Araba eta Bizkai artean Gorbeia mendia dago, inguru natural paregabe batean. Naturagune eta paisaia liluragarriez, ondare aberatsaz, euskal kulturaz eta tradizioez, historiaz, mitologiaz, gastronomiaz, kirolaz, abenturaz eta lasaitasunaz gozatzeko ezin hobea da.
Mendiko aire garbia arnastu daiteke Gorbeian. Inguruetan, euskal kultura bizitzeko eta sentitzeko Arabako eta Bizkaiko hainbat herri daude. Biztanleak abegitsuak dira, eta atsegin handiz hartzen dituzte bisitariak, giro on eta sano batean. Errutinatik deskonektatzeko eta bidaian zehar beste bizimodu batean murgiltzeko bizipenak eta esperientziak bilatzen dituzten pertsonentzako guztiz aproposa da Gorbeiaren euskal funtsa bizitzea. Opor egunez eta aisialdiaz lasai gozatzeko, presarik gabe.
Naturagune aparta
Gorbeiako Parke Naturala Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) parke naturalik zabalena da. Bere gailurra Gorbeia mendia da, eta euskal mendizaletasunaren ikurra den gurutze ospetsuaz apainduriko tontor ezaguna du. Gailurra, gurutze ospetsua, 1.481 metrora dago.
Gorbeiako Parke Naturaleko %70 pagadiek, hariztiek, pinudiek eta larreek hartzen dute, eta bertako espezieak libre bizi dira: besteak beste, pottokak, ardi latxak, terreña behiak eta behi piriniotarrak, edo azpigorri ahuntzak.
Aipagarria da, halaber, EAEn espezie mehatxatu gisa katalogatutako espezieak daudela: igaraba, desman piriniotarra, buztanikara horia edo ur-zozoa, adibidez. Oreina ere ikus daiteke, eta hura da parkeko espezie enblematikoa.
Parkeko zelaietan makina bat txabola eta saroi daude, artzaintza tradizio garrantzitsuaren ispilu, eta burdinolak edota landa-arkitektura tipikoko baserriak aurki daitezke.
Familiarekin edo lagunekin, une ahaztezinak bizi daitezke Gorbeiako inguruetan, eta txango ederrak egin, oinez, bizikletaz eta baita zaldiz ere, paisaia ederren artean. Izan ere, Gorbeiako inguruetan bidezidor sare trinko bat dago xendazaletasunaz gozatzeko eta mendi-ibili politak egiteko, eta mendiko edo errepideko bizikletarekin Gorbeia Bira ibilbidea egin daiteke —proiektuan hainbat establezimendu parte hartzen ari dira—. Zaldiz ibiltzea atsegin dutenek Eribe inguruan egin dezakete, Zigoitian (Araba). Helduak zaldi gainean ibiliko dira eta txikienak, poni batean.

Museo interesgarriak
Inguruko kultura eta ondareaz jabetzeko aproposak diren bi museo daude inguruetan; euskal tradizioak gordetzen dituen inguru pribilegiatu horren aberastasun naturala, eta bertako ondarearen eta kulturaren balioa bertatik bertara ezagutzeko balio dutenak.
Legution (Araba) dagoen Ollerietako Euskal Buztingintza Tradizionalaren Museoak euskal zeramika tradizionalaren ondarea gordetzen du birgaituta dagoen antzinako familia tailer batean. XVIII. mendeko labe bat ere badu, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean monumentu izendatua dagoena. Bisitariek tailer praktiko batean parte har dezakete, non artisau-prozesua esperimentatuko duten. Blanka Gomez de Segura buztingileak zuzentzen du proiektua. Buztingile horrek bizirik mantentzen du lanbide hori, eta piezak jartzen ditu salgai museoko dendan.

Diman (Bizkaia) dagoen Antzasti museoan, berriz, erakusketa gune ikusgarri bat dago, eta bisita gidatuak egin daitezke, ikuspegi femeninotik, oso interesgarriak diren azalpenak entzuteko. Antzasti Euskaldunon Etxea museo etnografiko bat da, historiaren funtsezko garai batean, industria-iraultzaren garaian, oso desberdinak ziren bi bizimodu erakusten dituena. Museoa denboraren kapsula bat da, arreta handiz apaindutako eta testuinguruan kokatutako giroen bidez, baserri tradizionalaren eta Bilbo hiritar eta industrialeko XVIII. mendeko etxe burgesen bizimodua, aisialdia eta lana erakusten dituena.

Esperientzia ahaztezinak
Gorbeian, tontorra egitea ez da soilik mendi tontorrean dagoen gurutzera iristea, baizik eta inguruaren funtsa definitzen duten esperientzia ahaztezinak bizitzea.
Bertako gastronomia ezagutzea da, nekazaritzako elikagaien bidez (eztia, garagardoa, sagardoa, txakolina, txorizoa, Idiazabal gazta, euskal pastela, marmelada, ahabi eta sagar zukua, eta abar), herrietako merkatuetan eta egin daitezkeen esperientzia gastronomikoen bitartez.
Ingurune aldakor baten edertasuna mirestea da, urtaro bakoitzean eraldatzen diren paisaiekin: urtegiak eta barruko itsasoa, pagadiak, haitzuloak, ur-jauziak, menhirrak, eta flora eta fauna aberatsa.
Euskara entzutea, lehen hitzak euskal hizkuntzan ahoskatzea eta euskal nortasuna islatzen duten tradizioetan parte hartzea eta abentura bizitzea da.
Gorbeiako inguruetan esperientzia liluragarri asko egin daitezke, besteak beste:
•Hontza Extrem (Zuhaitzetako abentura).
•Euskal buztingintza tradizionala.
•Piknika gurpil gainean.
•Bisita gidatuak Gorbeian.
•Artzain izatea egun batez.
•Golfa mendi artean.
•Hipika (Gorbeia zaldiz).
•Espeleologia eta eskalada.
•Iturrieta sagardotegian txotx egiteko aukera.
Gorbeia inguruari buruzko informazio guztia jakin daiteke Wikiloc, Facebook, Instagram, X eta YouTube sare sozialen bitartez (Gorbeia Euskadi).