuen Erakundearen 2030erako Agendak ezarritako jasangarritasun helburuei.

Nola sortu zen Hitzetatik Ekintzetara programa, zer helbururekin?

GARBIÑE ETXEZARRETA. Kutxa fundazioan eraldaketa bat izan dugu, eta hor helburu batzuk definitu ziren, lan ildo batzuekin. Ildo nagusia zen helburuak lurreratzea. Prozesu horretan jaio zen Hitzetatik Ekintzetara proiektua.

LEIRE OLANO: Proiektuaren izena bera da deskriptiboa. Herritarren aktibazioa du helburu, eta landu nahi genuen nola jaiotzen den konexio bat herritarrekin. Gizarte eraldaketa sakon bat gertatzen ari da, eta boluntarioen eta auzolanaren kontzeptua ere aldatzen ari den honetan, aktibazio horretara nola iritsi gogoetatu genuen. 2030erako Agendak planteatzen dituen helburuekin lerrokatuta landu genuen, herritarren aktibazioaz ari garenean garapen jasangarriaren helburu horiekin lotura izateko jaio baitzen Hitzetatik Ekintzetara.

G. ETXEZARRETA. Gipuzkoako herritarrengan eta entitateengan zera lortu nahi genuen, konpromiso ekosozial kolektiboa bultzatzea. Herritarrengan eragin nahi genuke, eta zer egin genezakeen pentsatuz abiatu ginen, norbanakoa ukitzen duen kausa horretatik abiatuz. Gu nola engaiatzen gara kausa batean? Ukitzen gaituenean eta bihotzetik.

«Gipuzkoako herritarrengan eta entitateengan zera lortu nahi genuen, konpromiso ekosozial kolektiboa bultzatzea»GARBIÑE ETXEZARRETAHitzetatik Ekintzetara programako arduraduna

L. OLANO: Hori da. Eta oztopo batzuk sumatzen zirenez aktibazio horri begira, pentsatu genuen ea nola sor genitzakeen espazio eta denbora batzuk jendeari eskaintzeko, herritar ez-antolatuari aukerak emateko kausa horiekin inplikatzeko, sektore ekosozialari bultzada bat emateko. Zubi horiek sortu nahi genituzke.

G. ETXEZARRETA: Sektorekoek helarazi diguten kezka handi bat zera da, boluntario falta handia dagoela. Eta horri erantzuteko gogoeta Arantzazulab-ekin egin dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere elkarlanean gabiltza, kezka hori badagoelako.

Nola lurreratzen dira gero proiektu zehatzak?

L. OLANO: Hitzetatik Ekintzetara denbora konkretu batean eta toki jakin batean oinarritzen da. Urte bakoitzean garapen jasangarriarekin lotutako helburu bat hartzen da. Lau fase izaten dira prozesuetan: gaia hautatzean, gai horrekin lanean ari diren eragileak elkartzen ditugu. Azken urteetan 25-30 talde inguru batu izan dira, eta kosorkuntza prozesu bat abiatzen da. Hilabete batez, lau saioen bitartez elikatu egiten dira. Ia sortuta dauden ideia horiek garatu, sakondu edo berriak sortzen dira aliantza berrien bitartez. Prozesu horren bidez klik agenda deitzen dioguna sortu ohi dugu.

Zer da klik agenda?

L. OLANO: Klika deitzen diegu kosorkuntza prozesu horietatik ateratzen diren ekintza konkretuei.

G. ETXEZARRETA: Horregatik esaten dugu konpromisoranzko klika dela.

L. OLANO: Prozesu horietatik ateratzen dira ekintza batzuk; iaz hamasei inguru atera ziren. Klik horien aktibazio bat behar izaten da hor. Ekintza horiek herrietara eramaten dira, eta hor helburua da zenbait elkartek batera prestatu dituzten ekintza horietara herritarrak gerturatzea eta parte hartzea, aktibatzea. Gipuzkoako kaleak hartzen dituzte maiatzean eta ekainean zehar.

Ondoren zer jorratzen da?

L. OLANO: Klikaren ostean, prozesuak topa deitzen diogun fasean segitzen du. Hor saiatzen gara behin ekintza egin ostean, hori guztia nola bildu pentsatzen. Aktibazio puntual bat sortu ostean, hori iraunkorra izan dadin, eguneroko ohituretan txertatzeko. 

Halako tresnak izateak nola eragin dezake Gipuzkoan, herritarren artean?

L. OLANO: Gizarte ez-antolatua hirugarren sektore ekosozial horretara gerturatzeko lan horretan, aktibazio hori garrantzitsua dela iruditzen zaigu, har daitezkeen konpromisoengatik.

Beste hainbat lan lerro ere badituzue. Konpromisoa Bultzatuz lan lerroa azaldu zenezakete?

G. ETXEZARRETA: Gizartea garatzen ari da. Garapen hori jasangarri izan dadin, konpromiso ekosoziala edukiko duen jende multzoa behar dugu. Alde horretatik, Nazio Batuen 2030erako Agendak ere garapen jasangarrirako 17+1 helburu definitu ditu. Kutxa fundazioak ibilbide horretan eragile aktibo izan nahi du. Lan ildo horren bitartez konpromiso ekosozial hori bultzatu nahi dugu.

Elkarlanean aritzen zarete, ordea, ezta?

G. ETXEZARRETA: Guk bakarrik ezin dugu. Guk ekarpen txiki bat egin dezakegu, eta erronka handi horiek denon artean lortu beharko dira. Konpromiso hori bultzatzea eta aktibatzea da helburua, eta horretarako tresnak sortu nahi ditugu.

«Uste dugu norbait inguruko kausekin inplikatzen denean hor eraldaketa bat sortzen dela, eta aktibatzen garela»

LEIRE OLANOHitzetatik Ekintzetara programako arduraduna
Zer onura ekar diezazkioke komunitateari?

L. OLANO: Uste dugu norbait inguruko kausekin inplikatzen denean hor eraldaketa bat sortzen dela, eta aktibatzen garela. Zenbat eta pluralagoa, orduan eta baliagarriagoa da. Behar ezberdinen arteko konexioa sortzen denean gertatzen delako eraldaketa. Elkarlan horretan, eguneroko dinamiketatik ateratzen gara, eta iristen gara gu bakarrik iritsiko ez ginatekeen lekuetara, ideietara…

G. ETXEZARRETA: Askotan gure ikuspuntutik eragiten saiatzen gara, baina beharbada ez gara kontziente beste hainbat ertz ere badaudela, eta kolektibotasunak eta aniztasunak horren kontzientzia ematen digu. Ikusten dugu nola kausa bera beste begirada batzuekin ere landu daitekeen, eta guztiak dira osagarriak.

Beste proiekturen bat azpimarratuko zenukete?

G. ETXEZARRETA. Gure helburu nagusia da gipuzkoarren konpromiso ekosoziala modu kolektiboan bultzatzen laguntzea. Horretarako pauso batzuk ikusten ditugu: batetik, hirugarren sektore ekosozial indartsua dago Gipuzkoan, eta hori aitortzea garrantzitsua da. Hori sendotzen lagundu behar genuke, eta horretan dabil Aztarna Ekosoziala programa. Bestetik, herritarrengan zuzenean eragiteko daukagu Hitzetatik Ekintzetara programa. Eta, azkenik, Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuetan 17.a da aliantzak sustatzearena, eta hori lantzeko bultzatzen dugu Saretuz Eraldatu programa. Bi eremu nagusitan indar egin nahi genuke hemen: bidezko trantsizio ekologikoa bizkortzean eta Gipuzkoan desberdintasunak gutxitzean. Erronka horiei aliantza bidezko erantzun holistikoa emango dieten proposamenak bultzatzeko, Desafio Ekosozialetarako Aliantza izeneko deialdi bat sortu dugu programa horren barnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.