Abentura eder bat bizitzeko ez dago urrun joateko beharrik. Geoparkea ibilian-ibilian ezagutzeko zeharkaldi ikusgarria sortu berri dugu. Egun askoren premiarik ere ez dago: Geoparkeko Biraren 54 kilometroak hiru eguneko ibilaldian osatu daitezke. Flysch paisaia entzutetsuan ibili eta zeruertzaren ikuspegi ederrekin gozatzeaz gain, barnealdeko landazabaleko belardi eta basoen artean ere ibiliko zara. Deba, Mutriku eta Zumaia lotzen ditu ibilbideak eta norberak aukeratu dezake non hasi eta non bukatu.
Euskal Kostaldeko Geoparkean lehendik dauden hainbat bide eta bidexken batura da Geoparkeko Bira eta horietako tarte batzuk interpretatuta daude, Geoibilbideak, kasurako. Jende ugarik ezagutzen ditu Talaia bidea edo Donekajue Bidearen Zarautz-Deba etapa; baina ezezagunagoak dira Lasturko Kanala, Olazko bailara edo Historiaurreko Bailararen hainbat txoko. Beraz, oso ibilitako parajeetatik atera eta altxor ezkutu batzuk aurkitzeko modu ona ere bada zeharkaldi berri hau.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da, 2010az geroztik. Unesco erakundearen Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen 2015ean, balio bereziko toki eta paisaia geologikoen garrantzia azpimarratzen duen izendapena. Lurraldea zeharkatzen duen Geoparkeko Biraren hiru etapak kostaldean hasten dira. Horietako bat Kantauri itsasertzetik doa, osorik; gainerako biak, berriz, barnealdean murgiltzen dira.
Geologiaren maisulanak
Geoparkeko Bira zure erritmoan eginez, bertatik bertara ezagutuko duzu flyscha, Lurraren historiako 60 milioi urte baino gehiago liburu handi baten moduan jasotzen duen harkaitz-geruzen eraketa ikusgarria. Barnealdeko paisaia bikainetan ere murgildu zaitezke kobazuloetan, hustubideetan eta dolinetan azaleratzen den karst misteriotsua ezagutzeko. Bertako zeruertz berde ederraren patxadak inguratu egingo zaitu.
Geoparkeko Bira, zati handi batean, etengabeko igoerak eta jaitsierak dituzten bidezidorretatik igarotzen da. Tarte batzuk lauagoak eta errazagoak dira, eta beste batzuk, berriz, malkartsuagoak. Exijentzia edo zailtasun maila ertaina da, batez ere etapen luzeragatik. Aldiz, oso erraza da ibilbideko mapak eta trackak deskargatu eta trazatutako ibilbideari jarraitzea, bidean zehar jarritako seinaleztapen bertikaletan aurkituko duzun QR eta informazioari esker.
•Mutriku-Deba etapa (16,6 km): Flysch Beltzean hasi, eta Arnoko artadia zeharkatzen duen etapa. Itsasoa eta lehorra egun berean, euskal tradizioak gordetzen dituzten baserriz inguratuta.
•Deba-Zumaia etapa (19,7 km): Historiaurreko Bailara igaroko dugu Deba ibaian gora Lasturko uraren kanalarekin bat egin arte, Birako tarterik politenetarikoa da hau. Ohikoa ez den bidetik iritsiko gara Zumaiara Geoparkeko beste ikuspegi bat ezagutuz.
•Zumaia-Mutriku etapa (17,7 km): Ekialdetik mendebaldera alderik alde zeharkatzen duen ibilbidea. Lurraren historiaren zehar ibiliko gara flyscharen edertasunaz gozatuz.

Naturan murgiltzeko eta kontenplaziorako denbora preziatua har dezakegu. EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA
Etapa guztietan garraio publikoa erabil daiteke, baita logistika eta ostatu azpiegitura egokia ere, ibilbidean zehar dauden establezimendu aniztasunari esker (tabernak, jatetxeak, nekazaritza turismoak, hotelak, kanpinak, eta abar).
Lurraldeak mendi-ibilaldiak egiteko duen erakargarritasunetik haratago, zeharkatzen dituen paisaien aberastasun naturalean eta edertasunean datza Geoparkeko Biraren balio nagusia. Baliabide natural hori gozatzeko eta sustatzeko dugun erantzukizunaz jabetuta, ezagutzera eman nahi dugu Geoparketik. Horregatik, bisitari guztiak gonbidatu nahi ditugu hura mantentzeko eta kontserbatzeko lanetan aktiboki parte hartzera.
Patxadaz ibili. Paisaia entzun. Begiekin arnasa hartu. Ibili-ibili eginda, Geoparkeak sorginduko zaitu!